Klima aldaketaren aurrean "hemen eta orain" jarduteko deia
Ekoetxea Urdaibaik larrialdi klimatikoaren testuinguruan kokatzen den eta klima-aldaketaren "ulermen zorrotz eta eskuragarria" eskaintzeko helburua duen 'Klima aldaketa: hemen eta orain' erakusketa iraunkor berria inauguratu du gaur [ekainak 5], Ingurumenaren Munduko Egunez.
Ingurumenaren Munduko Egunagaz bat eginda, Ekoetxea Urdaibaik Klima aldaketa: hemen eta orain erakusketa iraunkor berria inauguratu du gaur goizean [ekainak 5], eta 17:00etatik aurrera publiko orokorrera irekita egongo da. Busturiko ingurumen-zentroan izan da Josu Bilbao Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordea, eta nabarmendu du erakusketa “hemen eta orain jarduteko deia” dela, espazio eraberrituak “erabakiak zientzia bihurtzen” dituelako. Ezagutza zientifikoa esperientzia bihurtzea da erakusketaren helburua, biodibertsitatea, lurraldea eta ekintza uztartuz, herritarrak “gure garaiko ingurumen eta gizarte erronka handienetako baten aurrean” kokatuz.
Klima aldaketa “errealitatea” dela eta dagoeneko “arintze-terminoetan” hitz egin beharra dagoela azpimarratu du sailburuordeak: “2015eko Parisko akordioan munduko tenperatura 1,5 gradutan ez igotzeko helburua ezarri zen. Gaur, 2026an, tenperatura hori igotzetik gertu gaude, eta, beraz, ekintzetara pasatzea premiazkoa eta beharrezkoa da. Lehen, planetaren tenperatura igotzeko ehunka urte behar izan genuena, zoritxarrez, 10 urtetan egin dugu”. Bizkaia, Araba eta Gipuzkoaren kasuan, 1970. urteaz geroztik, tenperatura 0.3 gradu igo da hamarkada bakoitzeko, eta bero-boladen maiztasun zein iraupenak gora egin dute, bikoiztu arte: 1.970-2.000 aldian 4 egunekoa zen, eta 2.014-2.023 aldian 9 egunekoa izatera igaro zen.
Eusko Jaurlaritza klima aldaketaz “arduratzen eta kezkatzen” dela adierazi du Bilbaok, “aspalditik” arintzeagaz loturiko “ekintza asko” bultzatu dituztela gogoratuta, besteak beste, deskarbonizazio estrategiari lotutakoak: “Diagnostikotik ekintzetara igaro gara”.

Ekoetxea Urdaibai ekintzetara egindako jauzia islatzeko toki aproposa dela deritzo sailburuordeak, Urdaibai Biosferaren Erreserba baita: “Garapen ekonomikoak eta ingurumenaren zaintzak elkarrekin bizi behar dutenaren adibidea da, eta horregatik, da beharrezkoa klima-aldaketara egokitzea”. Hala, Eusko Jaurlaritzak Ekoetxeako eraikinean energia berriztagarriak ezartzeko egindako milioi bat euro inguruko inbertsioak nabarmendu ditu: “280.000 euro berrikuntza geotermikora bideratu dira, eta 640.000 euro inguru, plaka fotovoltaikoen instalaziora. Inbertsioekin eraikinaren karbono aztarna ia bere osotasunean neutralizatzea lortu da”.
Erakusketa berriari dagokionez, klima-aldaketari buruzko “esperientzia esklusiboa” dela nabarmendu du. Izan ere, erakusketaren ekoizpena larrialdi klimatikoaren testuinguruan kokatzen da, eta klima-aldaketaren “ulermen zorrotz eta eskuragarria” eskaintzea du helburu.
Zortzi bloketan banatuta.
Erakusketako bisitariek klima aldaketaren kausak, bilakaera eta ondorioak “gertutazunez eta didaktikoki” ezagutzeko aukera izango dute, baita gizartearentzat eskuragarri dauden egokitzapen eta arintze tresna nagusiak ere, bai ingurune hurbilari eragiten diotenak, bai eskala globalekoak.
Erakusketaren ibilbidea gaika banatutako zortzi blokek osatzen dute, eta klimaz alfabetatzeko proposamen gisa aurkezten da. Zerbait aldatzen ari da deitutako lehen blokeak klima aldaketaren errealitatean murgildu nahi du jendea, eta horretarako, proiekzio ultra panoramikoko sistema baten bidez, klima aldaketari buruzko sarrera orokorra egiten zaie: “Klima-aldaketa modu orokorrean jorratzen da eta, sarrerako gunea denez, galderak egiten dira erantzunak eman beharrean”.
Biodibertsitatea gara bigarren blokerako, aurretik zegoen instalazioak mantendu dituzte, “Urdaibaik duen giza jardueraren eta naturaren arteko oreka” irudikatzeko. “Ondo funtzionatzen zuen espazioa da, eta berrerabili egin dugu; uste dugu berrerabileraren mezua transmititzea ere garrantzitsua dela”, azaldu du sailburuordeak. Halere, berrikuntza bat ere gehitu diote animalia espezie ezberdinak erakusten dituen gelari, bisitaria “biodibertsitatearen parte” sentiarazi asmoz. Dana dator naturatik atalean, berriz, “bizitzeko behar dugun guztia naturatik datorrela” islatu nahi izan dute, lurraldearen ekosistema “adierazgarriak” aurkeztuz. Horrez gain, ekosistema antropizatuak eta pertsonek naturatik lortzen dituzten onurak ere erakusten dira.

