Atletismoko Haur Olinpiadetan murgilduko dira bermeotarrak domekan
Bermeoko Udalak eta Taraska Atletismo Taldeak elkarlanean antolatuta, Atletismoko Haur Olinpiadak egingo dituzte domekan [maiatzak 31], 10:00etatik aurrera, Bermeoko Artza Frontoian.
Lehen Hezkuntzako umeei zuzendutako jardunaldi “ludiko eta hezitzailea” da. Izan ere, helburu nagusia da umeek atletismoaren oinarrizko modalitateak ezagutzea eta praktikan jartzea. Horrekin batera, kirolaren bidez, harreman osasungarriak, parte-hartzea eta talde giroa sustatu gura dituzte antolatzaileek. Urtez urte parte hartze “handia” edukiten dute, eta oraingo honetan ere “harrera zabala” espero dute.
Parte-hartzaileak hainbat atletismo-probatan trebatuko dira: altuera jauzian, vortex jaurtiketan, oztopo-lasterketetan, abiadura-probetan…Umeek euren ikastetxeetan izena eman behar dute, eta dortsalak hezkuntza zentroetan banatuko dizkiete. Gainera, prestaketa pedagogikoa “indartzeko” asmoz, Soin Hezkuntzako saioetan atletismo-probak lantzea proposatu diete ikastetxeei: “Taraska Atletismo Taldeak berariaz prestatutako saio didaktiko bat bidali zaie ikastetxeei, irakasleek proposamen modura erabili ahal izateko”. Antolatzaileen esanetan, aurrez egindako lanketa horrek ahalbidetzen du umeak jardunaldira “segurtasun handiagoz, konfiantzaz eta motibazioz” joatea.
Udal ordezkariek jardunaldian parte hartzera animatu dituzte ume bermeotarrak, eta hezkuntza-komunitateko kideei eskerrak eman dizkiete ume eta gazteen artean jarduera fisikoa eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko egiten duten ekarpenagatik. Gogoratu dute horrelako ekimenek “berebiziko garrantzia” daukatela umetatik kirolarekiko “atxikimendu positiboa eta bizimodu aktiboa” bultzatzeko.