Emakumeena ere bada historia
Bizkargiko frontean zeuden gudarien txamarrak josteagatik kartzelaratu zituzten Miren Enbeita, Gregoria Ajuriagojeaskoa, Ziriaka Uribe, Miren Iza, Margari Euba eta Juana Auzokoa gogoan izan zituzten atzo (maiatzak 3), Bizkargin. Herenegun, gazteek 1937an faxismoaren aurka borrokatu zuten gudariak omendu zituzten.
Argazkia: Muxikako Udala. Miren Enbeita, Gregoria Ajuriagojeaskoa, Ziriaka Uribe, Miren Iza, Margari Euba eta Juana Auzokoa. Izen propiodun Muxikako sei andra izan ziren, jostunak, Bizkargiko fronteko mendi tontorrean 1937an egon ziren gudariei txamarrak josi zizkietenak. Historiako liburuetatik kanpo gelditu ziren seirak, baina, atzo (maiatzak 3), Bizkargin beraien historia gogoratu zuten, eta emakume horien izenak historiaren lehen lerrora eraman zituzten. “Gerrari buruz berba egiten dugunean beti imajinatzen ditugu gizonezkoak mendian armekin: gudariak, milizianoak, errepublikarrak, abertzaleak… baina apurbat beherago, menditik apur bat beherago ere gerra egon zen, eta gerraren ondorioak jasan eta borrokatu zituzten beste gizon-emakume askok. Seguruenik epika gutxiagogaz, baina ondorio larri beragaz. Eta konturatu ginen umetan kontatu ziguten gerra historietatik oso urrun zegoela emakume hauen historia, baina garrantzitsuak izan zirela Bizkargiko fronterako”, adierazi zuen bertan Onintza Enbeitak.
“Arkeologia feminista egin behar izan dugu andran izenak topatzeko. Baina egon badaude: memorietan, asko; eta han-hemen idatzita, ez asko”
Izan ere, 1937an, Euskal Herriko beste hainbat txokotan bezala, Espainiako tropa frankistek airez eta lurrez eraso zioten Bizkargi mendiari. 7 egunez egon ziren gerran, eta, borrokaldi luze horien ostean, faxistek tontorra bereganatu zuten. Ordutik, efemeride hori gogoratzen dute Bizkargi Egunean. Eta atzo ere memoria historiko hori landu zuten, eta historiari “beste begi batzuetatik” begiratu zioten. Izan ere, sei emakume horien historia izan zuten gogoan, eta beraien izenak historiatik ez borratzea aldarrikatu zuten. “Jostea ekintza xumea da, xumeegia akaso, horri buruz historiako liburuetan idazteko. Historia normalean kausa handiz eta gizonen izenez idatzita egoten da. Gurea ere bai. Bizkargi entzuterakoan milizianoak, errepublikarrak, abertzaleak etortzen zaizkigu gogora, gizonak gehienak. 36ko gerrako gure imajinario osoa gizonek osatzen dute: gudariak, politikariak… denak margoztu ditugu gizonez. Faxismoaren aurrean pauso bat egin zuten gizonen berri jaso dugu etxeetan, eskoletan, liburuetan”, argi azaldu zuen Enbaitak.

Argazkia: Muxikako Udala.
Baina faxismoari “leku eta era askotan egin behar zaiola aurre” gehitu zuen, eta, Enbeitaren, Ajuriagojeaskoaren, Uriberen, Izaren, Eubaren eta Auzokoaren historia aipatu zuen, horien izenak topatzeko “arkeologia feminista” egin behar izan dutela azpimarratuta: “Arkeologia feminista egin behar izan dugu andran izenak topatzeko. Baina egon badaude. Gugandik ez hain urrun: memorietan, asko; eta han-hemen idatzita, ez asko. Guk zortea izan genuen Gregoria Ajuriagojeaskoa ia 100 urte bizi izan zelako eta harek zuzenean kontatu zigulako Muxikako sei andra egon zirela kartzelan Bizkargiko gudariei txamarrak jostearren”.
Beraien esku zeuden armak jarri zituztela gudarien esku azaldu zuen: josteko makinak. “Euskal Herriaren alde egin zuten josteko makinekin. Bizkargitik hurbil bizita, arropak baino gehiago, sare bat josi zuten Bizkargiko fronteari laguntzeko. Jostea ekintza xume bat dela esan daiteke, baina orduan esku guztiak behar izan ziren kausa bakarraren alde eta arerio bakarraren kontra egiteko”. Sei andre horien historia kaxoi batean gordeta egon da urte luzez, baina duela urte batzuk hori berreskuratzea eta erreibindikatzea erabaki zuten muxikako andrek, “gerra ez delako bakarrik bonbekin egiten, gerra galtzeko eta irabazteko modu asko daudelako”.
Sei horiek kartzelara eraman zituzten, eta “las seis mugiquesas” bezala ziren ezagunak han. Hala kontatu zien Ajuriagojeaskoak herrikideei: “Jateko txarra egoten zela, etxetik eroandako koltxoiak izan arte ezin izan zutela lo egin, hezetasunez beteta egon zirela, tratua ez zela bereziki ona… eta beste gauza asko esan zizkigun. Beti akordatuko gara Gregoriak esaten zigunaz: presoen alde egiteko beti, han dagoena ez dagoelako ondo”.

