Jaurlaritzak 132.000 euro bideratuko ditu arrantza sektoreko belaunaldi-erreleboa sustatzera
Diru-laguntza Bermeoko Nautika eta Arrantzako LHIIn, Pasaiako Blas de Lezo LHIIn edota Ondarroako Antiguako Ama Arrantzako LHIn ikasten ari diren ikasleei zuzenduta dago; ikasle bakoitzak 2.404 euro jasoko ditu, gehienez.
Euskal itsas eta arrantza jardueraren etorkizunerako “estrategikoak” diren ikasketetarako sarbidea, jarraipena eta egonaldia erraztu asmoz, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 2025-206 ikasturtean itsas arrantza arloko ikasketak egiteko beken deialdia onartu du, 132.076 euroko zuzkidura ekonomikoa izango duena. Bekak Bermeoko Nautika eta Arrantzako LHIIn, Ondarroako Antiguako Ama Arrantzako Lanbide Heziketako Ikastetxean edota Pasaiako Blas de Lezo LHII zentroetako ikasleei zuzenduta daude.
Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak sustatutako deialdiko onuradun bakoitzak 2.404,05 euroko laguntza jaso ahal izango du gehienez, eta Bermeoko, Pasaiako edota Ondarroako zentroetan matrikulatuta dauden eta aginduan ezarritako baldintzak betetzen dituztenek eskatu ahal izango dute beka. Dirua “ikasketetekin lotutako gastuen estaldurara” bideratuko da, besteak beste, ohiko bizilekutik kanpoko egoitzara, ikastetxerako joan-etorrietara, mantenura eta materialen erosketara.
Diru laguntza eskatzeko epea hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Zehaztu dutenez, eskabideak aurrez aurre zein modu elektronikoan egin ahal izango dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez.
Deialdi honen bitartez Eusko Jaurlaritzak itsasoko eta arrantza sektoreko prestakuntzaren aldeko “babesa indartu” gura izan du: “Euskal kostaldean sustrai ekonomiko, sozial eta kultural handia duen jarduera baten gaitasun profesionala, belaunaldi-erreleboa eta jarraitutasuna bermatzen laguntzen du”, zehaztu dute.