San Antonio eguna ospatuko dute zapatuan
San Antonio egunez elkartzeko ohiturari eutsiko diote beste urte batez, Errigoitin eta Abiñan. Errigoitiko Ekimen Taldeak Ikuilu Alkartearen laguntzagaz antolatuta ospatuko dute eguna errigoitiarrek; zapatuan [ekainak 13] 14:30ean, Ikuilu Alkartean bilduko dira, herri bazkarirako. Musikak girotuta pasatuko dute eguerdi eta arratsalde partea.
Bestalde, Busturiko Udalak egun osoko egitaraua prestatu du. 11:00etan txistularien kalejiraren hotsekin esnatuko dituzte bazterrak, eta 12:30ean meza nagusia entzuteko batuko dira, Andoni Baselizan. Ondoren, Etxebarria trikitilariek soinuztatuko dute ingurua, eta urtero arrakastatsua izaten den sardina-jana ez da faltako. Jakinarazi dutenez, euro 1 ordainduta, bost sardina jasoko dituzte herritarrek. 19:30etik aurrera, berriz, kantu kantari saioarekin gozatuko dute, eta 20:30ean hasiko dute pintxo-potea. Gainera, San Antonio eguna biribiltzeko, erromerian batuko dira, Joxe Mendizabalekin, 21:00etik 23:00era bitartean.