"Palestinar herriaren eta munduko herrien etorkizunarekin konprometitzen gara"
'Gernikaren herritik, bakea eta justizia' manifestua sinatu dute dozenaka eragilek gaur, Gernika-Lumon.
Gernika-Palestina Herri Ekimenarenak elkartuta, “inflexio puntu berri bat” irudikatu dute 60 bat eragilek gaur [maiatzak 16] Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan. Izan ere, horixe da “gaur egungo egoerak exijitzen” duena eta egoera horren aurrean, erantzukizuna hartzeko konpromisoa hartu dute. “Garrantzitsua horixe baita; genozidioa, gerra eta eskubide urraketen aurrean, eta bakearen eta justiziaren bidean, urrats koalitatiboak elkarrekin ematea. Nor gu baino egokien ‘Gernika gehiagorik ez’ ozen eta irmo adierazteko”, esan du Eneko Gerrikabeitiak, Gernika-Palestinaren izenean.
Alderdi politiko, sindikatu, herri erakunde, gobernuz kanpoko erakunde, giza eskubideen aldeko erakunde eta eragile sozialen ordezkariak bildu dira, eta Gernikaren herritik, bakea eta justizia manifestua irakurri eta sinatu dute.
Palestinako genozidioa eta Libanoren eta Iranen aurkako erasoak gogoan eduki dituzten, eta horiek gatazken “zerrenda luze bati” gaineratu zaizkiola zehaztu dute: Errusiaren Ukrainako inbasioa, Afrikako eta Amerikako kontinenteetan etengabeko desegonkortzea eta esku-hartzea, Mendebaldeko Sahararen okupazioa…
Erantzukizunaz jokatzeko ordua dela aldarrikatuko dute, atxikimendutik ekintzetara pasatzeko garaia dela: “Entzule edo ikusle izatetik, protagonismoa eta konpromisoak hartzeko garaia dela uste dugu. Genozidioak, garbiketa etnikoak, gerrak, gizateriaren aurkako krimenak, laguntza humanitarioaren blokeoak, goseteak eta desplazamendu masiboak, besteak beste nagusi dira egunotan. Finean, Palestinako egoeraz harago, munduko egoerak genozidioa, inpunitatea eta gerrekin amaitu behar dela aldarrikatzera behartzen gaitu”.
Orain arte egindako bidea errepasatu, eta aurrera begirako jarduna hizpide izan dute. Izan ere, manifestuan jaso bezala, itxaropena ez dute galdu; etorkizun amankomun bat irudikatu dute, bidean adostasu zabalak bilatuz.
Manifestuaren sinatzaileek herri guztien bakea eta autodeterminaziorako eskubidea defendatzen dituzte, baita oparotasuna ere, “inposatzen ez den zerbait” bezala ulertuz: “Gerraren aurka eta bakearen, justiziaren eta herrien subiranotasunaren aldeko konpromiso kolektiboa adierazten dugu manifestua sinatu dugun eragileok. Palestinar herriaren eta munduko herrien etorkizunarekin konprometitzen gara”. Nazio Batuen Gutuna eta nazioarteko zuzenbidea defendatzen dituzte, bizikidetza baketsurako “marko inperfektua baina beharrezkoa” delako.
Horrenbestez, gatazkak konpontzeko helburuari eutsiz, elkarrizketa, diplomazia eta negoziazioaren bidea defendatzen jarraituko dutela azpimarratu dute: “Militarismoaren aldeko apustuaren, gerra eskaladen, erasoen eta beldurraren politikaren aurrean, pertsonen ongizatea eta herrien eskubideak eta subiranotasuna erdigunean jarriko dituen segurtasun-politika defendatuko dugu”. Beste behin ere, Israelen inpunitatea amaitzea eskatu dute, eta adierazi dute euren esku dagoen guztia egingo dutela “erregimen genozida hori isolatzeko”.
Ibon Meñika Gernika-Palestina Herri Ekimeneko kideak nabarmendu bezala, Palestinari buruz hitz egiten jarraituko dute, “Palestinari buruz hitz egiten jarraitu behar delako”. Izan ere, Palestinaren alboan dagoen herri bat, Gernika herria irudikatu nahi dute.
'Gernikaren herritik, bakea eta justizia' manifestua
Gernikaren herria da gurea, gerraren ankerkeria eta basakeria pairatu dituen herria.
Elkartasuna adierazi diogu Palestinako herriari, genozidioa salatu dugu, baita Israelgo Gobernuak jarduteko duen inpunitatea ere. Salatu dugu inpunitate horrek nazioarteko zuzenbidearen urraketa berriei ateak irekitzen dizkiela, biztanleria zibilaren aurkako bonbardaketei, gosea gerra-tresna gisa erabiltzear… eta, zoritxarrez, ez gara gai izan guzti honi amaiera emateko.
Baina ez dugu itxaropena galdu: etorkizun amankomun bat irudikatu dugu, Palestinako herriarekiko elkartasun aktibo eta materiala, geno- zidioaren salaketa masibo eta etengabea eta haren egileen jazarpen judiziala, bidean adostasun zabalak bilatuz.
Palestinaren aurkako erasoei, Libano eta Irango azken erasoak gehitu zaizkie, eta gatazka zerrenda luze bati batu zaizkio: Errusiaren Ukrainako inbasioa, Afrikako eta Amerikako kontinenteetan etengabeko desegonkor- tzea eta esku-hartzea,
Mendebaldeko Sahararen okupazioa eta beste hainbat herrirena. Guzti hauek milioika pertsona heriotzera, miseriara eta sufrimendura kondena- tzen dituzte. Ezin dugu, bestetik, eskalada nuklearra ahaztu, berriro ere gizateriaren etorkizunerako benetako mehatxu bihurtu dena.
Honen aurrean, herri guztien bakea eta autodeterminaziorako eskubidea defendatzen dugu, baita oparotasuna ere, inposatua ez den zerbait bezala ulertuta. Nazio Batuen Gutuna eta nazioarteko zuzenbi- dea defendatzen ditugu, bizikidetza baketsurako marko inperfektu baina beharrezko gisa.
Elkarrizketa, diplomazia eta negoziazioaren bidea defendatzen jarrai- tuko dugu gatazkak konpontzeko. Militarismoaren aldeko apustuaren, gerra-eskaladen, erasoen eta beldurraren politikaren aurrean, pertsonen ongizatea eta herrien eskubideak eta subiranotasuna erdigunean jarriko dituen segurtasun-politika defendatuko dugu.
Sinatzen dugun eragileok gure konpromiso kolektiboa adierazten dugu gerraren aurka eta bakearen, justiziaren eta herrien subiranotasuna- ren alde.
Gernikaren herria gara: gerraren, basakeriaren eta militarismoaren aurka gaude; Palestinar herriaren eta munduko herrien etorkizunarekin konprometitzen gara. Israelen inpunitatea amaitzea eskatzen dugu eta gure esku dagoen guztia egingo dugu erregimen genozida hori isolatzeko. Hori da gure konpromisoa eta guztion ardura da hori praktikara eramatea.