Kulturagaz hamaika zita, oporrak aurretik
Ikasturtearen azken txanpan sartuta, oporraldia noiz iritsiko zain daude asko. Itxaronaldia aritzen laguntzeko, kulturaz gozatzeko hamaika aukera prestatu ditu Gernika-Lumoko Kultur Etxeak, herriko jaiak bitarteko egitaraua onduta. Hala, datozen hilabeteetan ez dira ikus-entzunezkoak, antzezlanak, kontzertuak edo bakarrizketak faltako.
Jon Plazaola izango da zapatuan AA Aita bakarrizketagaz herritarren ahoan irribarrea margotzeko ardura hartuko duena. Guraso denetik bi urte igaro direla aprobetxatuta, aitatasuna izango ditu ardatz eta aitzaki, «patetismo eta ergelkeria propioaz» aritu eta Lizeo Antzokia barrez lehertzeko.
Apirila memoriarako hilabetea izaten da Gernika-Lumon, baina bakearen aldeko mezuak urte guztian zabaltzearen aldekoak dira. Horregatik, Pforzheim eta Gernika-Lumoren senidetzea ardatz, bi udalerrietako abesbatzek, Andra Mari Koralak eta Jugendkantorei Pforzheimek, Bakearen aldeko kontzertua eskainiko dute maiatzaren 23an, Lizeo Antzokian.
Bakarrizketak eta kontzertuek ikus-entzunezkoei emango diete lekukoa maiatza amaitzeko: Lizeotekak antolatuta, Carlos Iglesiasen La Bala filma ikusi ahalko da.
Ekaina berezia izango da aurten, gernika-lumotarrena izango baita oholtza. Ekainaren 5ean, adibidez, Ziomara Hormaetxe koreografo eta dantzariak Lattice bere ikuskizun berria aurkeztuko du, Lizeo Antzokian. Dantza garaikideko pieza Hormaetxek sortu eta zuzentzen du, eta gainera, dantzarietako bat ere bada. Diziplina anitzeko proposamena da, «sorkuntza digital sortzailea eta narratiba eszeniko bizia» uztartzen dituena.
Dantza garaikidetik elektronikara jauzi egingo dute ondoren. Munduan zehar ibili ostean, Infinity Clubbing talde kulturalak Seber Altube auditorioan izango du geraleku ekainaren 20an, udalerria musika elektronikoz betetzeko.
Sei kontzertu.
Ikasturtea Arbolapean kultur programagaz agurtu du kultur etxeak azken urteotan, uztaileko eguen guztietan Seber Altube Audiotorioko oholtza herriko taldeei eskainita. Taldeak, baina, «gero eta gehiago» dira Gernika-Lumon, eta eskariari erantzunez, lau astetan beharrean, sei astetan antolatuko dituzte aurten kontzertuak. Hala, uztailean barik, ekainaren 25ean hasiko da aurten Arbolapean. Zuga izango da aurtengo ekitaldia inauguratuko duena. Atzetik, astez aste, Biziraun diska aurkeztuko duen Ziraun taldea, Sueder, Naz, Mikosis eta Intensidades Ortegaren txanda izango da. l