Warhammer zaleen topaleku izango da Artza asteburuan
Maiatza iristeagaz batera badator bermeotar zein Warhammer zaleen agendan errotzen hasitako hitzordua: Bermeoko Rol Eskola Elkartearen (BREE) VII. Warhammer 40k lehiaketa. Lehiaketak handik eta hemendik etorritako Warhammer 40k jolas futuristaren zaleak bildu ditu azken urteetan eta aurten ez da ezberdina izango, inoizko parte hartzerik handiena izango baitu aurten: 32 taldetan banatutako 192 parte hartzaile igaroko dira bihar [maiatzak 2] zein etzi [maiatzak 3] Artza pilotalekutik.
BREEk antolatutako txapelketa urtez urte erantzun zabalagoa izaten ari da, eta antolatzak “zailtasun handiak” izaten ditu guztiak pilotalekuan kokatu ahal izateko: “32 talde sartu ahal izateko eszenatokiari eta beste hainbat elementuri uko egin behar izan diegu, eta hala ere, bederatzi talde lehiaketatik kanpo gelditu dira. 32 sartu ditugu, baina 41ek eman zuten izena; lekua izango bagenu 246 lagun elkartuko ginateke”.
Beste lehiaketa batzuetan espazio berean talde gehiago sartzeko mahai txikiagoak ipintzen dituztenak ohartu dira BREEkoak, baina beraientzat “jokalariaren erosotasuna garrantzitsua” da, horregatik, talde batzuk kanpo utzi dituzte. Warhammer zale guztiak bildu ezin izatea “penaz” bizi badute ere, lehiaketak “tiradizo handia” duela ikusteagaz pozik daude.
Warhammer zaleek zein jolasera lehen hurbilketa bat egiteko interesa dutenek egun guztian zehar edukiko dute horretarako aukera bihar: 08:00etan hasiko dira, eta 20:30 aldera amaituko dute eguna. Hiru partida jokatuko dituzte, lehenengo biak goizean zehar, eta hirugarrena arratsaldean, 17:30etik aurrera. Domekan, berriz, bi partida jokatuko dituzte goizean, eta 15:00ak aldera sari banaketa egingo dute. Sariak dira, hain zuzen, BREEkoek “asko zaintzen” duten beste elementuetako bat, izen ematea ordaindu duenak “merezi duela sentitzea” bilatzen baitute.