Klima Azoka azoka ibiltaria Ekoetxeara helduko da
Klima-aldaketaren aurkako borrokan erantzukidetasuna sustatzea helburu duen Klima Azoka azoka ibiltaria Ekoetxea Urdaibai ingurumen-zentrora ailegatuko da etzi [ekainak 6].
Argazkia: Ekoetxea Urdaibai Herritarrak ahaldundu eta klima-aldaketaren aurkako borrokan erantzukidetasuna sustatzea helburu duen Klima Azoka azoka ibiltaria Busturiko Ekoetxea Urdaibai ingurumen-zentroan egongo da zapatuan [ekainak 6], Ingurumenaren Munduko egunez. Azoka goiz zein arratsaldez bisitatu ahalko da, doan, 11:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 17:00etara bitarteko ordutegian.
Eguneko ohiturez gogogeta egin eta gizarte jasangarriago baterantz aurrera egiteko, bisitariak ekintza txikikin konpromisoak hartzera gonbidatzen ditu azokak, familiei zuzendurako proposamen bategaz. Zazpi karpa tematikoren, jolasen, dinamiken eta erronka-pasaporteen bidez ingurumen-gaiak jorratuko dituzte hurreratzen direnek, hala nola, klima-aldaketaren arrazoiak, energia, etxeko ohiturak, mugikortasuna, aisialdia, kontsumoa, lurzoruaren babesa eta aldaketari ikuspegi pertsonaletik egin diezaioketen ekarpena. Antolatzaileek argitu dutenez, azken helburua “pertsona bakoitzak erronka bat bere gain hartzea eta ekintzaren batekin konpromisoa hartzea” da.
Ekintza klimatikoa familien egunerokotasunera hurbiltzeko “modu erraz eta motibatzaileak” bilatu asmoz, azokak parte hartzeko tailerrak, espazio interaktiboak eta erronka material praktikoak ere eskainiko ditu.
Erakusketa iraunkor berria.
Azokara bertaratzen direnek Ekoetxea Urdabairen erakusketa iraunkor berria ezagutzeko aukera izango dute, klima-aldaketa “esperientzia global, lokal eta pertsonal gisa” ulertzeko aukera eskaintzen duena. Doako bisita gidatuak eskainiko dituzte zapatuan zein domekan [ekainak 7], baina aurretik izena eman beharko da, ekoetxea.eus web orrialdean bisitaren eguna eta ordua aukeratuta.