Bizkaibusen zerbitzua berritzeko aurreproiektuari alegazioak aurkeztu dizkio Eako Udalak
Zerbitzuaren kalitatea bermatzeko, herritarrak alegazioak aurkeztera animatu ditu Eako Udalak.
Bizkaibusen kudeaketarako 2014etik indarrean dauden kontratuak berritzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak datozen hamar urteetarako Bizkaibusen zerbitzua berritzeko aurreproiektuak aurkeztu ditu. Maiatzaren 22ra arte alegazioak aurkeztu daitezke, eta Eako Udalak alegazioak aurkezteaz gain, herritarrei ere gauza bera egiteko dei egin die: “Azpimarratu nahi dugu zerbitzuaren kalitatea bermatze aldera, komenigarria dela herritarrek ere helegiteak aurkeztea, herritarren ikuspegia ezinbestekoa baita”. Jakinarazi dutenez, hainbat eatarrek aurkeztu dituzte alegazioak dagoeneko, eta herritar talde batek sinadura bilketa ere abiatu du, era kolektiboan aurkezteko.
Udalbatza osatzen duten talde politiko biek, EH Bilduk eta EAJk, adostu dute alegazioak aurkeztea.
Busturialdea eta Lea-Artibairako aurreproiektuaren kasuan, udalerriari dagokionez, Gernika-Ea ibilbidea egiten duen autobus txikiaren zerbitzua bertan behera uztea aurreikusten da.
Horren ordez, A3532 Gernika-Lumo – Urdaibai – Lekeitio deritzona proposatu du aldundiak, eta horrek hiru ibilbide izango lituzke: Neguan, Gernika-Lumo – Laida – Laga – Ibarrangelu – Elantxobe – Ea – Ispaster – Lekeitio, eta udan, berriz, horrez gain, Gernika-Lumo – Laida – Laga – Ibarrangelu – Elantxobe eta Gernika-Lumo – Laida – Laga – Ibarrangelu. “Horrenbestez, proba pilotuaren bidez martxan ipini zen ibilbidea, nolabait, mantendu eta Lekeitioraino luzatuko litzateke. Linea berri hori ez litzateke Bedaronatik pasako eta, neguan zein udan, Laida, Laga eta Elantxobetik pasako litzateke”, azaldu dute udal ordezkariek.
Bilbo eta Lekeitio lotzen dituen A3513 linea, ostera, bere horretan mantenduko litzateke.
Ondorioz, autobusa Bedaronatik pasa dadin alegazioak aurkeztu ditu Eako Udalak, eta “denborak murrizte aldera”, Gernikatik Earako ibilbidea moldatu dezatela ere eskatu dute, “zuzenagoa izan dadin”. Era berean, ibilbidetik kanpo geratuko liratekeen geralekuak zerbitzurik gabe ez uzteko, udan Elantxoberaino iristea planteatzen den ibilbidea neguan ere mantentzeko eskatuko dute: “Batetik, A3532 linea berria Bedaronatik igarotzeko eskaera egin da eta, bestetik, linearen ibilbide nagusia laburtzeko eskatu da Gernikatik Earako tartean, Bedaronatik igarotzeko astia irabazi ahal izateko eta linearen erakargarritasuna handitzeko. Era berean, ibilbidearen moldaketaren ondorioz bazter geratuko liratekeen geralekuak zerbitzurik gabe ez uzteko, udan Elantxoberaino planteatu duten ibilbidea neguan ere mantentzeko eskaera egin da”.