Gazteria Sailak aisialdirako begirale ikastaroa eskainiko du
Izen ematea urriaren 9ra bitartean zabalik egongo da, beti ere, plazak aurretik betetzen ez badira. Ikastaroa gainditzen dutenek Eusko Jaurlaritzak homologatutako Ume eta Gazteen Aisialdirako Begirale titulua eskuratuko dute.
Gazteei prestakuntza eta garapen aukerak eskaini asmoz, Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak hezkuntza ez-formalean eta aisialdi hezitzaileen interesa dutenei zuzendutako aisialdirako begirale ikastaroa antolatu du 2026-2027 ikasturterako. Ikastaroa gainditzen dutenek Ume eta Gazteen Aisialdirako Begirale titulua jasoko dute, Eusko Jaurlaritzak homologatuta.
Ikastaroa ume eta gazteeekin heziketa-lanetan aritu nahi dutenentzat “aukera ezin hobea” dela nabarmendu dute udaletik, euskaran eta balio hezitzaileetan oinarritutako prestakuntza jaso ahal izango baitute. Ikastaroak metodologia parte hartzailea jarraituko du, “tokiko errealitatera” egokituta egongo da eta feminismoa, parte-hartzea, aniztasuna eta kulturartekotasuna izango ditu ardatz. “Helburua da aisialdi hezitzaileen eta euskararen sustapenean eragile aktibo izango diren begiraleak prestatzea”, azaldu dute udaletik.
Begirale ikastaroa urriaren 17an [zapatua] hasi eta 2027ko apirilaren 24an amaituko da. Izan ere, saio teoriko eta praktikoak ikasturte guztian zehar banatuko dira. Jakinarazi dutenez, parte hartzaileek bederatzi asteburutako saioak Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean egingo dituzte, zapatuetan, 10:00etatik 18:30era arteko ordutegian. Horrez gain, La Arboledako aterpetxean ere hiru asteburu egin beharko dituzte, zapatuko 10:00etatik domekako 15:00etara. Ikastaroaren arlo teorikoa 150 ordukoa izango da eta, praktikoa, 16o ordukoa. Ume eta Gazteen Aisialdirako Begirale titulua eskuratu ahal izateko bi atalak gainditu beharko dira, nahitaez.
Izen ematea. Dagoeneko zabalik dago ikastarorako izen ematea, eta zabalik egongo da urriaren 9a bitartean, aurretik lekuak betetzen ez badira. Hala, izena eman nahi dutenek Bermeoko Gazteentzako Informazio Zerbitzuan (GIZ) —Gizarte eta Kultura Etxea— dute horretarako aukera. Matrikularen prezioa 360 eurokoa da Bermeon erroldatuta dauden eta 35 urte baino gutxiago dituzten gazteentzat, eta 460 eurokoa, berriz, gainontzekoentzat. Udaletik argitu dutenez, zenbateko horretan sartuta daude La Arboledako hiru asteburuak, mantenu osoarekin.
Parte hartu ahal izateko baina, ikasleek baldintza batzuk bete beharko dituzte, besteak beste, 2027an gutxienez 18 urte betetzea eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua edukitzea. Horrez gain, ikastaroa euskara hutsean eskainiko denez, euskaraz jarduteko behar besteko gaitasuna izatea “ezinbestekoa” izango da.
Informazio gehiago nahi dutenek 94-617 91 58 telefono zenbakira deitu edo 688 81 99 50 WhatsApp zenbakira mezu bat idatzi dezakete.