Bizkaiak bere museoak berraurkitzeko gonbidapena eginez dator Museoen Nazioarteko Eguna
Gernika-Lumoko Bakearen Museoak eta Euskal Herria Museoak eta Kortezubiko Santimamiñek doako sarrera edukiko dute zenbait egunez.
Museoen Nazioarteko Eguna gaur aurkeztu dute.Bizkaiko Foru Aldundia Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko, Bizkaiko museoak herritarrengana hurbiltzea helburu duen eta ikuspegi “parte‑hartzaile eta eraldatzailea” duen kanpaina aurkeztu dute gaur [maiatzak 8] Bizkaiko Foru Aldundiak eta lurraldeko museo askoren ordezkaritza zabalak. Bizkaiko Museoak. Bisita itzazu, Bisita zaitez lelopean dator egitasmoa, eta museoen eginkizuna “balioan jartzea” du helburu: gizartearekin topo egiteko, hausnartzeko eta konektatzeko gune gisa.
Museoen Nazioarteko Kontseiluak 1977az geroztik bultzatutako eguna da Museoen Nazioarteko Eguna; maiatzaren 18an ospatzen da. Azaldu dutenez, aurten, Museoak mundu zatitu bat elkartuz da nazioarteko leloa, “Bizkaiaren ikuspegia indartu eta laguntzen duen esparru bat, tokiko ekintza mundu osoko dozenaka mila museok parte hartzen duten mobilizazio global batekin lerrokatuz”.
Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuaren berbetan, “museoak soilik iraganekoak direla edo bakarrik publiko espezializatuarentzat direla baieztatzen duen ideia hautsi” nahi du Bizkaiko Foru Aldundiak. Espazio “biziak” direla eta bertako iraganarekin eta orainarekin “konektatuak” daudela aldarrikatu du: “Garenarekin konektatuta daude. Museoak ezagutza sortzeko eta ikerketarako funtsezko guneak dira, eta gure ondarea zaindu eta zabaltzeko lan handia egiten dute. Bizkaiko museoek gure historia eta kultura kontserbatzen eta kontatzen dute”.
Kanpaina horren bidez “hurbiletik, eskuragarritasunetik eta egunerokotasunetik”, Bizkaiko museoak berriro deskubritzera gonbidatu nahi dituzte herritarrak: “Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizuna gure museoetara begirada berrituarekin itzultzeko gonbidapena da; bisitatzera eta, aldi berean, geure burua bisitatzera, gure nortasunaren funtsezko zati bat museo horietan dagoela aintzatetsiz”.
Iragarri dutenez, Museoen Nazioarteko Egunaren bezperan, maiatzaren 17an, Bizkaiko Museoak “kalera aterako” dituzte, “publiko guztientzat pentsatutako street marketing ekintza baten bidez”. Bilboko Abandoibarran, Evaristo Txurruka kaian izango da 11:30etatik 19:00etara bitartean.
Proposamena instalazio “ludiko eta parte-hartzailea” izango da, 40 lauki baino gehiagoko panel handi batean oinarritua, eta lauki bakoitza lurraldeko museo bati lotuta egongo da. Galderen eta asmakizunen bidez, parte-hartzaileek euren ezagutzak probatu, museo berriak aurkitu eta joko dinamiko batean parte hartu ahalko dute. Parte hartzen duten eta paneleko galderetako bat asmatzen dutenek zozketa batean sartuko dira, eta saria bi lagunentzako “Bizkaiko Museoetaz gozatzeko asteburua” izango da. “Esperientzian, museoetara bisitak, proposamen gastronomiko bat eta sarituak aukeratzen duen Bizkaiko eskualde batean gau bateko egonaldia sartuko dira”. Bizkaiko museoak “bizitzeko eta sentitzeko” gonbidapen berezia izango da.
Museoen Nazioarteko Egunaren kanpainari, kaleko ekintzari eta programazio bereziari buruzko informazio guztia www.museoeneguna.eus webgunean ipini dute eskuragarri. Maiatzaren 16tik aurrera, Bizkaiko museo gehienek programazio berezia garatuko dute, ate irekien jardunaldiekin eta, kasu askotan, doako sarrera barne.
Tailerrak, bisita gidatuak, hitzaldiak, familia-jarduerak eta proposamen parte-hartzaileak prestatu dituzte, “adin eta interes guztietako publikoa” museoetara hurbildu eta haietaz gozatzera gonbidatzeko pentsatutako eskaintza “zabal eta askotarikoarekin”. Besteren artean, Gernikako Bakearen Museoak doan irekiko ditu ateak maiatzaren 17an eta 18an eta, horrez gain, pista-jokoak eskainiko ditu, “herria memoria historikoaren gune gisa zeharkatzeko”.
Maiatzaren 18an, era berean, Euskal Herria Museoak goizez doan sartzeko aukera emango du, ate irekien jardunaldiarekin bat eginda.
Kortezubiko Santimamiñen bisita berezi bat egingo dute gauez maiatzaren 16an, eta sarrera doakoa izango da maiatzaren 16an, 17an eta 18an.
Simon Bolivar Museoan, berriz, Saturrarango emakumeen kartzelari buruzko poesia errezitaldi musikatua antolatuko dute maiatzaren 23rako.