"Etxebizitza duina prezio eskuragarrian" lortzea ahalbidetuko duen ordenantza onartu dute
Busturiko Udalak etxebizitza eraikinetako beheko solairuetan eta hiri-lurzoruetan dauden lokalak etxebizitza bihurtu ahal izateko ordenantza onartu du, udalerriko "eskaintza handitu eta etxebizitzak errazago" eskuratu ahal izateko.
Busturiko Udalak udalerriko etxebizitza-beharrizanei erantzun eta etxebizitza “errazago” eskuratu ahal izatea ahalbidetu asmoz, beheko solairuetan etxebizitzak egokitzeko ordenantza berria onartu du. Ekimen “garrantzitsu” horri esker, etxebizitza eraikinetako beheko solairuetan eta hiri-lurzoruetan dauden lokalak etxebizitza bihurtu ahal izango dira, udal gobernu taldearen esanetan, etxebizitza eskuratzeko “aukerak handitzeko”.
Udal gobernu taldeak iaz hasi zuen ordenantza onartzeko prozesua, kontsulta publikoa egin eta busturiarren iritzia eta ekarpenak jasota. Aitor Aretxaga Busturiko alkateak herrian etxebizitza lortzeko “zailtasunak” daudenaren jakitun dira, batez ere, bizi-proiektua herrian garatu nahi duten gazteen arteen artean: “Ordenantza berri honetan lan egin dugu, gure bizilagunek etxebizitza eskuratu ahal izateko beste tresna bat baita. Neurri honekin lokal hutsen arazoari eta etxebizitza berrien beharrar erantzun nahi diegu, espazio horien erabilera egungo beharretara egokituz“.
Alkateak nabarmendu duenez, udal gobernu taldeak, udalerriaren “arduradun” diren aldetik, Busturiaren garapenerako eskura dituzten “legezko aukera guztiak” aztertu eta garatu behar dituzte, eta etxebizitzaren arazoari aurre egitea “funtsezko faktorea” da horretarako.
Araubide juridikoa.
Udaletik jakinarazi dutenez, ordenantzan jasotako irizpideak betetzen dituen lokaletako “edozein jabek” sustatu ahal izango du espazio hori etxebizitza bihurtzea. Izendapen berriagaz, etxebizitza udalaren araubide tasatuko babes publikoko etxebizitza izatera igaroko da, eta kalifikazio hori ezin izango da aldatu: “Etxebizitza berriak ohiko etxebizitza iraunkor gisa erabiliko dira beti, errentamendu-erregimenean edo jabetzan”, zehaztu dute.
Beheko solairuetan kokatutako lokaletako baten jabeak etxebizitza saldu edo alokatzea erabakiko balu, “esleipen-prozedura baten onuradun diren eta zenbait baldintza betetzen dituzten” pertsonek eskuratu ahal izango dituzte, hala nola, hiru urteko antzinakotasunagaz Busturian erroldatuta daudenak, etxebizitza bizigarririk jabetzan ez dutenak, babes publikoko etxebizitzak esleitzeko Eusko Jaurlaritzaren gehienezko eta gutxieneko diru sarreren araudia betetzen dutenak edota Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alokairuko edo erosketako etxebizitzaren eskaitzaile gisa izena emanda daudenak.
Horrez gain, nahiz eta etxebizitza baten jabetza izan, 65 urtetik gorako pertsonek, mugikortasun murriztu iraunkorra dutenek edota mugikortasun murriztu iraunkorra duten seme-alabekin bizi diren pertsonek ere etxebizitzak eskuratu ahal izango dituzte, beti ere, jabetzan duten etxebizitzak irisgarritasun baldintza teknikoak betetzen ez baditu. Gainera, ordenantza berria indarrean sartu baino “gutxienez hiru urte lehenago” lokal baten jabeak diren pertsonek, edota etxebizitza heredatu dutenek, aurreko “baldintzak bete gabe” izango dute etxebizitzok erabiltzeko aukera.
Bizigarritasun bermeak.
Etxebizitza bihurtzen diren etxebizitza berriak “bizigarritasun-berme tekniko guztiak” beteko dituztela azpimarratu dute udaletik: argiztapena, aireztapena, isolamendu akustikoa, pribatutasuna, segurtasuna, ke-hustuketa, sanemendua, instalazio termikoak, aireztatze eta klimatizazio ekipoak eta euri-uren hustuketa. Horrez gain, eraikinaren estetika errespetatuko dela zehaztu dute.
Ordenantza berriarekin, “lurzoru berria okupatu beharrik barik” eta, aldi berean, gaur egun erabiltzen ez diren lokalen jabeei alternatiba bat eskainiz, etxebizitza erabilgarrien kopurua handitu nahi du udalak. Gainera, neurri berriak etxabeak dauden guneen “uri-irudia hobetzen” lagunduko du, eraikitako ondarea optimizatuz eta pertsonek “etxebizitza duina izateko duten eskubidea erraztuz”.
Baldintzak argituta, Aretxagak denbora luzez landu duten ordenantzaren xede nagusia gogoratu du: “Helburua da itxita dauden eta merkaritza-establezimendu gisa potentzialik ez duten lokalak etxebitzitza bihurtzea. Eskaintza handitu egingo da eta etxebizitza duina prezio eskuragarrian eskuratzeko aukera erraztuko du udalerrian bertan”.