Hogei urteko bidea omentzeko erraldoikada
Bermeoko Erraldoien Konpartsaren 20. urteurrena ospatzeko Erraldoien Topaketa antolatu dute domekan [ekainak 14], eta 30 erraldoi inguru bilduko dira herriko kaleetan zehar. Erakusketak ere antolatu dituzte, Arrantzaleen Musoean eta Nestor Basterretxea aretoan ikusgai daudenak.
Bermeoko Erraldoien Konpartsak asteburu berezia du aurretik. Sorreratik hogei urte betetzen dira aurten, eta efemeride berezia ospatu, egindako lana balioan jarri eta ibilbidea herritarrekin partekatu asmoz, hainbat ekimen antolatu dituzte datozen egunerako. Konpartsa herriko jai-giroaren, kultur transmisioaren eta Bermeoko herri nortasunaren parte bilatu da azken bi hamarkadetan eta, domekan [ekainak 14] Erraldoien Topaketagaz egindakoa ospatu eta ibilbidea posible egin duten herritar eta boluntarioen konpromisoa eskertuko dute.
Anton, Josefin, Lorentzo eta Mari ez dira bakarrik egongo, urtemugaren unerik esanguratsuenak Euskal Herriko hainbat txokotako konpartsa eta erraldoiak ekarriko baititu Bermeora. Iruñeko Sanduzelaiko Erraldoien Konpartsak, Deustuko Ondalan konpartsak, Lekeitioko LEBE konpartsak, Donostiako Irrintzi konpartsak, Urduñako Bihotza Konpartsak, Arrasateko Erraldoien Konpartsak eta Mundakako Erraldoiek ez dute hitzordua galdu nahi izan, eta Bermeoko kaleak zeharkatuko dituen erraldoikadan parte hartuko dute domekan, 11:00etatik aurrera. Guztira 30 erraldoi inguru izango dira
Sanjuanportalen hasiko dute ibilbidea, Alde Zaharretik igaro eta Goiko Plazara iritsi arte: “Goiko Plazan balsa dantzatuko dugu denok batera, eta atsedenalditxoa hartzeko ere aprobetxatuko dugu”, azaldu du Joseba Batiz Bilbao Bermeoko Erraldoien Konpartsako presidenteak. Indarrak berreskuratu ostean, erraldoikadak Lamerarako bidea hartuko du, bertan ere dantzaldia egiteko. Orduan bai, konpartsa guztiak portura joango dira eta bertan, konpartsa bakoitzak banan-banan dantzatuko du. Azkenekoz elkarrekin dantzatuta, Polonesaren erritmora agurtuko dute topaketa. Aurreikuspenak betez gero, 14:00ak aldera amaituko dute jaialdia.

Konpartsako presidenteak erraldoikadaren antolakuntzan parte hartu duten, zein topaketan parte hartuko duten lagun guztien lana eta ekarpena eskertu ditu, baita azken hogei urteetan bidelagun izan dituzten pertsona guztiena ere: “Erraldoiak sorbaldan eraman dituztenei, jantziak josi eta zaindu dituztenei, antolakuntza lanetan aritu direnei, laguntza eman duten erakunde eta elkarteei, eta, oro har, urte hauetan guztietan konpartsaren jarduera babestu eta hauspotu duten herritar guztiei, eskerrik asko”.
Argi dute ibilbidea ez dela soilik taldearen lorpena, “herri oso baten inplikazioaren , konpromisoaren eta maitasunaren emaitza” baizik. Horregatik, eta hogeita hamar erraldoi elkartzea “gauza handia” dela eta giro “ederra” sortuko dutela sinetsita, erraldoikadagaz bat egiteko gonbidapena luzatu die Batizek bermeotarrei: “Zorionez eguraldi ona espero da, beraz, jendea animatu dadila etortzera; hondartza bihar ere bertan egongo da, baina Erraldoien Topaketa hau behin bakarrik ikusi ahalko da”.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak ere kalera irten eta erraldoiez gozatzera deitu ditu herritarrak: “Erraldoiak ez dira bakarrik kaleetan dantzan ikusten ditugun irudi ikusgarriak; herri baten historia, nortasuna eta memoria ere badira. Belaunaldi ezberdinak elkartu dituzte, ilusioak piztu dituzte eta, urte luzez, bermeotar askoren bizipenetan lekua egin dute”. Domekako hitzordua, konpartsaren ibilbideari aitortza egiteko aukeraz gain, herri oso batek bi hamarkadatan eraiki duen “ondarea aitortzea” ere badela uste du alkateak. Izan ere, Anton, Josefin, Lorentzo eta Mari jaietako elementu hutsak baino gehiago dira bermeotarrentzat, herritarren oroimenean sustraitutako ikur bihurtu dira.
Bermeoko Udalaren izenean, erraldoien konpartsako kideak, bai egun kide direnak, bai aurreko urte guztietan beraien “denbora, ahalegina eta ilusioa” eskaini duten guztiak zoriondu ditu Nemehk: “Gure erraldoiek, hogei urte geroago, oraindik ere irribarreak pizten dituzte eta Bermeoren izena harrotasunez eramaten dute, Jarrai dezatela, urte askotan, gure kaleetan historia eta ilusioa eskutik helduta dantzatzen”.
Bi erakusketa.
Egun handia iritsi bitartean, Bermeoko Erraldoien Konpartsak giroa berotzen hasteko beste egitasmo batzuk ere bultzatu ditu: domeka bitartean konpartsaren historian zehar bidaiatu eta erraldoien mundura hurreratzea ahalbidetuko duten bi erakusketa izango dituzte martxan.

