Klima-ekintzak herritarrengana hurbiltzeko azoka
Klima-aldaketaren aurkako borrokan erantzukidetasuna sustatzeko Klima Azoka hartu du gaur [ekainak 6], Ekoetxea Urdaibaik.
Busturiko Ekoetxea Urdaibai ingurune-zentroak Klima Azoka azoka ibiltaria hartu du gaur [ekainak 6], herritarren artean klima-aldaketaren aurkako borrokan erantzukidetasuna sustatzeko helburuagaz. Eguraldi ezegonkorrak azoka kalean egitea eragotzi badu ere, ume zein helduek ez dute ekintza klimatikoa familien egunerokotasunera nola hurbildu ezagutzeko aukera galdu nahi izan.
Zazpi karpatan banatutako azokan bisitariek, erronka-pasaporteen bidez, ingurumen-gaiak lantzeko aukera eduki dute. Karpa bakoitzean gai ezberdin bat landu dute —Zer da klima aldaketa?, Nire etxebizitzan, Mugikortasuna, Aisialdia eta kontsumoa, Urban Klima 2050 eta Lurzoruak zain ditzagun—, bakoitzean gaurtik aurrera beraien egunerokotasunean txertatuko duten konpromiso bat hartuz.
Geldialdi bakoitzak espazio interaktibo bat eskaini die hurreratu direnei, jolasaren bidez ekintza klimatikoaren garrantzia modu erraz batean ulertarazteko helburuagaz. Hala, erronka guztiak gainditu eta pasaportean zigilu guztiak lortu dituzten bisitariek poltsa berrerabilgarria eta landare haziak jaso dituzte.

Erronka “nagusietakoa”. Klima aldaketa egungo “erronka nagusietakoa” dela ulertuta, Klima Azokak, karpetan banatutako informazioaren bidez, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako “errealitatea” azaldu nahi die bisitariei. Zer da klima aldaketa? karpan, esaterako, dagoeneko klima-aldaketa “arintzeko lanean” dagoen lurraldea dela azaltzen da: “Ekonomia deskarbonizatzen ari gara 2050ean klima-neutraltasuna lortzeko helburuarekin. Klima aldaketari erresilientzia dion lurralde bat lortzeko egiten dugu lan, eta euskal ekonomiaren lehiakortasuna hobetzen dugu”.
Mugikortasunari dagokionez, baikor izateko arrazoiak egon badaudela nabarmentzen dute; izan ere, “joan-etorrien %45 oinez edo bizikletaz” egin ohi da Bizkaia, Araba et Gipuzkoan eta, %13, berriz, garraio publikoan: “Horri guztiari mugikortasun elektrikoaren iraultza gehitu behar zaio, baita Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako hiri eta herriak jasaten ari diren hiri-eraldaketako prozesuak ere, espazio publikoak irabazteko”.
Kontsumoari erreparatuz, “gero eta hobeto” kontsumitzen da ze, datuen arabera, %44,2k poltsa propioak erabiltzen ditu erosketak egiteko unean eta %43,4k janaria alferrik galtzea ekiditen du. Aisialdiko kontsumoari lotuta, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako biztanleek hurbileko turismoaren alde egiten duten apustua azpimarratu dute.