Naturari etikotasunaren bisoretik begiratuz
Alemaniako Natura Argazkilarien Elkartearen 2025eko Wildlife Photographer of The Year argazki lehiaketako argazki bilduma ikusgai dago Ekoetxea Urdaibain, natura "modu sortzaile eta etikoan" ezagutzeko.
Zoltan Gergerlyren 'Bukaresteko bihotz berdea' argazkia.Zoltan Gergerly Smartphonea eskuan, edonor sentitzen da argazkilari gaur egun. Benetako argazkilariek, baina, begia bisore optikoan jarri aurretik dute argazkia buruan; argazkiaren bila doaz. Bigarren multzo horretakoak dira Alemaniako Natura Argazkilarien Elkarteak antolatzen duen Wildlife Photographer of The Year lehiaketan parte hartzen duten profesionalak.
Oinarrietan argi islatuta agertzen da argazkilariari eskatzen zaiona: natura “modu sortzaile, zaindu eta etikoan” islatzea. “Naturaren errelitatea” da, hain zuzen ere, Ekoetxea Urdabain ikusgai dagoen erakusketa bisitatzera doazenek ikusi ahal izango dutena. Wildlife Photographer of the Year 2025 erakusketak iaz saritu zituzten lanetako batzuk bildu ditu.

Animaliak, paisaiak… Argazkilarien esku dago fokua non ipini. Edonola ere, “balio etikodun” bilduma osatu asmoz, lehiaketaren sustatzaileek ez dute gatibu, disekatuta edota edozein irabazi asmogaz ustiatzen diren animalien argazkirik onartzen. Per Gätzschmannen Kastoreak udaberrian argazkia da horren adibide: “Europako kastore bikote baten portaera soziala ikusi nuen. Sarritan besarkatzen zuten elkar, eta atzamarrekin leunki apaintzen ziren”.
Paisaien aldaketak betirako dokumentatuta geratzea bilatzen dute beste argazkilari batzuek, adibidez, Zoltan Gergerlyk, Bukaresteko bihotz berdea argazkiagaz. Bukaresteko parke natural baten argazkia da, “babesleku berde” bihurtutakoa. Argazkilariak bere ikuskera azaldu du erakusketan: “Parkeak hiriaren bihotz berdea marrazten du eta hori naturaren erresilientziaren eta rewildingak hiri inguruetan duen ahalmen eraldatzailearen sinbolo indartsua da”.
Hala, goi-mailako argazkilaritzaz gozatzeaz gain, erakusketak toki eta animalia espezien xehetasunak ezagutzeko aukera izango du, baita norberak bisorea non jartzen duenaz hausnartzeko ere