Teknologiarekiko harreman "arduratsuagoa" sustatuko dute hilabete honetan Bermeoko ikastetxeetan
Pantailen erabilera egokiari eta arduratsuari buruzko prebentzio-lana “indartzeko” helburuarekin, Tik-Tak-Tok Astea edukiko dute Bermeoko ikastetxeetan, maiatzean zehar.
Programa hori Adikzioen Prebentziorako teknikariak eta kale hezitzaileak gidatzen dute, eta Bermeoko Adikzioen Prebentziorako Tokiko Planaren barruan kokatzen da. Aste honetan Sagrado Corazon Ikastetxeko ikasleek landuko dute gaia, hurrengo astean Eleizalde Ikastolakoen Txanda izango da, eta maiatzaren 18tik 22ra, berriz, Bermeoko Herri Eskolakoena.
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleekin tailer praktikoak egingo dituzte, eta horiek teknologiarekiko daukaten harremana aztertuko dute, besteren artean, sare sozialen eta bideo-jokoen erabileran eta ziberjazarpenaren prebentzioan arreta ipinita: “Programaren ardatza pantailen erabileraren inguruko hausnarketa sustatzea da, ikuspegi kritiko eta kontzientetik”.
Helburua da prebentzioa eta hezkuntza uztartzea, eguneroko ohituretan eragin positiboa izan dezaketen tresnak eskainiz, eta metodologia parte-hartzaileetan oinarrituko saioak izango dira, “dinamika interaktiboak eta ikaskuntza dialogikoa uztartuz”.
Arduradunek azaldu bezala, iazko ikasturtean esperientzia pilotua egin zuten Bermeoko Herri Eskolan, Familia Elkartearen eta Bermeoko Udalaren elkarlanari esker. Orduko emaitza “positiboek” bultzatuta, ikasturte honetan programa “zabaldu eta sendotu” egin dela nabarmendu dute: “Tik-Tak-Tok izenak berak proiektuaren funtsa laburbiltzen du; gazteen artean oso hedatuta dagoen TikTok plataformari egiten dio erreferentzia, baina baita denboraren kudeaketari (tik-tak soinua) eta teknologia berriei (TIC/IKT) ere”. Hiru elementu horien arteko loturak pantailen erabileraren inguruko kontzientziazioa “indartu nahi” du.