Gautegiz Arteagako Udalak alegazioa aurkeztu dio Bizkaibus zerbitzua berritzeko aurreproiektuari
Gautegiz Arteagako Udalak alegazioa aurkezu dio Bizkaiko Foru Aldundiak proposatutako garraio publikoaren zerbitzuaren aurreproiektuari. Zehazki, Bizkaibuseko 3532-4 linean aldaketa bat egitea proposatu du, “udalerriko auzo guztiek hondartzetara joan-etorriak egiteko garraio publikoa eduki dezaten”.
Patrik Saitua Gautegiz Arteagako alkatearen hitzetan, mugikortasun iraunkorrarekin eta irisgarritasunarekin lotutako ekarpena egin du udalak, irtenbide “erraza” proposatuz: “Gure eskualdean eta, bereziki, eskuinaldean, garraio publikoa hobetzea gure gobernu-taldearen beharra, aldarrikapena eta lan-ildo estrategikoa da. Gautegiz Arteagako edozein bizilagunek Laida eta Lagako hondartzetara lineako autobusez joateko aukera eduki beharko luke. Garraio publiko erregular iraunkorreko eta erabilera orokorreko zerbitzuaren aurreproiektuari aurkeztutako alegazioa zuzenean lotuta dago mugikortasun iraunkorrarekin, irisgarritasunarekin eta udan baliabide garrantzitsu bat garraio publikoan eskuratzeko eskubideagaz. Gainera, irtenbide erraza proposatzen dugu”.
Udan, Ibarrangelu eta Gernika-Lumo lotzen dituen 3532-3 linean, Gautegiz Arteagako Muruetagane auzoko bizilagunek ez daukate garraio publikorako aukerarik hondartzetara joateko. Horregatik, Gautegiz Arteagak zerbitzu hori Muruetaganen hastea eskatu du, horrela, Muruetagane, Basetxetas eta Aldamiz auzoetako bizilagunek hondartzara garraio publikoan joateko aukera izango luketelako. Ibilbidea “optimizatzeko”, konexioak “hobetzeko” eta zerbitzua “eraginkorragoa izateko” modua dela uste dute udal ordezkariek, eta adierazi dutenez, neurri horrek Ereñoko bizilagunei ere “mesede egingo” lieke: “Udan, “Hondartzetako autobusa” izenaz ezagutzen den linea horrek hiru aldagai izango ditu: 3532 1 Lekeitio-Gernika hondartzetatik, 3532 2 Elantxobe-Gernika hondartzetatik eta 3532 3 Ibarrangelu-Gernika hondartzetatik. Jende asko biltzen den linea da, Laida eta Lagako hondartzetatik igarotzen delako”. Bi gune horiek aparkaleku “mugatuak” daukaztela gogoratu dute, eta, beraz, “zaila dela bertara iristea”.