Musika, kirola eta aldarrikapena, Musutruk Mundaka elkartearen lehenengo urteurrena ospatzeko
Argazkia: Musutruk Mundaka Ospakizunez betetako asteburua eduki dute mundakarrek. Musutruk Mundaka elkartearen lehenengo urteurrena ospatu dute; atzo Kirol Egunean elkartu ziren, eta herenegun, berriz, Musika Egunean.
Beste behin, herritarren babesa sentitu dute elkarteko kideek, eta asteburuak utzitakoagaz “oso pozik” daude: “Oso ondo atera da dena. Ekintza guztietan jende asko eduki dugu; ekitaldi guztiak kontuan hartuta, 300 pertsona baino gehiago elkartu gara. Gainera, eguraldiarekin ere zortea eduki dugu, ekaitzak gure ekintzak amaitu eta gero sortu zirelako”. Orain arte egindako bideagaz eta lanagaz bezala, urteurren ospakizunarekin ere gustura geratu dira, eta jendearen “inplikazioa” azpimarratu dute.

Argazkia: Musutruk Mundaka
Hain zuzen ere, ekitaldietan elkartearen urtebeteko ibilbidearen errepasoa egiteko tartea ere hartu dute, eta gaur gaurkoz, elkarteak daukan “erronka handiena” instituzio publikoen laguntzak lortzea dela azaldu zieten herritarrei: “Ea diru kopuru nahikoa lortzen dugun, eta baseliza barruan lanekin hasten garen”.
Musika eta kirola. Atzo zein herenegun “giro oso ona” eduki zuten. Zapatu eguerdiko Herria abesten saioa “hunkigarria” izan zen, eta “denak abesten” aritu ziren: “Ez bakarrik musikariak, herria inplikatu zen”. Iluntzean ere kantatzeko aukera eduki zuten; izan ere, 45 minutu inguruko kontzertua eskaini zuen Mundakako Abesbatzak, eta azkenengo lau abestien letrak banatu eta denen artean abestu zituzten: “Kontzertua ere oso ondo atera zen”.

Mundakako Abesbatzaren emanaldia. Argazkia: Musutruk MundakaMusutruk Mundaka
Atzo, ostera, kirol jarduerak izan ziren protagonistak. Lehenago Santa Katalina egunez egiten zuten krosa berreskuratu du elkarteak, eta Santa Katalina Krosaz gain, familia artean herri jokoetan ibili ziren goizean: “Umeen jokoetan eta krosean oso ondo pasatu genuen, eta oso politak izan ziren”. Gero, berriz, aldarrikapenerako eta asteburua biribiltzeko partidua jokatu zuten Isla Kale Kiroldegian. Hain zuzen ere, emakume beteranoen partiduagaz amaitu zuten urteurren ospakizuna: Musutruk Mundakako emakumeek Athletic Clubekoen kontra jokatu zuten. Horiei esker ona adierazi diete mundakarrek: “Eskerrak eman nahi dizkiegu Athletic-eko beteranoen taldeko kideei, gurekin bat egiteagatik. Guztiok pozik amaitu genuen, eta eurak gure asmo eta helburuekin inplikatu ziren”.
Domekan, kontzertua. Bestalde, bere eskaintzarekin segitzen du Musutruk Mundakan, eta domeka honetan [maiatzak 17] musikaz beteko dute Santa Katalina baseliza. 13:00etatik aurrera, Bilbo eta Basurtoko kantariez osatutako Inmakuladako Abeslariak Abesbatzak kontzertua eskainiko du. Gorka Aginaga izango da piano-jotzailea eta Eduardo Lopez de Heredia zuzendaria.

Argazkia: Musutruk Mundaka