Laugarren blokea Gure planeta aldatu egiten da deitu dute ze, aro geologikoetan zehar, egoera naturalekin lortutako aldaketa gradualak gertatu dira kliman, planeta osoan eraginez. Espezieen desagertze masiboak ere jorratzen dituzte, formatu eta “interpretazio balio handiko” eszenografia birsorkuntzak baliatuta.
Prozesu globalen azterketa.
Erakusketaren “gune zirraragarrienetakoa” bosgarren blokea da, Klimaren ikuspegi planetarioa: Klima 360 planeta deitu dutena. Bisitariek klimak Lur planetan duen eragina ikusi ahalko dute, NOAA Science On a Sphere esfera erraldoi batean eta hiru dimentsiotan: “2,5 metroko diametroa duen esfera hau gaur egun Europan dagoen handiena da, eta NOAA erakundeak diseinatu du, planetako ozeanoak, atmosfera eta klimaren azterketa eta jarraipena egiten dituen Amerikako Estatu Batuetako agentzia zientifikoak”, adierazi dute. Bertan, 360 graduko proiekzio tekniken bidez, esferak prozesu globalak erakusten ditu, hala nola, tenperaturaren bilakaera, poloetako izotz-urtzea edo berotegi efektuko gasen kontzentrazioa: “Elkarri lotutako sistema moduan jarduten duen klimaren irakurketa argia eta didaktikoa eskaintzen du”.
Lurra berotzen duten gasak atalagaz jarraitzen du ibilbideak, atmosferako aldaketak zergatik gertatzen diren azaltzeko. Horrez gain, klima aldaketak Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan duen eragina ere aztertzen du, tenperaturan, prezipitazioetan eta ekosistemetan aldaketak egin eta horrek basoetan, kostaldean, sistema hezeetan eta herri zein hirietan duen eragina behatuz. Izan ere, 2024an 15,8 tona karbono dioxido baliokide isuri ziren Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan, 2023an baino %1 gutxiago eta 2005ean baino %38 gutxiago. Helburua 2030. urterako %45era arteko murrizketa lortzea da, eta bide horretan, erakusketak prozesu global handiak lurralde zehatz eta ezagun batekin lotzen ditu, klima-aldaketa “urruneko arazoa ez den ideia indartuz”.

Sailburuordearn hitzak jarraituz, zazpigarren blokeak Ekintzarako unea da izena du eta bisitaria, arazoaren parte ez ezik, konponbiderako bidea erraz dezakeen agente gisa aurkezten du.. Modulu interaktibo baten bidez, bisitariek administrazioen azalean ipini ahalko dira, eta klima aldaketan esku hartzeko aukera izango dute, arintze eta egokitze neurriak ezarriz. Enpresen tokian jarriko dira gero, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan ekologikoki diseinatutako produktuak ikusi eta ekonomia zirkularreko irizpideak aplikatzeko adibideak ezagutzeko. Azkenik. herritarren ikuspegia hartuko dute, modulu fisiko eta digital batean pertsonek klima aldaketa arintzeko sustatutako ekimen “eredugarriak” ezagutuz.
Ekoetxean zeharreko ibilbidea Bizi ezazu aldaketagaz biribilduko dute, erabakiek “benetako ondorioak” dituztela ezagutzeko gunean. Murgiltze-esperientzia ludiko baten bidez, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako bost agertoki aurkeztuko zaizkio bisitariari, horien balio eta ezaugarriak plazaratuz eta klima aldaketak aurrera jarraituz gero gerta litezkeenak azalduz. Bisitarien ardura izango da erabaki bateratuak hartu eta galderak erantzutea, erantzunen arabera, agertokiek aldaketak jasango baitituzte.