Bizkaibusen zerbitzua berritzeko aurreproiektuari alegazioak aurkeztu dizkio Mundakako Udalak
Besteak beste, joan-etorri guztietan Bizkaibusa Goiko Kaletik pasatzea eta asteburu eta jai egunetan maiztasuna handitzea nahi dute. Herritarrak alegazioak aurkeztera animatu dituzte.
2026ko apirilaren 1eko 189/2026 Foru Aginduaren bidez, Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko foru diputatuak Bizkaibuseko errepide bidezko bidaiarien erabilera orokorreko garraio publikoaren zerbitzuen aurreproiektuak onartu ditu, eta Busturialdea-Lea-Artibai eremuari dagokiona aztertu ondoren, Mundakako Udalak alegazioak aurkeztea erabaki du.
Hain zuzen ere, A3515 lineari — Bilbo-Bermeo / Bermeo-Bilbo— dagozkion honako alegazio hauek aurkeztuko dizkiote aldundiari: autobusa Goiko Kaletik igarotzea joan-etorri bietan, asteburu eta jai egunetan maiztasuna handitzea, Gernikako Ospitalean geralekua jartzea, gaueko zerbitzua zabaltzea eta puntako orduetan errefortzu gehiago eskaintzea.
Azaldu dutenaren arabera, udalean ordezkaritza daukaten hiru alderdi politikoek — EH Bildu, EAJ eta Herritar Alternatiba— adostu dituzte eskari horiek: “Aurkeztutako aurreproiektua aztertu ondoren, A3515 lineari dagokionez, ikusi zen proposatutako informazioa 2024ko zerbitzuari dagokiola eta, beraz, ez dela gaur egungo egoerara egokitzen. Aldundiarekin egoera argitu ondoren, maiatzaren 6an Mundakako Udalean ordezkaritza daukaten hiru talde politikoak bildu ziren. Bizkaiko Foru Aldundiak bermatu du autobus zerbitzua gaur egun eskaintzen den moduan mantenduko dela, hau da, Bilboranzko noranzkoan geldialdia Goiko Kalen egingo du eta Bermeoranzko noranzkoan, berriz, saihesbidean”.
Maiatzaren 22ra bitartean aurkeztu daitezke alegazioak, eta mundakarrak hori egitera animatu dituzte.