Familiarteko giroa eta solidaritatea nagusituko dira Txirrindu Festaren laugarren aldian
Bizi Festa ekimenaren laugarren aldian batuko dira domekan [ekainak 7], Bermeon. Parte hartzeko, bizikleta eta kaskoa eramateaz gain, Bizkaiko Elikagaien Bankuari elikagai ez galkorren dohaintza egitea eskatu dute.
Matxitxako Txirrindulari Kirol Taldeak, Orkatzeta MTB Enduro Taldeak, Bermeoko Ziklistek eta Bermeoko Udalak sustatutako Txirrindu Festa jaialdi solidarioaren laugarren aldia hartuko du Bermeok, domekan [ekainak 7]. Herrian familian egiteko proposamen bat eskaini eta “kirola eta bizitza osasuntsua sustatu” asmoz sortu zuten ekimena, eta antolatzaileek txirrindularitza pasio dutenez, bizikleta hartu eta pedalkadak ematera deitu dituzte herritarrak.
Bizi Festa ere deitu duten egunak bere izaera solidarioari eutsiko dio beste urte batez eta Bizkaiko Elikagaien Bankuari egingo diote ekarpena. Hala, parte hartzaileei eskatu diete 10:30 aldera Lamerara bertaratu eta elikagai ez galkorren dohaintza egin dezaten: “Parte hartzeko eskatzen dugun gauza bakarra —txirrindu eta kaskoaz aparte— da janaria ekartzea, Bizkaiko Elikagaien Bankuari ekarpena egiteko eta benetan behar dutenei Bermeotik ere laguntza txikia emateko”. Urtero “janari kopuru esanguratsua” biltzen dutela eta, pozik daude antolatzaile zein Bizkaiko Elikagaien bankukoak: “Garrantzitsua da horrelako ekintzak egitea, baina herriak erantzungo ez balu, ideia hutsa litzateke. Egiten duten lana eskertzeko modu bat da eta Bermeok beti erantzuten du”.
Bizifesta eguna familia giroan igarotzeko aitzakia da, ez du “inolako izaera lehiakorrik”. Hala, aurten ere Bermeo ingurutik sei bat kilometroko ibilbidea egingo dute: “Ez da lasterketa, txirrindu martxa ez lehiakorra baizik. Ibilbide lasaia izango da, edozein pertsonak, berdin lau urtekoek zein pertsona nagusiek, oztoporik barik egin ahal izateko modukoa”.
11:00ak aldera irtengo dira Lameratik, eta martxagaz bat egiten dutenek Bermeo “beste modu batera” ezagutzeko aukera izango dute: “Ordubete iraungo du gutxi gorabehera, eta Talatik, Itxas Ganetik, Alde Zaharretik eta portutik igaroko gara, berriro Lameran amaitu arte”. Azpimarratu dute parte hartzaile guztiek, behar izatekotan, laguntza izango dutela: “Gure herriak dituen aldapekin, beti egongo da boluntarioen laguntza aldapa potoloak igo ahal izateko. Denak helduko dira Lamerara”.
Helmuga zeharkatuta, umeentzako puzgarri, bizikletazko trebetasun-zirkuitu eta disko festak hartuko dute plaza, kirola egin ostean umeek “jai giroa” igarri dezaten.
Lehen hiru edizioen erantzunak eraman ditu herriko txirrindularitza taldeak eta udala Bizi Festa ekimenagaz aurrera jarraitzera; izan ere, herritarrak urtero urtero “gero eta gehiago” dira parte hartzaileak: “Bermeotarrok elkar ezagutzeko modua ere bada, kirola egiten dugunok zein egiten ez dutenak elkar ezagutzeko aukera”. Herritarrak “eskertuta” agertzen direla nabarmendu dute. “Jendeak horrelako ekimenak eskertzen ditu, eta horrek motibatzen gaitu proposamenak egitera. Ideiak ideak dira, baina herriak babestu ezean desagertu egingo lirateke; gure kasuan, horrela jarraituz gero, bosgarren aldi bat eta gehigo izango ditugu”.
Bermeotarrek Bermeon bultzatutako ekimena bada ere, antolatzaileek udalerriko zein bestelako herrietako bizilagunei deia egin die domekan Bermeora hurreratzeko: “Ez da bakarrik bermeotarrentzako proposamena; uste dugu proposamen alaia, polita dela jendearekin inolako arrisku barik kirola egiteko eta Bermeo bizikletaren gainetik ezagutzeko”. Oro har, jendea kirola praktikatzera animatu gura dute antolatzaileek, eta txirrindularitza aukeratuz gero, herriko elkarteak “laguntzeko prest” egongo direla adierazi.