LAB Sindikatuak Bermeon egingo du Langileen Nazioarteko Eguneko mobilizazioa
Etxebizitza eskubidea, kalitatezko zerbitzu publikoak eta soldata eta pentsio duinak aldarrikatuko ditu LAB Sindikatuak Maiatzaren Lehenean.
Argazkia: LAB Sindikatua Maiatzaren Lehena eskualdeetako mobilizazioekin prestatu du LAB Sindikatuak, eta Busturialdeko eta Lea-Artibaiko delegatuek Bermeora eta Lekeitiora joateko deialdia zabaldu dute: “Maiatzaren Lehena eskualdeetan burutzeko hautua egin dugu, azken hilabete hauetan gure komunitateak gogotsu erantzun baitizkio etorri diren erronkei. Urrian Palestinagaitik gelditu ginen, eta tartean izan dira makina bat borroka eta mobilizazio; Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektu txikitzailea geldiarazten ere parte hartu dugu sindikatuko kideok, eta itzelezko garaipena izan da eskualdearentzat. Eta martxoaren 17an, 1.500 euroko gutxieneko soldata hemen erabaki dadin, greba orokor arrakastatsu bat egin genuen eskualde osoa geldituz eta kaleak betez”.
Barikuan [maiatzak 1], 12:30etik aurrera mobilizatuko dira; Bermeoko manifestazioa Lameran hasiko dute, eta Lekeitikoa, berriz, Eskolapean.
Langileok eragin lelopean, langileek bizimodu duina bermatzeko ezinbestekoak dituzten hiru neurri zehatz aldarrikatuko dituzte Maiatzaren Lehenean: etxebizitza eskubidea, kalitatezko zerbitzu publikoak eta soldata eta pentsio duinak.
Eskualdeetan egitearen arrazoietako bat ere bada “komunitatearekiko keinua egitea”, eta era berean, elkarrekin langile borroka “hauspotzea” eta langile mugimendua “indartzea” dute asmo, sortuko diren erronka berriei bide emateko beharrezkoa dela uste baitute: “Herritarren partaidetzarik gabe, gutxi ahalko genuke egin. Euskal langileok badakigu antolakuntza eta borroka kolektiboa direla gure eskubideen alde egiteko bidea”. Hain zuzen ere, aldarrikatu dute antolakuntza eta borroka kolektiboaren bidez posible dela beste eredu bat eraikitzea, eta horrela adieraziko dute barikuan, “Euskal Herri osoko kaleak betez”.

Argazkia: LAB Sindikatua
Horrenbestez, gerraren eta bizitzaren garestitzearen aurrean, langileen aldeko politikak aldarrikatuko ditu LABek: “Trump eta Netanyahu bezalako faxista eta genozidek jopuntuan dituzte munduko herriak eta langileak, eta euren menpe jarri dira Europako agintari gehienak. Mozorrorik gabe azaltzen zaigu kapitalismoa; sistema bortitza, koloniala, heteropatriarkala da. LABek irmoki adieraziko du gerraren aurkako mezua Maiatzaren Lehenean”.
Igor Arroyo LAB Sindikatuko koordinatzaile orokorraren hitzetan, finantza-krisiarekin, pandemiarekin nahiz Ukrainako gerrarekin gertatu bezala, Ekialde Hurbileko gerraren faktura langileei ordainarazten saiatuko da patronala, “prezioak garestituz eta enpleguari nahiz lan-baldintzei eraso eginez”, eta testuinguru ekonomiko ezegonkorrak langileen aldeko politikak egiteko “premia areagotzen” du: “Langile guztiei eta pentsiodun guztiei gutxieneko diru-sarrera bat bermatu behar zaie, hots, gutxieneko soldata eta gutxieneko pentsio duina. Gutxi batzuen etekinak baino, denon bizitzak erdigunean jarriko dituen eredua aldarrikatuko dugu. Birbanaketa politikak ezarri behar dira Euskal Herrian; enplegua, zaintza lanak eta ondasuna banatzeko politikak”.