Bermeoko Nautika Eskolak jasoko du aurten Hegaluze Saria
Mende erdiko ibilbidean egindako ekarpena aintzatetsiz, Bermeoko Nautika Eskolak maiatzaren 22an, 32. Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldian jasoko du 29. Hegaluze Saria.
Maiatzaren 22tik 24ra bitartean ospatuko da Bermeoko 32. Arrain Azoka, eta inaugurazio ekitaldian banatuko dute 29. Hegaluze Saria. Arrain Azoka Elkarteak aho batez erabakita, Bermeoko Nautika Eskolak jasoko du aitortza hori. Horrela, eskolak 50 urtetan egindako ibilbidea aintzatetsiko dute: “Erabaki honek aitortza publikoa egin nahi dio arrantza munduan prestakuntzak duen funtsezko garrantziari eta, bereziki, Bermeoko Nautika Eskolak azken 50 urteotan egindako ekarpen esanguratsuari”. Mende erdiko ibilbidean, “eskarmentu handiko” erakundea dela erakutsi du, egokitzeko eta berritzeko gaitasunarekin eta oraindik ere etorkizunera begira “zer eskaini handia” duela agerian utziz: “Une egokia da erakunde honi merezitako aitortza egiteko, bere 50. urteurrenaren harira eta itsasoarekin eta arrantzarekin lotura estua duen Arrain Azokaren testuinguruan”.
Izan ere, elkartearen ordezkariek esan bezala, arrantza sektorea lehiakorra eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko gai izango bada, “ezinbestekoa” da kalitatezko formakuntza, eta testuinguru horretan, Bermeoko Nautika Eskolak herrian bertan eskaintzen duen hezkuntza zerbitzua “balio handikoa” da, eskaintza anitza eta espezializatua bermatzen duelako, eta itsasoari lotutako lanbideak “aukera profesional duin eta erakargarri gisa” kokatzen laguntzen duelako.
Halaber, bere izaera “integratzaileatik eta anitzagatik” nabarmendu da; hainbat herrialdetatik etorritako ikasleak hartzen ditu, askorentzat bizi-proiektu berri bati ekiteko ateak zabalduz: “Gainera, izaera herrikoia izan du beti, eta elkarlaneko jarrera erakutsi du tokiko beste hezkuntza-eragileekin, baliabideak partekatuz eta komunitatea indartuz. Ezin uka, halaber, Bermeok arrantza munduan duen ospea eraikitzen lagundu duen eragileetako bat Nautika Eskola bera izan dela, bertan formatutako profesionalek mundu osoan zehar egindako lanari esker.”
Bestalde, tradizionalki maskulinizatua izan den sektorean aukera-berdintasuna sustatuz, emakumeen presentzia eta integrazioa “modu naturalean bultzatu” izana aitortu dio Arrain Azoka Elkarteak.
Hezkuntza zentroak Arrain Azokarekin izan duen “lotura estua” ere azpimarratu dute: “Urteetan zehar modu aktiboan parte hartu du, eta une jakin batzuetan ekimen bereziak bultzatu ditu, esate baterako, Juan de la Cosa itsasontzi-ospitalearen bisitak, herritarrentzat esperientzia aberasgarriak eskainiz”.