Itsaso garbien aldeko marrazki eta leloak
‘Zabor eta Bio’ erakusketa domekara arte egongo da Gizarte eta Kultura Etxean.
Bermeorako bidea hartu du Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak bultzatutako Zero Zabor Uretan programa ibiltariak. Atzo aurkeztu zuten Zabor eta Bio erakusketa Nestor Basterretxean, eta bertan egon ziren Bermeoko Herri Eskolako, Eleizalde Ikastolako eta Sagrado Corazon ikastetxeko ikasleak.
Bermeoko ikasleak dira, hain zuzen, domekara bitartean Gizarte eta Kultura Etxean ikusgai dagoen erakusketako irudi eta marrazkiak sortu dituztenak. Beraien lana eskertu eta zorionak eman zizkien Nadia Nemeh Bermeoko alkateak: “Zuen ahotsak eta zuen mezuek erakusten dute baduzuela kontzientzia, ardura eta etorkizuna zaintzeko benetako gogoa”.

Marrazkiek batera, Bio eta Zabor erraldoiek apainduko dute asteon Gizarte eta Kultura Etxea: alferrik botatzen diren gauzak islatzen ditu Zaborrek, plastiko eta zatarraz egindako munstroak. Bio erraldoiak, berriz, itxaropena transmititzea du helburu, pertsona oro itsas zaindari bihurtzea. Misio bera dauka erakusketak ze, Nemehk esan legez, “Zero zabor uretan ez da esaldi hutsa”. Erakusketa “hausnartzeko, ikasteko eta konpromisoak hartzeko abiapuntutzat” jo zuen alkateak.
Eguneroko erronkak.
Ikasleek itsaso osasuntsu baten aldeko hainbat konpromisogaz bat egin eta aurrera eraman ditzaketen ekintza txikiak zerrendatu zituzten: “Zaborra gutxitu behar dugu, gauzak berrerabili, itsasoa oso txarto, zikin, dagoelako. Zaborra txikitzeko, adibidez, ura kantinploran eraman dezakegu, eta aluminio-papera erabili beharrean, tuperrak erabili”. Sagrado Corazonekoek programa zabaltzeko prestatutako leloen berri ere eman zuten: Bermeo garbi, itsasoa bizi edo Ura bada garbi, garbia da bizi izan ziren proposamenetako batzuk. Bermeok duen gazteria “konprometitua, sortzailea eta ausarta harro egoteko modukoa” dela adierazi zuen Nemehk.
Domekatik aurrera, Bermeoko merkatari elkarteak hartuko ditu ikasleen marrazkiak, erakusleihoetan jarri eta mezua zabaltzen jarraitzeko.l