"Antolatzen, elkar zaintzen eta borrokan" jarraitzeko hautua berretsi du Ikamak
Ikamak ikasle jaialdia antolatu du gaur [ekainak 6] Astran, bost urteko ibilbidean egindako lana balioan jarri asmoz. Festa goizaldera arte luzatuko dute, Alarma Morea, Ganibet, Bad Sound eta Ainguraren kontzertuekin eta Lumatzak eta Alloxelets DJen emanaldiekin.
Ikamaren sorreratik bost ikasturte igaro direla, eta duela urte eta erdi “jauzi politiko eta eratzaile berria” burutu zutela gogoratu eta geroztik egindako lan guztia balioan jarri asmoz, ehunka gazte ikasle jaialdian batu dira gaur [ekainak 6], Astran. Egun guztiko egitaraua antolatu dute, goizeko orduetara arte luzatu gura dutena.
Eguerdian eman diote hasiera egitarauari, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik iritsitako gazteak Astrara iristen hasteagaz batera. Txapalaparta hotsak eta bertsoek ere bere tokia izan dute: nork esan behar zigun / hau hasi zenean /sare bat sortzen dugu / batzen garenean / aurrerantza gezi bat / zuzen-zuzenean / zer sortuko da gaurko /oihu ozenean / festa eta borroka / bat datozenean /.
Ikasleen bat egitea da hain, zuzen, erdigunean jarri nahi izan duten ideia, bost ustez euskal ikasleak antolatzen eta “gauza askotan borrokan” aritu direla nabarmentzeko: “Denbora guzti honetan antolatzen eta borrokan aritu gara, beste gauza askoren artean, behar dugun hezkuntzarako, independentzia oihukatzen; Palestinar herriari elkartasuna adierazteko kalera ateratzen; abenduaren 11ko mobilizazioetan eta Korrikan euskararen olatua hauspotzen; 1976ko martxoaren 4ko Gasteizko sarraskia oroituz, memoria eta borroka aldarrikatzen; Euskal Herrian lan eta bizi baldintza duienen alde greba orokorrera batzen eta, herenegunera arte, selektibitateari erdiko behatza ateratzen”.

Ikasle jaialdia “egindako lan guztiaren islatzat” dute Ikamakoek, “borrokan” aritutako urte guztien mugarri. Izan ere, Ikamak bost urteko ibilbidea baldin badu ere, ikas baldintza “duinak” aldarri dituen euskal hezkuntza sistema propioaren aldeko borrokak “hamarkada asko” ditu: “Bide luzea du, baina oraindik ere lorpen eta urrats handiak ditugu aurretik egiteko”. Urrats horrekin elkarrekin eta norabide berean emateko konpromisoan berretsi dute gaur Astran, hasierako helburuei eutsiz, ikasleei “antolatu, elkar zaindu eta borrokan jarraitzea” dagokiela sinetsita.
Horregatik, ikasle jaialdiak ospakizunerako tartea zabaldu badu ere, Ikamatik argi azaldu dute Gernika-Lumoko bat egitea antolakundearen “ibilbidearen transmizioa” egin eta “esperientzia politikoak partekatzeko” eguna ere badela. Horren adibide, oraindik “amaitzear” duten Askapenerako, Ikasle Antolakundearen borrokak darrai dokumentalaren proiekzioan eta osteko solasaldian batu dira: “Dokumentalak antolakundearen ibilbidea jasotzen du: Ikamak bost urte bete ditu aurten, baina aurretik egon zen beste antolakunde bat, nolabait gurearekin lerrokatuta egon zena, Ikasle Abertzaleak izan zitekeena. Ibilbide guzti hori kontatzen du dokumentalak”. Osteko solasaldian etorkizunera begirako erronkak eta eman beharreko pausuak izan dituzte mintzagai.
Jaialdiak “oinarri politiko sendoak” dituela aldarrikatu dute, Ikama Euskal Herriko ikasle antolakunde “feminista, euskaltzale eta ekologista” dela azpimarratuta: “Guk guztiok gorpuzten dugu Ikama eta, beraz, gaurko jaialdiak balio politiko horiek guztiak ardaztea gu guztion ardura da”. Antolatzaileek euskara, herria eta herritarrak zaintzeko aldarria ere zabaldu dute: “Hitz egin euskaraz,; zaindu Astra, herria eta herritarrak; elkar-zaindu”.
Berrehun lagunetik gora batuko dira bazkaritan, baina mahaian eseri aurretik, Baxoa euskaraz! lelopean elkartasun argazkia ateratzeko aprobetxatu dute. Azterketak euskaraz! oihukatuz, Ikamakoek bat egin dute Ipar Euskal Herriko euskal ikasleen aldarrikapenagaz, eta Frantziar estatuan unibertsitatean sartzeko derrigorrezkoa den Baxoa azterketa euskaraz egin ahal izatea eskatu dute. Gaur gaurkoz, Lapurdin, Nafarroa Beherean edota Zuberoako ikasleek azterketarako gaiak euskaraz ikasi arren, Baxoa frantsesez egitera behartuta ikusten dira.
Ikasle bazkarian ostean ez dira eletrotxaranga edota Alarma Morea, Ganibet, Bad Sound eta Ainguraren kontzertuak faltako. Gainera, 02:00etatik aurrera, Dj Lumatzak eta Dj Alloxelets-ek girotuko dute festa.