600 korrikalari inguru espero dituzte Gernika-Lumoko Milian
Gernika Atletismo Taldeak antolatuta, 38. Gernika-Lumoko Milia egingo dute zapatuan [maiatzak 23], 16:00etatik aurrera, San Juan Kalean.
600 parte hartzaile inguru espero dituzte; Gernika-Lumoko eta inguruko ikastetxeetatik 500 ume baino gehiagok izena eman dute. Muxikako Urretxindorra Herri Eskolako, Gautegiz Arteagako Montorre Herri Ikastetxeko, Gernika-Lumoko Allende Salazar Herri Eskolako, Seber Altube Ikastolako, San Fidel Ikastolako eta Mertzede Ikastetxeko, Arratzuko Barrutia Herri Eskolako, Busturiko Jose Mari Uzelai Herri Eskolako eta Natxituko Haizeder Eskolako ikasleak elkartuko ditu probak.
Internet bidezko izen ematea bihar itxiko dute (doakoa da), baina zapatuan, 15:30etik aurrera izena eman ahalko da: “2013an edo aurretik jaiotako edonork izena eman dezake, udalerrian erroldatuta egon gabe ere”.
Haur kategoriatik aurrerakoek egingo dute milla, hau da, 1.609 metroko lasterketa, eta umeek euren adin tarteeen araberako distantziak edukiko dituzte.
Denek amaituta, 19:00ak aldera banatuko dituzte sariak. Umeek medaila bana jasoko dute, eta 16 urtez azpikoen kategoriatik aurrera, sariak banatuko dituzte. Hau da, 16 urtez azpikoentan, 18 urtez azpikoetan, 20 urtez azpikoetan eta absolutuetan lehenengo hiru sailkatuak sarituko dituzte.
Herritarrei zapatuan hurbiltzeko gonbidapena luzatu diete antolatzaileek: “Animatzera etortzera gonbidatzen ditugu”. Horrekin batera, ikastetxeei eskerrak eman dizkiete, antolakuntza errazten baitiete, eta era berean, babesleei eta laguntzaileei ere esker ona adierazi diete, modu batera edo bestera, egiten duten ekarpenagatik.
Urte batzuetako etenaldiaren ondoren, duela hiru urte berreskuratu zuen proba hori Gernika Atletismo Taldeak, eta azpimarratu dute “udalerrian finkatu eta egonkortu” egin dela. Bestalde, taldea hamargarren urteurrena ospatzen ari da, eta zapatuan euren kamisetak salgai egongo direla jakinarazi dute.
Atletismo pista. Bestalde, udalerrian atletismo pista eskatuz mobilizatzen hasi da herritar talde bat, eta zapatuan, informazio-gunea ipiniko dute San Juan Kalean, eta horrekin batera, sinadurak batzen arituko dira.