Gautegiz Arteagako III. Azoka, herriko plaza janzteko prest
Nekazal eta artisau azoka egingo dute zapatuan [ekainak 13], 11:00etatik aurrera, Gautegiz Arteagako Herriko Plazan.
Aurten BBK-ko postuak ipiniko dituzte; udal ordezkariek jakinarazi dutenez, hogei ekoizle eta sei artisau egongo dira euren produktuak saltzen. Horrez gain, 13:30ak aldera, Sustabiz Fundazioko kideek herri kirol saioa eskainiko dute. Besteak beste, Arteagako harri gorriagaz egingo dute harri-jasotze erakustaldia. Umeek ere herri kiroletan aritzeko aukera edukiko dute, saio parte hartzailean.
Herri kirolen ostean, berriz, bertako ekoizleen produktu-sorta zozketatuko dute.
Lehenengo sektoreari bultzada emanez, jai giroa nagusi izango da zapatuan, eta bertako zein inguruko herritarrak plazara hurbiltzea espero dute. “Lehenengo sektoreko ekoizle eta artisauei laguntzea beharrezkoa dela uste dugu. Inguruko ekoizleak bertora ekartzen saiatzen gara, eta ikusten dugu urtero-urtero jende gehiago animatzen dela. Eguraldi oso ona dago iragarrita, eta uste dugu jendea animatuko dela. Gainera, osotasunean amaituta dagoen plaza estreinatuko dugu”, adierazi du Patrik Saitua Betanzos Gautegiz Arteagako alkateak.