Busturiko jaiak iragarriko dituen kartelaren bila dabiltza
Barikura [maiatzak 8] bitartean aurkeztu daitezke proposamenak, Altamirako Kultur Etxean. Irabazleak 400 euroko saria jasoko du.
Busturiko Jai Batzordeak aurtengo jaiak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa antolatu du, eta interesdunek barikuko [maiatzak 8] 20:00ak arte dute parte hartzeko aukera. Lanak Altamirako Kultur Etxean aurkeztu beharko dira, 09:00etatik 11:30era edota 16:00etatik 20:00etara arteko ordutegian.
Parte hartzaile bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahal izango ditu, bere gustuko gaia eta teknikak jarraitute. Proposamenak DIN A2 formatuan aurkeztu beharko dira, euskarri zurrunean, eta autorearen sinadurarik barik. Kartazal itxian entregatzeko eskatu dute, gainean lanari izena emango dion leloa ipinita; barruan, berriz, egilearen curriculum laburra, telefono zenbakia eta NAren kopia sartu beharko dira.
Kartel irabazlearen egileak 400 euroko saria jasoko du eta Busturiko Udalak eta jai batzordeak osatutako epaimahaiak izango du irabazlea aukeratzeko ardura. Jakinarazi dutenez, epaia “apelaezina” izango da. Edonola ere, epaimahaikideek kartelek “behar besteko kalitate teknikorik ez duela” erabakiz gero, lehiaketa sari gabe geratu daiteke. Kasu horretan, epaimahaiak beste artista bati eskatu diezaioke kartela egitea. Argitu dutenez, “zalantzazko autoretza” duten lanak, pertsonen duintasunaren kontra doazenak edota plagio direla uste diren lanak “edozein unetan” lehiaketatik kanpo utzi ahal izango dituzte.
Irabazlea izendatuta, kartela udalaren jabetzakoa izatera igaroko da, ontzat emango baita egileak kartela ustiatzeko eskubideak udalari laga dizkiola, erreprodukzio, banaketa eta komunikazio publikoen modalitatean. Horrez gain, kartelak inprimatzeko orduan, beharrezko burutzapen teknikoen edo tonalitateetan aldaketa egiteko baimena izango du udalak, aurretik egilearekin kontsultatuta eta haren lankidetzarekin.
Lehiaketara aurkeztu eta sarituak izan diren lan orijinalak, berriz, uztailaren 31ra bitartean jaso ahal izango dituzte egileek, 09:00etatik 14:00etara arteko ordutegian. Data hori igarota, udalak “askatasun osoz” erabili ahal izango ditu autoreek batu ez dituzten kartelak: “Udalak ez da izango ekarritao materialek garraio, manipulazio, gordeketa edo antzekoren baten ondorioz jasan ditzaketen kalteen erantzule”, nabarmendu dute.