Musutruk Mundaka elkartearen lehenengo urteurrena ospatuko dute asteburuan
Musika eta kirol eskaintza prestatu du Musutruk Mundakak asteburu honetarako. Besteak beste, Santa Katalina Krosa berreskuratu dute.
Urtebeteko ibilbidea osatu dutela ospatzeko ordua heldu zaie Musutruk Mundaka elkarteko kideei. Horretarako, asteburu betea daukate aurretik. Izan ere, zapatuan [maiatzak 9] Musika Egunaren aitzakian elkartuko dira, eta domekan, berriz, Kirol Egunarenean. Herritarrei zapatuko zein domekako ekintzetan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete.
Beraz, zapatuan herriko musikariak eta abeslariak elkartuko dituzte. 12:00etatik aurrera, “herria abesten” ipiniko dute, eta 14:00etan, berriz, elkartearen maskota den Gorritxoren urtebetetzea ospatuko dute: “Herriko zenbait abeslari eta musikari gonbidatu ditugu. Gainera, piano bat jaso dugu dohaintzan, eta konponduta daukagunez, zapatuan erabiliko dugu. Bestalde, Gorritxo herriko txakurra bihurtu da; oso ezaguna, maitakorra eta polita da”.
Santa Katalinatik hainbat abesbatza pasatu dira, baina lehenengo urteurrena ospatzeko, Mundakako Abesbatza aukeratu dute: “Performance berezia egingo dugu”.
Domekan, ostera, arineketan hasiko dute eguna: Santa Katalina Krosa berreskuratu dute. “Gure helburua ingurua berreskuratzea da, eta kasu honetan, urte askotan egin gabe egon den krosa berreskuratuko dugu. Lehenago, Santa Katalina egunean egiten zen”, azaldu dute elkarteko boluntarioek. 10:00etan hasiko dute krosa, eta 11:30etik aurrera, familia-jokoak egingo dituzte. Belaunaldiarteko jokoak egitea erabaki dute, “guztiek parte hartzeko”.
13:00etarako, berriz, Santa Katalinatik Isla Kale Kiroldegira joango dira, futbol partidu bereziarekin gozatzera. Elkarteko boluntarioek osatutako Musutruk taldeak Athletic Club-eko beteranoen kontra jokatuko du: “Athleticeko beteranoen nesken taldea etorriko da, eta sei jokalariko taldeak osatuko ditugu. Horrekin amaituko dugu asteburuko jaia”.
Eskaintza zabala. Egindako bideagaz eta lanagaz “pozik” daude elkarteko kideak. Kultur eta kirol jarduerak batzen dituen elkartea da, eta izenak berak ondo adierazten duen modura, doako eskaintza osatzen dute: “Gure helburu nagusia da herriarentzako ekintza desberdinak antolatzea, bizitza hobea lortzeko”. Santa Katalina baseliza dute epizentro, bertan egiten dituzte hitzaldiak, kontzertuak, erakusketak, bisita gidatuak eta abar. Eta, hain zuzen ere, baseliza konpontzea da euren nahia, “ez baitago egoera onean”.
Bederatzi urtez Santa Katalina egunez bakarrik irekitzen zuten baseliza, eta Musutruk Mundakak bere ateak parez pare zabaldu, eta “bizia” ematea lortu du. Elkartearen datuen arabera, 35.000 pertsona baino gehiago pasatu dira bertatik urtebetean, eta 250 egunez eduki dute zabalik, 1.000 ordu baino gehiagotan: “35.000 pertsona baino gehiago izatea kopuru oso garrantzitsua da. Gainera, herriko turismo bulegoak bost bat hilabete daramatza itxita, eta gu hasi gara zerbitzu hori ematen, kanpotik datozen bisitariei informazioa emanez”.
Ildo beretik nabarmendu dutenez, boluntario taldea dira, eta “beti daude beste talde eta elkarteei laguntzeko prest”. Besteak beste, kirol aholkularitza eta kirol prestakuntza ematen dute: “Beste elkarte batzuekin harremanetan gaude, eta esate baterako, helduen elkartekoei laguntza eskaintzen diegu. Gure helburua da herri hobe bat egiteko laguntzak ematea. Urtea bete dugu, eta espero dugu urte gehiago egotea gure lana eta gure helburuak betetzen“.
Instituzioen ekarpena. Santa Katalina baselizaren egoerarekin oso kezkatuta daude, “hezetasun arazoek eraginda, kaltetuta dagoelako”. Orain arteko ekintzekin 20.000 euro inguru bildu dituzte, eta herritarren ekarpenak eta dohaintzak ez ezik, bertako eta inguruko zenbait enpresa ere lagun eduki dituzte. Orain, “erronka handiena” instituzio publikoen laguntzak lortzea da: “100.000 euro behar dira baseliza konpontzeko. Mundakako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak zein Eusko Jaurlaritzak gurekin bat egitea espero dugu, ea denon artean baseliza konpontzeko dirua biltzen dugun. Enpresa pribatu batzuen laguntza badaukagu, eta oso ondo portatu dira gurekin. Baina inguruan badaude beste enpresa handi batzuk ere, eta eurekin saiatuko gara. Hala ere, lehenengo erronka handia instituzioak dira”.
Herriko jendeak “ondo erantzun” du, “laguntza eta babesa” eman diete mundakarrek, baita kanpotarrek ere. Ahoz ahoko komunikazioari esker, jendea hurbildu dela aitortu dute: “Zentzu horretan, oso pozik gaude. Ikastetxe batzuetatik ere etorri dira eta etorriko dira ikasturte amaiera honetan”.
Urteurreneko ospakizunen egitaraua:
-
Maiatzak 9 (zapatua):
- 12:00. Herria abesten.
- 14:00. Gorritxoren urtebetetzea.
- 19:00. Mundakako Abesbatza.
- Maiatzak 10 (domeka):
- 10:00. Santa Katalina krosa.
- Kategoriak:
- Mundakatzen (buelta bat)
- 16 urtetik gorakoak (3 buelta).
- 12 urtetik gorakoak (2 buelta).
- 7 urtetik gorakoak (buelta bat).
- Musutxiki (Santa Katalinan).
- 11:30. Herri jokoak familiekin, Santa Katalinan.
- 13:00. Futbol partidua, Isla Kale Kiroldegian: Musutruk VS. Athletic Club.
- 10:00. Santa Katalina krosa.