Artisau Arrantza Ezagutuz! programa Bermeora heldu da
Artisau Arrantza Ezagutuz! programaren barruan, Bermeoko San Pedro Kofradian egin dute sukaldaritza-tailerraren lehenengo jardunaldia, eta bertako lonja ere bisitatu dute.
Argazkia: Eusko Jaurlaritza. Izan Arrantzale proiektuaren barruan, Artisau Arrantza Ezagutuz! programa berria aurkeztu du, baxurako arrantzaren sektoreak.
Gipuzkoan sei urtez jardun dute programa garatzen, eta orain, Bizkaira jausia eman dute: “Lehenengo aldiz, arrantza-sektorearen belaunaldien arteko erreleboa lantzeko proiektu estrategiko honek lurralde-mugak zeharkatuko ditu, 2025-2026 ikasturtean Euskadin batera garatzeko”. Izan ere, belaunaldien arteko erreleboaren egungo erronka lantzea da proiektuaren helburua, eta esperientzietan oinarritutako ikasketa-metodologiaren bidez, gaztetxoek artisau-arrantza eta baxurako arrantza tradiziotzat ez ezik, “ekonomia urdinerako lanbide moderno, duin eta funtsezkotzat ere hartzea” lortu nahi dute. Horrekin batera, elikadura eta kontsumo jasangarriago eta arduratsuagoaren garrantziaz sentsibilizatu nahi dituzte.
Bermeoko San Pedro Kofradian egin dute sukaldaritza-tailerraren lehenengo jardunaldia, eta bertako lonja ere bisitatu dute Urkitzaurko Urkitza Eskolako 8 eta 9 urteko 50 ikaslek.
Opegui eta Opescaya Gipuzkoako eta Bizkaiko baxurako arrantza-ekoizleen erakudeek, HAZIk, MSC (Marine Stewardship Council) nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeak eta Eroski Fundazioak bat eginez sortu dute programa, eta “aurrekaririk gabeko aliantza estrategikoa” dela azpimarratu dute. Sektore arteko lankidetzak balio-kateko eragile nagusiak batzen ditu, “arrantza-trazabilitatearen zirkulua ixteko”. Batasun horri esker, belaunaldien arteko erreleboaren erronkari hainbat ikuspegi profesional eta aditutatik heldu dakiokeela uste dute: “Euskadi mailan aitzindaria da hezkuntza-proiektu hau, eta bere bitartez, 300 ikaslek arrantzaren prozesua bertatik bertara ezagutuko dute, arrantzaletik mahaira ibilbidea biziz”. Eusko Jaurlaritzaren Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eta Itsas Garapen Euskadiko Arrantza Ekintza Taldearen laguntzarekin garatzen ari dira programa pilotua.

Argazkia: Eusko Jaurlaritza.
Getaria, Hondarribia eta Bermeoko portuetako lonja eta kofradietara bisitak egingo dituzte, nutrizio eta kontsumo arduratsuari buruzko tailerrak, sukaldaritza ikastaroak eta Arrantza Ikustera Goaz! esperientziak eskaintzen dituzte programan: “Helburua da ikasle bakoitzak bertatik bertara bizi ditzala arrainak itsasotik irteten denetik bere platerera iristen den arte zeharkatzen dituen lau etapa nagusiak, sektorearen ikuspegi osoa eta modernizatua bermatuz”.
Bisitetan, prozesuaren lehenengo fasea ezagutuko dute. Arraina portura nola iristen diren eta ekanteak nola funtzionatzen duen ikusiko dute; rol-jokoen bidez, fikziozko enkante batean parte hartuko dute, erosle bihurtuz.
Nutrizio eta kontsumo arduratsuari buruzko tailerretan, berriz, Eroski zentroak bisitatuko dituzte, “erosketa arduratsuaren garrantzia ulertzeko”. Etiketak irakurtzen, kalitate- eta jasangarritasun-zigiluak identifikatzen eta tokiko eta sasoiko produktuetan oinarritutako elikadura orekatuaren garrantzia ulertzen ikasiko dute.
Sukaldaritza ikastaroak Donostian eta Bermeon emango dituzte. Errezeta “berritzaile eta erakargarrien” bidez, arraina eguneroko elikaduran integratzeko elikagai “dibertigarria eta zaporetsua” dela erakutsiko diete.
Arrantza Ikustera Goaz! esperientzian, ostera, itsasora irtengo dira, “artisau-arrantzako jardunaldi erreal bat bizitzeko”: “Ikasleek zuzenean ikusiko dute baxurako ontziek hondoko tretza bezalako tresna txikiekin nola lan egiten duten”. Horri esker, bertako espezieak bereizi ahalko dituzte, baita harrapaketa bakoitzaren atzean dagoen esfortzua baloratu ere. Azaldu dutenez, hezteaz gain, itsasoarekiko lotura emozionala sortzea dute helburu, “ikasleak artisau-arrantzako eta baxurako etorkizuneko preskriptore eta profesional bihurtuz”.
Ixone Soroa Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren hitzetan, horrelako programak “funtsezkoak” dira bertoko artisau-arrantzaren eta baxurako arrantzaren etorkizuna bermatzeko: “Belaunaldi berriek Euskadirentzat estrategikoa den sektore bat barrutik ezagutzea behar dugu, gure itsas nortasunari, jasangarritasunari eta hurbileko elikadurari lotua”. Itsasoaren, kofradien eta bertoko arrantzaleen errealitatea ikasleei hurbiltzea portuentzat eta euskal arrantzaren balio-kate osoarentzat “etorkizuna ereitea” dela azpimarratu du.
Raimundo Ruiz de Escudero HAZIko zuzendariak esan modura, programa “aukera bikaina” da gazteei kontsumitzen dutenaren atzean dauden bermeak identifikatzen irakasteko. Eusko Label bereizgarria ezagutzen ikastea nahi dute, euskal flotak harrapatutako arrainaren kalitate, jatorri eta freskotasun “handiko” zigilua baita: “Zigilu hori belaunaldi berrien aurrean balioan jartzeak ekonomia urdina eta tokiko enplegua babesteaz gain, kontsumo arduratsu, kontziente eta euskal lehen sektorearekin konprometituaren preskriptore bihurtzen ditu ikasleak”.