Kurtzeroko plaza eta jolasgune berdea, gero eta hurbilago
Kurtzeroko aparkaleku nagusia itxuraldatuta, plaza eta jolasgune berdea eraikiko dituzte. Proiektua bi fasetan egingo dute, eta lehenengo faseko lanak urtea amaitu aurretik esleitzea aurreikusi dute.
Kurtzero auzoan elkargunea sortzeko pausoak ematen ari dira Muxikako Udala eta herritarrak. Auzoko aparkaleku nagusian, plaza eta jolasgune berdea eraikiko dituzte, eta bide horretan, eskutik helduta doaz udala eta bertako bizilagunak: «Muxikako Udala oso konprometituta dago gobernantza kolaboratiboagaz. Herritarren parte hartze aktiboa bilatzen dugu udalerrian egiten diren proiektu guztietan, tartean, hirigintza-proiektuetan. Izan ere, uste dugu funtsezkoa dela espazio horiek erabiliko dituzten herritarrek zeresana edukitzea proiektua pentsatzen hasten den momentutik». Kasu honetan ere, herritarrekin egon dira lehenengo diagnostikoa egiteko.
Ondoren, azterketa horretatik ateratako informazio guztiagaz, proiektua idatzi zuten, eta orain, aurreproiektua esku artean daukatela, horri ekarpenak edota hobekuntzak egiteko aukera eduki dute herritarrek: «Horrela, ibilbide guztia, proiektua pentsatu zenetik, egingo denera arte, herritarren eskutik egin izan da, beste proiektu askotan egin dugun moduan».
«Herritarren parte hartze aktiboa bilatzen dugu udalerrian egiten diren proiektu guztietan»
Muxikako Kurtzeroa azkenengo urteetan asko hazi den auzoa da, etxebizitza berri asko eraiki dituzte, eta gaur egun, udalerriko auzorik populatuena da, hau da, udalerriaren biztanleriaren zati handiena bertan bizi da. Paradoxikoki, baina, auzoak ez dauka elkargune natural bat, ez dauka herriko plaza bat edo jendea elkartzeko gunerik. Udal gobernu taldeak espazio publiko baten falta sumatzen zuen, non jendea elkartu ahal izango den, eguraldi txarra dagoenerako gune estali bat edukiko duen, umeekin egoteko gune bat… Pandemian beharrizana areagotu zen: «Ezin ginen irten udalerritik, eta udaletik ikusten genuen gabezi hori herritar askok ere ikusi zuten. Herritar askok helarazi zigun Kurtzeroan horrelako espazio bat behar zutela».

Auzoaren beharrizana
Horrenbestez, 2021. urtean udaberrian, parte hartze prozesu bat martxan ipini zuten. Aparkaleku berdeei buruzko parte hartze saio bat egin zuten, eta herritarren erantzuna «oso ona» izan zen: «Herritar pila batek parte hartu zuen». Saio horretatik ateratako ondorioetako bat izan zen Kurtzeroan dagoen aparkalekua «gaindimentsionatuta dagoela, benetan auzoak daukan beharrizanerako». Hau da, aparkalekua handiegia da, eta ez du horrenbeste ibilgailuk bertan aparkatzen. Eta, aldi berean, herritarrak egoteko gune bat falta zela ondorioztatu zuten.
Beraz, parte hartze saio horretan proposamen bat zehaztu zen: aparkalekuari zati bat kentzea eta plaza edota elkargune bat eraikitzea, baita umeentzako espazio bat ere, espazio berdea, jolasgune bategaz.
Horri helduta, aurreproiektua egin zuten, aurrekontua zehaztuz. Horiek aztertuta, eta kontuan edukita aurreproiektua «oso handia» dela, Muxikako Udalak erabaki du proiektua bi fasetan gauzatzea.
«Kurtzeroko aparkalekuaren espazioa berrantolatu, eta erabilera berriak adostu ditugu guztion artean»
Lehenengo fasean, plaza eta jolasgunea eraikiko dituzte. 250.000 euro inguruko inbertsioa egitea eta lanak urtea amaitu aurretik esleitzea aurreikusi dute.
Bigarren faseari datorren urtean ekingo diote. Fase horretan, estalkia ipiniko dute.
Bide horretan, iragan eguen arratsaldean Kurtzeroko plaza eta jolasgune berriari buruzko parte hartze saioa egin zuten, Zubieta-Errota Udal Liburutegian: «Ideia nagusiak eduki ditugu, eta aurreproiektua eginda dago; beraz, aurreko asteko saioaren helburua izan zen herritarrek aurreproiektuari ekarpenak egitea, herritarren eskutik, azkenengo proiektuari hobekuntzak sartzeko».

Gainera, Umeen Kontseiluaren bidez, udalerriko umeen ekarpenak eta proposamenak ere jaso ditu Muxikako Udalak: «Parte hartze saio emankorra izan zen. Kurtzeroko aparkalekuaren espazioa berrantolatu, eta erabilera berriak adostu ditugu guztion artean, eta ateratako ondorioei herriko haurrekin egindako saioan egin zituzten ekarpenak ere gehituko zaizkie. Kurtzeroko plaza berria eta jolasgune berdea gero eta hurbilago dago!».
Parte hartze saioa
Egueneko parte hartze saioan, hiru ariketa planteatu zizkieten, eta bakarka zein taldetxoetan bilduta egin zuten lanketa. Horrela, gaur egun bakoitzak espazio horri ematen dion erabilera eta harekiko daukan pertzepzioa jaso zituzten. Gunearen potentzialtasuna eta dauzkan mugak zehaztu eta zelan hobetu daitekeen hausnartu zuten. «Orain, egunerokotasunean ematen dioten erabileraz gain, jendeak etorkizunean zelan imajinatzen duen ikusi nahi izan dugu. Espazioa hobeto aprobetxatzeko, guneari etekina ateratzeko, erabakia hartu dute, eta ekarpenak jaso ditugu».