Museoen Nazioarteko Egunari begira, bisita bereziak eskainiko dituzte Ereño Museoan eta Ereño Behatokian
Maiatzaren 18a da Museoen Nazioarteko Eguna, eta horrekin bat egin dute Ereño Museoak eta Ereño Behatokiak. Bezperan, maiatzaren 17an [domeka], bisita bereziak eskainiko dituzte doan 11:30ean, eta horietarako aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da, Internet bidez.
Rober Garay mundakarrak eta Alberto Palomera bilbotarrak dira horien sustatzaile nagusiak, eta euren hitzetan, galdu ezinezko aukera ezin hobea izango da asteburu honetako: “Ereño eremu menditsua baino askoz gehiago dela ezagutzeko aukera paregabea izango da; gaur egun, mihise bizia da Ereño, arteak sendatzea eta poesia bihurtzea erabaki duen harrizko zauria da”. Horrenbestez, zentzumen-esperientzia proposatzen dute, beste behin: “Harmonia geologikoaren eta memoria biziaren bilatzaileei zuzendutako esperientzia sentsorial bat izango da; funtsean, harriaren erdigune egingo dugun bidaia izango da bisita gidatua”.
Domekako bisita gidatuaren bidez, “tokian tokiko museo txikiek daukaten garrantzia” agerian utzi gura dute, “erresistentzia kulturalerako, berrikuntzarako eta jakintzen transmisiorako” espazioak baitira, leku jakin baten historia “berezia” artearen eta egungo pentsamenduaren kezka “globalekin” lotuz.
Ereño Museoa 2022ko maiatzean inauguratu zuten, eta Ereño Behatokia —marmol gorriko harrobitan sortutako arte galeria erraldoia— , berriz, 2019ko maiatzean. Garay eta Palomeraren arabera, Ereño Museoa ez da erakusketa gune bat soila, denborarekin elkarrizketa sortzen duen santutegia da: “Harriak gu iritsi aurretik bizi izan zuena kontatzen digun museoa da. Ireki zenetik, proiektu honek erakutsi du landa-arteak eta industria-ondarearen berreskurapenak ezohiko deialdia egiteko ahalmena daukatela”. Ereñoko Udalak eta Urdaibai Turismo agentziak kudeatuta, 3.000 pertsona baino gehiagok bisitatu dute museoa.
Museoen Nazioarteko Kontseiluak 1977az geroztik bultzatutako eguna da Museoen Nazioarteko Eguna, eta horren bidez, hezkuntzan zein kultur arloan museoek daukaten garrantzia azpimarratu dute urtero. Ospatzeko eta hausnartzeko hitzordua da, eta iaz, esaterako, 138 herrialdetako 37.000 museoek bat egin zuten egun horregaz.