200 txirrindularitik gora elkartuko ditu IV. Serrats Aldapa Xtrem Bike Marathon probak
Uztailaren 4ean [zapatua] egingo dute Serrats Aldapa Xtrem Bike Marathon mendi bizikletako probaren laugarren aldia, bi ibilbidegaz. Ekainaren 21a [domeka] bitartean izena eman daiteke.
Matxitxako Txirrindulari Kirol Taldeak Bermeoko Udalaren laguntzagaz antolatuta, Bermeok Serrats Aldapa Xtream Bike Marathon txirrindularitza probaren laugarren aldia hartuko uztailaren 4ean [zapatua]. Gaur [ekainak 5] aurkeztu dute kirola eta elkartasuna uztartuko dituen proba, Matxitxakoko itsasargian, eta aurreratu dutenez, dagoeneko 200 txirrindularitik gora daude izena emanda ; edonola ere, interesa dutenek ekainaren 21a [domeka] bitartean zabalik dute horretarako aukera, Rock The Sport plataformaren bitartez.
Bermeo eta txirrindularitza ezagutarazi eta hango eta hemengo jendearen topagune bihurtzeko asmoz antolatu zuten proba lehen aldiz, Bermeoko txirrindularitza taldearen ekimen ezberdinek izan ohi duten “izaera solidarioari” jarraituz. “Gizarteari bueltan ematen” saiatze dira urtero, eta aurten ere elkartasuna izango da ekimenaren ardatz nagusietako bat, azken bi urteetan egin bezala, Aspanovas, minbizia duten haur eta nerabeen gurasoen Bizkaiko elkartea babestuko baitute izen emateekin eskuratutako diruaren zati batekin: “Beraiengatik emango ditugu pedalkadak Urdaibaitik”.
Irteera eta helmuga Burujabetasun zelaian izango dituzte txirrindulariek. Aurten ere, antolatzaileek bi ibilbide prestatu dituzte, Bike Luzea eta Bike Laburra; proba luzean izena ematen dutenek 61 kilometroko eta 2.000 metro positibodun ibilbidea egin beharko dute, eta laburrekoak, “maila baxuagoa” dutenentzat pentsatutako 41 kilometroko eta 1.325 metro desnibel positiboduna. “Serrats Aldapa Xtrem da gure izena, ze Xtream da, badakigu ibilbide gogorrak direla, baina bizikletan dabilenaretzat erronka polita izango dela uste dugu. Urdaibai ezagutzeko beste modu bat izango da”, nabarmendu dute.
Ibilbidearen nondik norakoak ezkutuan gordeta dituzte antolatzaileek, baina aurreratu dute, “zati batzuk berdinak” izango badira ere, ibilbidea ez dela iazko berdina izango: “Ez da iazko berdina izango; parte hartzaileek bide berriak eta sorpresak ere aurkituko dituzte”. Izan ere, kronometratuko den kilometro bat egongo da, baina parte hartzaileek ez dute horren kokapena jakingo. Tarte kilometratua Kresala tabernaren ekimenez sortu dute, eta lehenengo emakumezko eta gizonezkoa saritzeaz gain, azken biak ere sarituko dituzte. Aurreratu dutenez, “sariak ekonomikoak” izango dira, eta ez materialak. Horrez gain, anoa postuetan ere “sorpresak” egongo dira, martxa “berezia” egiteko helburuz: “Martxa berezia izatea nahi dugu; azkenean mila martxa ezberdin daude, baina uste dugu Bermeok martxa berezia behar duela, gure sustraiak mantenduko dituena”, azpimarratu dute Matxitxako Txirrindulari Kirol Taldekoek.
Berrikuntza gehiago ere ekarriko ditu aurten probak, txirrindulariek bikoteka parte hartzeko aukera ere edukiko baitute: “Martxa bikoteka egiteko aukera egongo da; bikote legez izena eman ahalko dute, ibilbidean zehar elkar laguntzeko”. Banaka zein bikoteka parte hartuko dutenak zenbatuta, gaur gaurkoz “200 txirrindularitik gora” daude probarako izena emanda, eta antolatzaileen aurreikuspenak betetzen badira, “300 inguru” aterako dira irteera lerrotik —iaz 293 izan ziren—: “Azken egunetan beti egiten du gora izen emateak eta 300 parte hartzailera heltzea espero dugu, eta gehiago baldin badira, hobeto”.
Probaren lehen hiru aldietan denetariko eguraldiagaz atera dira errepidera txirrindulariak, eta aurtengoan ere zerura begira egongo direla aurreratu dute antolatzaileek, eguraldi ona egingo duenaren esperoan. Halere, eguraldia edozein izanik ere, Bermeo zein beste edozein herritar eta txirrindularitza zale animatu dute proban parte hartzera: “Badakigu Euskal Herriko jendea etorriko dela, baina Galiziatik, Errioxatik eta Gaztela eta Leonetik ere etorriko direla badakigu, eta gu prest egongo da herritik zein kanpotik datozenei ongi etorria emateko. Bideak, Matxitxako kideak eta boluntarioak prest egongo gara mendian zein herrian edonor laguntzeko”.