Bost urteren ostean, Busturialdera bueltatu da Gure Zirkua
Ekainaren 12tik 28ra bitartean, 11 emanaldi eskainiko ditu Gure Zirkuak Bermeon.
Bederatzigarren biran murgilduta dago Gure Zirkua. Bermeora heldu da, eta datozen egun eta asteotan, 11 emanaldi eskainiko dituzte, Matxitxako Bideko zelaian (kanposantu parean) ipini duten karpan. Horietan lehenengoa bihar [ekainak 12] eskainiko dute.
Apirilaren 25ean Olaberrian ekin zioten birari eta bertan eta Oñatin birako lehenengo 25 emanaldiak “arrakasta handiz” eskaini ondoren eta Gipuzkoa atzean utzita etorri dira Bizkaira Gure Zirkuko kideak. Bost urteren ostean bueltatu dira Busturialdera, eta “ilusio handiz” iragarri dituzte Bermeoko emanaldiak. Sarrerak www.gurezirkua.eus webgunean eskuratu behar dira.
Xaribaria, elkarrekin, lagunartean edota familian sortutako une koloretsu, alai eta baikor gisa aldarrikatzen ari dira. Xaribaria, zintzar-hotsa edo galarrotsa deritzona Erdi Aroan, Europa mendebaldean, norbaiti burla edo zentsura egiteko herriko jendeak eginiko zarata-hotsa da, besteak beste, Euskal Herrian, bigarren ezkontzetan erabilia. Denboraren poderioz, baina, xaribaria herri antzerki mota bat bilakatu zen; dantza, musika, kantua, bertsoak eta antzerkia uztartuz, epaiketa baten itxuran gizarte-kritika zorrotza egiteko baliatzen zena. Gure Zirkuko kideek esan bezala, gerora, zirku garaikideak egin du bere xaribaria; pistara elkarrekin agertzen direnean, zirkuko kide guztiek eragiten duten algara, zalaparta eta poztasunari deitzen zaio xaribaria: Azken xaribari horixe da Gure Zirkuak bederatzigarren bira honetan aldarrikatu nahi duena, are gehiago munduak gero eta nahasiago eta ilunago dirudien honetan”.
Emanaldiak:
- Ekainak 12 (barikua), 19:00etan
- Ekainak 13 (zapatua), 12:00etan eta 18:00etan
- Ekainak 14 (domeka), 17:00etan
- Ekainak 19 (barikua), 19:00etan
- Ekainak 20 (zapatua), 12:00etan eta 18:00etan
- Ekainak 21 (domeka), 18:00etan
- Ekainak 26 (barikua), 19:00etan
- Ekainak 27 (zapatua), 18:00etan
- Ekainak 28 (domeka), 12:00etan