Andra Mari eta Santa Eufemia jaien azalaren bila
Bermeoko Udalak Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako kartela aukeratzeko lehiaketa abiarazi du, eta ekainarean 26a bitartean zabalik egongo da proposamenak aurkezteko epea.
Bermeoko Udala Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak iragarriko dituen kartelaren bila dabiltza dagoeneko. Ohi legez, lehiaketa formatuan aukeratuko dute jaietako azal berria eta edozein pertsona fisikok parte hartu dezake. Interesdunek ekainaren 26ko 14:00ak bitartean dute proposamenak aukezteko aukera.
Lehiaketaren gaia Bermeoko jaiak izango da eta kartelak herriaren izaera islatu beharko duela zehaztu dute; hau da, jai herrikoiak eta herritarentzat direnak irudikatu beharko ditu, sortzaileak, euskaldunak, feministak, solidarioak eta ekologistak. Gainera, karteletan ‘Bermeoko jaiak 2026’ eta ‘irailaren 7tik 16’ testuak agertu beharko dira derrigor.
Sormen aldetik, parte hartzaileek nahi beste kolore eta teknika uztartu ahal izango dituzte, baina azken emaitzak 50×70 zentrimetroko neurria izan beharko du, formatu bertikalean eginda. Kartela lehiaketara aurkezteko bi bide zabaldu dituzte: bereizmen handiko PDF formatuan edo euskarri gogorrean, N-292 inprimakia beteta. Proposamenak Berhaz Bulegoan —08:00etatik 14:30era— edo Bermeoko Udalaren egoitza elektronikoan entregatu beharko dira.
Aukeraketa.
Jasotako proposamen guztien artean bakarra sarituko dute, eta irabazleak 600 euro jasoko ditu. Aukeraketa bederatzi kidez osatutako epaimahaiak hartuko du eta nabarmendu dutenez, horretan emakume eta gizonen ordezkaritza “orekatua” izango da. Lan guztiak aztertuko dituzte, besteak beste estetika, Bermeoren izaera islatzea, balioak eta originaltasuna kontuan hartuta. Balorazioan “gizakiek egindako lanak” lehenetsiko dituzte adimen artifizialaren bidez egindakoen aurretik. Edonola ere, parte hartzaileren batek kartelen sorkuntzan adimen artifiziala erabiltzen baldin badu, nahitaez horren berri eman beharko du aurkezpenean.
Epaimahaikiden bozkak zenbatuta, puntuaziorik altuena duten lanak azken fase batera sailkatuko dira. Horretan, herritarrek izango dute jaietako kartel irabazlea bozkatzeko ardura. Bozketa epea uztailaren 1eko 08:00etatik uztailaren 10eko 14:00etara artekoa izango da, eta udalaren webguneko Esaizu plataforman zein Gizarte eta Kultura Etxean egin ahalko da. Presentzialki bozkatzeko ordutegia 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:15era artekoa izango da, astelehenetik barikura bitartean. Gizarte eta Kultura Etxean aurrez aurre emandako botoek %70 balioko dute eta internet bidez jasotakoek berriz, %30.