Argazkia: Muxikako Udala.
Kartzelara zergatik heldu ziren ere ez zitzaion ahaztu Ajuriagojeaskoari, eta berak kontatu legez gogoratu zuen Enbeitak atzo Bizkargin: “Ironia handiz zioen auzoan ‘lagun onak’ izan zituztelako amaitu zutela kartzelan. Orduan ere, denak ez baitziren egon errepublikarren alde; salatariak ere egon ziren”. Ondorioz, sei emakumeetatik lau sei hilabetez egon ziren kartzelan, eta Uribe eta Enbeita, berriz, urtebetez, “matxinadari laguntzea” ere egotzi zietelako beraien karguetan. Bilboko Orue txaletean egon ziren preso.
Sei emakume horien historia gogoratuta, Bizkargi burdinezko gerrikoa baino “askoz gehiago” izan zela esaterakoan, sei andra horiei buruz ere badabiltzala berbetan adierazi zuen Enbeitak tontorretik: “Gerra ez delako epika bakarrik. Fronte askotan jokatzen da gerra. Gernika arratsalde batean erre zuten, baina urte asko behar izan ziren berriro eraikitzeko. 1936ko altxamendu faxistaren atzeko gerra 1939an amaitu zen, baina frankismoak 40 urtez zapaldu zuen gure herria, eta gizon-emakume askok eman zuten beraien eskuetan zegoen guztia etorkizun hobe baten alde”.
“Bada ordua gure errelatoan falta diren izenak sartzeko. Gure kasuan, sei sartuko ditugu errelatoan, eurak ere Bizkargi direlako, euren laguntza barik zailagoa izango zelako dena”
Eskolako liburuetatik kendu egin zutela euskal historiaren bertsioa azpimarratu zuen Enbeitak: “Gerra zibila egon zela erakutsi ziguten, altxamendu faxista izan zela esan beharrean. Baina, guk ere, gure errelatotik izen batzuk kendu egin ditugu, edo behintzet ez diegu beste izen batzuei eman diegun besteko garrantziarik eman. Gerrari buruz berba egiterakoan faktore gehiagori buruz berba egin beharko genuke, ze, etxean zain gelditu ziren andrak ere gerraren parte izan ziren; senarrari agur esan zienak ere bai; baita semeak hilda jaso zituztenak ere; eta, zer esanik ez txamarrak josi zituztenei buruz, mitinetan egon zirenei buruz, herria zaindu zutenei buruz, edo gizonak falta zirenean atxurrekin lan egin zutenei buruz. Bada ordua gure errelatoan falta diren izenak sartzeko. Gure kasuan, sei sartuko ditugu errelatoan, eurak ere Bizkargi direlako, euren laguntza barik zailagoa izango zelako dena”.
Horiek gogoratu, eta festa giroan bildu ziren Bizkargin atzo. Adarraren, txalapartaren eta albokaren doinuak ere ez ziren falta izan, urtero legez.

Bizkargin 1937an faxismoaren aurka borrokatu zuten gudariak omendu zituzten gazteek, zapatuan.Ernai Gernika
Gazteen aldarriak ere bai.
Domekako egunaren bezperan, Ernaik deituta, Bizkargin batu ziren Larrabetzuko, Busturialdeko, Zornotzako zein inguruko hainbat herrietako gazte, mendi horretan
omentzeko: “Asko izan ziren askatasunaren alde bizi amen zutenak, tartean, asko gazteak. Ez ditugu ahaztuko eta haien lekukoa hartzea dagokigu herriaren askatasunaren aldeko borrokan”. Izan ere, iragana ulertzea “ezinbestekotzat” jo zuten, gaur egungo zapalkuntzari “aurre egiteko” eta etorkizun hobea eraikitzeko: “Belaunaldiz belaunaldi, gazteopk borrokari eutsi diogu, antolakuntzatik eta konpromisotik. Eta gaur ere lehen lerroan gaude, herri aske, sozialista, feminista eta euskaldunaren alde. Memoria borrokan eraikitzen delako”.

Bizkargin 1937an faxismoaren aurka borrokatu zuten gudariak omendu zituzten gazteek, zapatuan.Ernai Gernika