Udalak alegazioak aurkeztu dizkio aldundiak proposatutako Bizkaibus zerbitzuaren aurreproiektuari
Lau autobus-lineari aurkeztu dizkie alegazioak Bermeo Udalak, "ibilbideen optimizazioa eta loturen hobekuntza" helburu dituzten proposamenak eginez.
Argazkia: Bermeoko Udala Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaibusen eskaintza berriaren errepide bidezko bidaiarien erabilera orokorreko garraio publiko erregularreko zerbitzurako aurreproiektuak aurkeztu ditu, datorren hamar urteetarako eskaintza proposamenak barnebiltzen dituena. Bermeoko Udalak, azken hilabeteetan landutako dokumentua aztertuta eta “herritarren eskaera eta beharrak kontuan hartuta”, garraio zerbitzuaren aurreproiektuari alegazioak aurkeztea erabaki du.
Bermeotarren eguneroko beharrak erdigunean jartzea “ezinbestekoa” dela adierazi du Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak, garraio publikoaren antolaketari loturiko erabakiak hartzeko unean horien ahotsa kontuan hartzeak duen garrantzia azpimarratzearekin batera. Herritarren partetik azken urteotan jasotako iritzi eta ekarpenek, hain zuzen, “pisu handia” izan dute udalak aurkeztutako proposamenak osatzeko unean.
Lau autobus-lineari aurkeztu dizkie alegazioak udalak, nagusiki, “ibilbideen optimizazioa eta loturen hobekuntza” helburu dituzten proposamenak eginez. Bermeo eta Bakio lotzen dituen A3524 lineari dagokionez, neguko zerbitzuaren “maiztasuna handitzea” eta orduero zerbitzua bermatuta egotea eskatu dituzte, zerbitzua eskainiko duen ibilgailu mota zehaztearekin batera. Bilbotik Bermeora doan eta Zornotza eta Gernika-Lumon geldialdiak egiten dituen A3515 lineak Gernikako Ospitalean geldialdia egitea ere eskatu dute, herritarren eskaera bati erantzunez.
Bilbo-Mungia-Bermeo (A3527) lineari ere alegazioak aurkeztu dizkiote, hainbat proposamenekin: jaiegunetan, domeketan udan “zerbitzua indartzea” eskatu dute, baita azken zerbitzua luzatzea ere. Lanegunetan “gutxienez 24:00etararte” zerbitzua egotea proposatu dute, eta asteburuetarako, 02:00ak arteko Gautxori zerbitzua. Erabiltzaileen “segurtasuna eta erosotasuna bermatzea” ere sartu dute alegazioetan, eserleku bakoitzeko bidaiari bat joatea eta ibilgailuen”mantentze egokia” eskatuta. Horrez gain, A3527 lineari puntako orduetan errefortsuak ezartzea proposatu dute, “bereziki Bilboko Plaza Eliptikoan sortzen diren pilaketak arintzeko”.
Azkenik, Bermeo eta EHU lortzen dituen A3528 linean goizeko lehen orduan autobus zuzen bat jartzea eskatu dute, Mungian geldialdi bakarra egingo duena. Era berean, erabiltzaileak 12:00etan hasten diren klaseetara iritsi ahal izateko “zerbitzu berria sortzea” proposatu dute, baita itzulerako autobus zuzenak gehitzea ere.
Bermeoko Udalak alegazioek publikoaren erabilera sustatzen lagun dezaketela uste dute, “erabiltzaileentzako zerbitzu erosoagoa eta eraginkorragoa” eskainiko baitzen, jasangarritasuna indartzearekin batera. Udal ordezkariek egindako ekarpenak kontutan hartuak izango direnaren konfiantza du, eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean jarraitzeko prestutasuna agertu dira. “herritarren onerako” izango den garraio sistema eraginkor eta kalitatezkoa lortzeko.
Udalak herritar guztiak animatu ditu alegazioak aurkeztera, parte hartzea “funtsezkoa” baita etorkizuneko garraio zerbitzua “benetako beharretara” egokitzeko. Hala, beraien proposamenak aurkeztu gura dituztenek maiatzaren 22a [barikua] bitartean dute horretarako aukera, aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez edo Edozein Erregistro bulegotan, idatziz.