Konpartsaren ibilbidearen erakusketa, Arrantzaleen Museoan.
Lehenengo erakusketa Arrantzaleen Museoan kokatuta dago, eta bertan, konpartsaren 20 urteko ibilbideari errepasoa egiten dioten argazkiekin eta ikus-entzunezko materialagaz gozatu daiteke. Domeka bitartean museoaren ohiko ordutegian bisitatu ahalko den erakusketak konpartsaren sorreraz geroztik bizitako une bereziak, egindako bidaiak eta antolatutako jarduerak ezagutzeko aukera eskainiko die bisitariei.
Bestetik, Nestor Basterretxea aretoan erraldoien panpinak, jantziak eta konpartsaren jarduerarekin lotutako objektu eta bitxikeriak ikusteko erakusketa antolatu dute: “Erakusketa oso polita da, eta lehen egunetan jendearen erantzuna ona izan da”, nabarmendu du presidenteak. Erakusketa zapatura [ekainak 13] arte bisitatu ahalko da, 19:00etatik 21:00etara bitartean. Bertaratzen direnek, gomazko 335 erraldoien panpinak ikusteko aukera edukiko dute, atzean dagoen lana eta ondare materiala gertutik ezagutzeko.
Gomazko panpinak dira, hain zuzen ere, konpartsak eta udalak esku artean duten beste proiektuetako bat: “Urte asko daramatzagu gure erraldoien gomazko panpinak lortu nahian, jende askok eskatzen dizkigulako. Guretzat ezinezkoa da proiektu hori aurrera eramatea, diru asko suposatzen duelako, horregatik, udalarekin harremanetan jarri ginen, eta panpinak egiteko prest agertu dira”, eskertu du Batizek. Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak iristerako panpinak eskuragarri egotea da helburua. Udalak ere “ilusio handiz” bizi du erraldoien panpinen proiektua, herriaren ondare kulturala indartu, berritu eta hurrengo belaunaldiei transmititzea ahalbidetuko duelako.
Indarberrituta.
Konpartsa osasuntsu ailegatu da hogeigarren urteurrenera, baina ibilbidea ez da beti horren oparoa izan. Zazpi bat lagunez osatutako taldeak sustatu zuen sorrera 2006an, eta geroztik “gorabehera asko” izan dituzte: “Jendearen joan-etorria dela eta, pandemia aurretik konpartsa bertan behera utzi beharko genuela uste genuen”. Orduan baina, gazte belaunaldi berriak aurrerapausoa eman eta erraldoi konpartsagaz bat egin zuen, “ikaragarrizko bultzada” emanez.

Gomazko 335 panpin daude ikusgai Nestor Basterretxea aretoanBermeoko Erraldoien Konpartsa
Gaur errealitatea bestelako da, konpartsak adin guztietako “jende nahiko” mugitzen baitu. Gazteak ere eskertuta daude, beraien tokia eman dietelako: “Zaharragoak dira, baina gurekin oso oso jatorrak izan dira; beraiek bultzatu gaituzte bat egin eta beraiekin ateratzera”, nabarmendu du Naia Urkidi Barbas konpartsako kideak. Konpartsako kide zaharrenetik gazteenera 50 urte inguruko aldea badago ere, “oso ondo moldatzen” dira, eta gustura dabiltza denak: “Izugarrizko giroa sortzen da; ekitaldiren batean parte hartzen dugunean, behin amaitu eta erraldoiak alde batera uzten ditugunean, gazteak gurekin geratzen dira, lagunekin eta beraien adinekoekin joan beharrean. Hori guretzat gauza handia da”, nabarmendu du Batizek.
Urkidik hogei urte beteko ditu aurten, eta ez du erraldoien konpartsa gabeko Bermeo ezagutu. Batizek, ordea, bai: “Naia erraldoiekin jaio da; nik umetan antzinako erraldoi eta buruhandiak ezagutu banituen ere, urte tarte bat egon zen ezer egon ez zena. Zorionez, gaur egun lan ona egiten dugula uste dut; jendeak ezagutu gaitzan lan egiten dugu”. Herritarren erantzunagaz pozik daude, kalera irteten diren bakoitzean “ondo erantzuten” dutelako. Hala, hogei urtez beraiekin batera dantzan aritu direnak domekan ere bidelagun izatea espero dute.