Inurri txikien jaia, ederra bezain aberatsa
Busturialdeko Eskola Txikien Jaia ospatu dute gaur, Gautegiz Arteagan. Eskualdeko bost hezkuntza zentrotako 500 ikasle inguru elkartu dira bertan.
“Iñurrien antzera pauso txikiz aurrera, amestera”, dio ETS musikaren abesti ezagunak, eta txikitasunetik amestea zer den ondo baino hobeto dakite eskola txikiek. Iñurri lana egiten dute egunez egun, eta emaitza oparoak lortzeko gai direla erakusten dute. Gaur [maiatzak 7], inurri horien topaleku izan da Gautegiz Arteaga: XIX. Busturialdeko Eskola Txikien Jaia ospatu dute.
Gautegiz-Arteagako Montorre Eskolak antolatu du aurtengo hitzordua, eta Urretxindorra (Muxika), Uzelai (Busturia), Mundaka eta Haizeder (Ea-Elantxobe-Ibarrangelu) eskolako lagunekin giro ederrean elkartu ziren. Gutxi gora behera 500 ikasle inguru bat egin dute jaian, baina irakasle, guraso eta laguntzaileekin ia 800 lagun elkartu dira.
10:15ean Montorre Eskolakoen harreragaz hasi dute jaialdia, herriko plazan, eta jarraian, horiek bertsoak eta koplak abestu dituzte, eta elkarrekin talde argazkia atera dute. Ondoren, dantza entseguak egin, eta 11:30ean hasi dute dantza ikuskizuna.

Betiko moduan, adin tarteetan banatuta egin dute dantzan. 2-3 urte bitarteko umeek Kilimak abestiaren erritmora dantzatu dute, eta 4-5 urte bitartekoek Ene Kantak-en Ikasle berri bat abestiarenera. Gero, Lehen Hezkuntzakoak atera dira plazaren erdira. Lehenengo ziklokoek The Uski’s eskualdeko taldearen Horrelako aukeratu dute euren koreografia eskaintzeko, bigarren ziklokoek Goazenen Dantza dezagun hil arte eta hirugarren ziklokoek Duplaren Ongi etorri.
Gero, berriz, jolasetarako eta tailerretarako tartea hartu dute, txokotan banatuta; batzuk herriko plazan elkartu dira, eta beste batzuk, ostera, parkean.
13:15ean elkarrekin bazkaldu ostean, 15:30ean agurtzeko ordua heldu zaie. Amaierako ekitaldia bertsoekin eta biribilketan elkartuta girotu dute, eta Gautegiz Arteagakoek Muxikakoei pasatu diete lekukoa; izan ere, datorren urtean Urretxindorra Herri Eskolan elkartuko dira euren jai handia ospatzeko.