"Hirugarren albumagaz, pausotxo bat aurrera egin dugu"
Eatar, gernika-lumotar eta zornotzarrez osatutako Eztandap taldeak urrats bat gehiago egin du: ‘Itzalak’, beren hirugarren lana, kaleratzeko prest dute. Formazioan aldaketa bat izan arren, makineria ondo olioztatuta eta "oholtzara igotzeko prest" dago.
Eztandap taldea; erdin, Goikoetxea eatarra. Argazkia: Txaber Miravalles. Asko eta askotarikoak dira tokiko musika eszena autogestionatuak bidean topatzen dituen harriak. Eztandap taldeko kideentzat, bateria-jotzaile aldaketa izan da erronken zerrendan azkena, baina Busturialdeko eta Zornotzako partaidez osatutako taldeak asmatu egin du horiei aurre egiten, eta beren hirugarren lana plazaratzeko puntuan dute: Itzalak. Asier Goikoetxea eatarrak, Juan Diego Chancafe gernika-lumotarrak eta Asier Fernandez, Jonathan Santos eta Jon Ander Agorreta zornotzarrek osatzen dute rockaren koordenatuetan mugitzen den bosteko ekuazioa.
Azkarra da bizitzaren abiadura, eta are bizkorragoa musika industriaren tempoa: kargutu orduko, hirugarren lana kaleratzekotan zaudete.
Bai. Unibertsitate sasoian hasi zen gure ibilbidea, eta, konturatzerako, bide ederra egin dugula uste dut. Polita izan da orain artekoa, eta aurrez aurre duguna halakoxea izatea espero dugu. Aurreko bateria-jotzaileak taldea utzi zuenean, une zailak bizi izan genituen, baina hura ere gainditu genuen; orain arteko bilakabidearen balorazioa ezin hobea da.
Zergatik Itzalak?
Lehen izenburu aukera Kintsugi zen. Pitxerrekin lotutako termino asiarra da: horietako bat apurtzen denean, konpondu ordez, arrakala gehiago egiten dizkiote; apurtuta egondakoa are gehiago markatzen dute, horri balioa eman asmoz. Hausturetatik indarra ateratzeko ideia asko gustatu zitzaigun, baina terminoa bera apur bat arrotz begitantzen zitzaigun. Beraz, irudi hori abestietako baten izenagaz —Itzalak— nahastea erabaki genuen. Hori bai, lanaren diseinuak keinu egingo dio kintsugi kontzepturi.
“Martin Guevararen teknikari lanaz gain, bere musikari alderdia ere asko miresten dugu, baita haren lanerako modua ere”
Azken lanean modura, berriro Martin Guevararen eskolara jo duzue.
Bai. Silver Recordings estudiora itzuli gara. Guevararen teknikari lanaz gain, bere musikari alderdia ere asko miresten dugu, baita haren lanerako modua ere. Hiru egunetan grabatu dugu album osoa, eta oso asebeteta geratu gara beharragaz. Beragaz lan egin dugun bigarren aldia izanik, hark ere jadanik badaki zer interesatzen zaigun edota zelan funtzionatzen dugun. Uneoro oso profesionala eta hurbila izan da haren lana, eta erabat eskertuta gaude.

Argazkia: Txaber Miravalles.
Berriro ere LP formatuaren aldeko apustua?
Bai. Zortzi abesti edukiko ditu, 28 minutu inguruko iraupenagaz.
Eta berriz ere ahotsa alde batetik eta sekzio instrumentala, berriz, analogikoan.
Halaxe da. Lehenengo, oinarri instrumental guztia analogikoan, alegia, taldekide guztiok batera grabatu dugu. Ostean, ahotsa txertatu dugu.
Zer dela eta grabazio analogikoarekiko hautu hori?
Oso gustura behar egiten dugu hala, eroso sentitzen gara. Batetik, denok batera jotzea errazagoa dela iruditzen zait; bestetik, kontzertu edo entsegu bat bailitzan, grabazioak naturaltasunetik irabazten duelakoan nago.
