Herritarren artean jarduera fisikoaren ohitura sustatzeko orientazio zerbitzu berria dauka Bermeok
Bermeoko Udalak Biztu Bermeo Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzua aurkeztu du. Aholkularitza zerbitzuan, Iñigo Iriondo bermeotarrak erabiltzaile bakoitzaren egoera aztertuko du eta programa pertsonalizatua eskainiko die.
Bermeoko Udaleko, Athloseko eta Mugimenteko ordezkariak, Biztu Bermeo zerbitzuaren aurkezpenean. Bermeoko Udalak Gizarte Ongizate Sailak sustatutako Biztu Bermeo Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzua aurkeztu du, herritarren artean jarduera fisikoaren ohiturak sustatzeko helburuagaz. Zerbitzuak laguntza pertsonalizatua eskainiko die herritarrei, batez ere jarduera fisiko gutxi egiten duten edota zailtasunak dituzten pertsonei, horiek ariketa fisikora hurbildu asmoz. Edonola ere, beraientzat aproposa izan daitekeela uste duten “herritar guztiek” erabili ahal izango dute.
Herritarren ongizatea udalaren “lehentasun nagusietako bat” dela gogoratu du Endika Etxebarria Telleria Gizarte Ongizateko zinegotziak aurkezpenean, martxan dituzten beste programa batzuk gogoratzearekin batera. Ekimen berriaren inguruan, Gizarte Ongizate Saila eta Kirol Sailetik hasieratik “oso interesatuta” egon direla nabarmendu du, beste hainbat herritan “oso ondo” funtzionatzen duen zerbitzua baita. Saileko ordezkaritza Pasaian izan zen iaz, Pasaia Badia Aktiboa programa bertatik bertara ezagutzeko: “Aholkularitzak bertan nola funtzionatzen zuen ikusi genuen eta esperientzia asko gustatu zitzaigunez, erabaki genuen Bermeora ere ekarri behar genuela”. Etxebarriaren hitzetan, bermeotarren ongizate fisiko zein mentala “lehentasuna” dira udalarentzat eta zerbitzu berria bide horretan orain arte egindako lana biribiltzeko programa “ezin hobea” da.
Saretze-lanak Bermeo eta bermeotarrentzat duen garrantzia ere aipatu ditu zinegotziak, herriko zerbitzuen “koordinazio handiagoa” behar zela aipatuz: “Herrian hainbat zerbitzu ditugu —anbulatorioa, oinarrizko gizarte zerbitzuak, elkarteak…— baina horien guztien arteko koordinazio eta bateratasun handiagoa behar genuela sumatzen genuen. Biztu Bermeoren bidez Athlonen laguntzarekin, saretze-lan hori indartu eta gauzatu dugu”. Etorkizunera begira “aurrerapauso handia” suposatuko duela uste du, herritarrek onurak nabarituko dituztenaren ziur baitago.
Zerbitzuaren ardura Iñigo Iriondo Duquek izango du, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan graduatutako bermeotarrak. Herrian kirola ezagutzeko dauden baliabide eta aukerak ezagutzen ditu Iriondok, eta hori ardatz izanik, erabiltzaile bakoitzari hoberen egokitzen zaion proposamena aurkeztuko dio. Izan ere, Athloneko orientatzaileak erabiltzaile bakoitzaren egoera aztertu eta beharrak, aukerak eta lehentasunak zehaztuko ditu, horien arabera programa pertsonalizatua diseinatzeko. Gainera, erabiltzaileagaz adosten diren helburuen jarraipena ere egingo du, jarduera fisikoa modu “egonkor eta iraunkorrean” mantendu ahal izateko.
Biztu Bermeo zerbitzua doakoa izango da, eta eguaztenetan eskainiko da: “Eguaztenetan egongo naiz aholkulari lanetan, herrian geldi dagoen jendea aktibatzen hasi eta apur bat kirolaren edota ariketa fisikoaren mundura hurbiltzeko helburuagaz”, azaldu du Iriondok. 09:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara Gizarte eta Kultura Etxean egongo da eta edonor hurbildu ahalko da, aldez aurretik hitzordua eskatuta; horretarako, 684 81 17 88 telefono zenbakira deitu edota biztu@bermeo.eus helbide elektronikora idatzi beharko da. Horrez gain, zerbitzua osasun publikoaren arloko profesionalekin lankidetzan egingo denez, anbulatorioko profesionalek pazienteak Iriondorengana bideratu ahal izango dituzte, jarduera fisikoa egitea komeni zaiela uste dutenean; horregatik, 16:00etatik 18:00etara zerbitzua anbulatorioan eskainiko da.
Eusko Jaurlaritzak jarduera fisikoaren sustapena eta euskal gizartearen ongizate integrala sustatzeko martxan jarritako Mugiment Mahaiak ere ordezkaritza izan da zerbitzu berriaren aurkezpenean, eta Bermeon orientazio zerbitzua martxan jarri eta tokiko sarea osatzea “oso pozgarria” dela nabarmendu dute: “Elkarlanean aritzeko lehen pausua da, eta Eusko Jaurlaritzatik eta Mugimentekin eskerrak eman nahi ditugu hartutako konpromisoagatik; espero dugu lehengo pauso honek jarraipena izatea eta proiektu berrietan ere elkar ikusi ahal izatea”.