Gernika-Lumon hasiko dute Emakumeen Munduak XV. Nazioarteko Kongresua
Emakumeen Munduak XV. Nazioarteko Kongresuaren gai nagusia Emakumeak eta bakeak* da. Eguaztenean [maiatzak 20], 10:00etan elkartuko dira Astran.
Gernika Gogoratuz eta Gernikatik Mundurak antolatuta, Euskal Herrira ailegatuko da Emakumeen Munduak Nazioarteko Kongresua, lau urterik behin egiten duten nazioarteko topaketa. Hain zuzen ere, eguaztenetik domekara bitartean [maitzak 20-24] Gernika-Lumon eta Bilbon egingo dute Emakumeen Munduak XV. Nazioarteko Kongresua. Horrela, feminismoen bidez mundua, kontakizuna eta sareak “eratzen jarraitzeko” daukaten konpromisoa berretsiko dute.
Hausnarketarako, trukerako eta aldarrikapenerako jardueren bitartez, feminismoetatik bakeak berrirudikatzeko gonbidapena egingo du kongresuak: “Emakumeen munduak kongresua akademiako eta gizarte-aktibismoko emakumeak* biltzen dituen nazioarteko eta jakintza-alor arteko topaketa da”. Bost egunetan, hitzaldiak, elkarrizketak, tailerrak eta jarduera kulturalak partekatuko dituzte hainbat herrialdetako erakunde feminista eta bakezaleren ordezkariek. Antolatzaileen berbetan, proposamen horrek “garrantzia berezia” hartzen du gaur egungo testuinguruan, “sekuritizazioan, militarizazioaren eta gerra-narratiben gorakadak markatutako une honetan”.
Lau hamarkadatik gorako ibilbidea daukan diziplinarteko kongresua da. 2022an Mozambiken elkartu ziren, eta bertako ordezkaritzaren lekukoa hartuko dute eguaztenean [maiatzak 20], Gernika-Lumon. 10:00etan hasiko dute kongresua, Astran, eta egunean zehar, udalerriko memoria-guneak ezagutzeko ibilbidea egingo dute.
Emakumeak eta bakeak* da aurtengo gai nagusia: “Pluralean ipini ditugu, emakumeok* bakearen kulturari ematen dizkiogun forma anitzak aitortzeko”. Ongietorri ekitaldian, Shaynna Pidori brasildarrak zuzendutako Conversas com Mulheres Moçambicanas ikus-entzunezkoa aurkeztuko dute.
11:00etatik 19:00etara bitartean, udalerriko memoria-guneetatik bisita gidatuak egingo dituzte. Besteak beste, Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaiak, Ana Otadui lehendakaria buru, hartuko ditu Gernikako Batzar Etxean. Bertan, Maria Oianguren Gernika Gogoratuz Bakearen Aldeko Ikerketa Zentroko zuzendariak Ohorezko Liburua sinatuko du, “Bizkaiko erakunde parlamentarioaren eta Emakumeen Munduak XV. Nazioarteko Kongresuaren arteko lotura sendotzeko asmoz”. Gernikako Bakearen Museoan, berriz, arpillera tailerra egingo dute, ehungintzaren bidez, indarkeriaren eta erresistentziaren inguruko esperientziak modu kolektiboan kontatzeko.
Irekiera ofiziala eguenean [maiatzak 21] izango da Bilboko Bizkaia aretoa-EHUn; 09:00etan inauguratuko dute. Domekara bitartean, bakearen inguruko hausnarketei jarraipena emango diete kongresuko jardueretan. Zapatuan, kalejirak, memoriaren eta bakearen aldeko ibilbideak eta kaleko kultur adierazpen “anitzak” izango dituzte. Domekan itxiko dute kongresua, Bakearen eta Armagabetzearen aldeko Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat eginez: “Kongresua sareak eta estrategia feministak ehuntzeko gonbidapena da, aldaketak bultzatzeko, zubiak eraikitzeko eta bestelako etorkizuna irudikatzeko. Justiziatik eta baketik, mundu bizigarriagoa pentsatzeko espazio kolektiboa izango da. Hiltzen gaituzten gerrarik gabe eta zapaltzen gaituzten bakerik gabe bizi nahi dugu”.
Euskal Herriko, Kolonbiako eta Mozambikeko emakume*, erakunde feministak eta bakegileek bi urte daramatzate topaketa hau kolektiboki eraikitzen, Gernika Gogoratuz eta Gernikatik Mundura gidari: “Duela bi urtetik elkarrekin ari gara topaketa hau eraikitzen. Kongresu hau Sorburua. Bakearen aldeko emakume internazionalistak izeneko prozesu kolektiboaren emaitza da. Emakumeek*, kolektiboek eta oinarrizko erakundeek aliantzak sendotzeko eta bakeen inguruan ideiak ereiteko sustraiak bota dituzte. Tokiko prozesu bakoitzak ehun amankomun bat josi du, gaur egun mundu-mailako topaketa honi forma ematen diona, alegia”.
Lankidetza eta babesletza. eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gernika-Lumoko Udalaren eta Bilboko Udalaren babesagaz antolatu dute kongresua. Halaber, Euskal Herriko Unibertsitatearen, Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuaren eta Koloretxeren lankidetza dauka, emakume eta feministen taldeen, unibertsitate alorreko eta gizarte zibilaren hainbat erakunderekin batera.