“Abestien abiapuntua izan daiteke melodia bat, riff bat nahiz letra zatiren edota esaldiren bat. Alde horretatik, entseguak dira kantuen laborategia”
Zelakoa izan da hirugarren lanerako sormen prozesua?
Egia esan, ez dugu ezer berririk egin. Normalean, Asier Fernandezek ideiak ekartzen ditu entseguetara, eta horietatik abiatzen ditugu kantuen hezurdurak. Hori bai, oraingo honetan kide bat baino gehiagoren eskutik jaio dira ideiok.
Eta zein izan da abestien abiapuntua?
Bada, ez dugu patroi edo eredu jakinik. Abiapuntua izan daiteke melodia bat, riff bat nahiz letra zatiren edota esaldiren bat. Alde horretatik, entseguak dira kantuen laborategia.
Alde estilistikoari helduta, orain arte, aniztasuna izan da zuon musika definitzeko berbarik egokiena.
Bai. Lehen albumak hard rock kutsua zuen, eta bigarrenaren zati batzuk, aldiz, pop rockera hurreratzen ziren, pasarte lasaiagoekin. Hirugarren geltoki honi dagokionez, denetarik edukiko duela uste dut. Izan ere, bateria-jotzaile aldaketak kutsu berezia eman dio musikari: estilo oldarkorragoa du, intentsoagoa eta zelanbait jotzaileagoa. Horrek eragina du, noski, abestietan. Azken batean, abestiak egiterakoan, ez dugu estilo edo korronte jakin batean pentsatzen: kantuak berak gidatzen gaitu horra, eta gu abestiak eskatzen duen horri kasu egiten saiatzen gara. Beraz, popetik hurbil dauden pistak sortu ditugu, baina rockeroak direnak edota hard rocka, funka zein stonerra ukitzen dutenak ere bai.
Albumari esangura kontzeptuala bilatzen saiatu al zarete?
Ez bereziki. Egia da keinuak egon, badaudela: Itzalak abestia dago, baita Argiak izenekoa ere. Gainontzekoek, baina, ez dute kontzeptualtasun handirik. Ez hori bakarrik: albumaren abestien ordena azken orduan erabaki dugu, azkena zein izango zen baino ez geneukan-eta guztiz argi.

Argazkia: Txaber Miravalles.
Eta ni begira kolaborazioz beteriko albuma zen.
Baina Itzalak-ek ez du bide hori jarraituko: ez dugu kolaboraziorik egin. Zuzenekoei begira, ez dugu baztertzen adiskideren bat gonbidatzerik, baina grabaketan ez du inork parte hartu.
Bideoklipa ere kaleratu zenuten aurreko albuma plazaratzean.
Bai, baina horri ere buelta bat ematea erabaki dugu. Ez dugu ohiko bideoklipik kaleratuko, baina gure sare sozialetan joango gara bideo laburren bat edo antzeko beste edukiren bat publikatzen. Hirugarren lanari begira, musikari erreparatu diogu gehien: alde musikala ahal beste fintzen ahalegindu gara, eta, ondorioz, ez ditugu indarrak bideoklipen alderdian ipini gura izan.
“Gogotsu gaude jendeak album berria zelan hartuko duen ikusteko”
Zein helburu duzue aurrerantzean?
Lehendabizikoa, grabazioagaz asebeteta geratzea, lortu dugu. Orain, datozen egunotan, aurrerapen abesti bat iragarriko dugu, eta album osoak hurrengo asteetan argia ikustea espero dugu. Maiatzaren amaieran, bestalde, zuzenekoen dinamikari helduko diogu. Gogotsu gaude jendeak album berria zelan hartuko duen ikusteko.
Oholtza gosez zaudete, horrenbestez.
Jakina. Hirugarren albumagaz, pausotxo bat aurrera egin dugu, eta urrats hori oholtzan bistaratu nahi dugu. Gaur-gaurkoz, Eako jaietan ariko garela aurreratu dezakegu, ekainean; gerora, uztailean, Zornotzakoetan. Sodupen ere oholtzaratuko gara, eta Galiziaraino ere bidaia egingo dugu, bertan jotzeko.