Atzoko eta gaurko faxismoaren aurkako hautua
Ernaik manifestazioa egin du Gernika-Lumoko kaleetan barrena. Gernikako bonbardaketaren 89. urtemugaren harira, atzoko eta gaurko "gerra hotsak" salatu dituzte. Akorduan eduki dituzte Palestina, NATOren "sinisgarritasun krisialdia", feminismoaren aurkako oldarraldia edota AEBen gerra politika "inperialista".
89 urte igaro dira suak, metrailak eta heriotzak Gernikako kaleak hartu zituenez geroztik, baina asko eta asko dira oraindik “gerra hotsak” pairatu behar dituztenak, munduaren luze-zabalean zehar. Suak, metrailak eta heriotzak bestelako izenak dituzte egun, baina ez dira ezelan ere aldendu. Gernikako bonbardaketaren urteurrenaren harira, Gernika-Lumoko Ernaik manifestazioa antolatu zuen atzo [apirilak 24], Gernika gehiagorik ez lelopean.

Faxismoaren eta gerraren ondorioak “zuzen-zuzenean jasan behar izan zituen herria” direla azpimarratuta, zapalkuntzarik eta bortizkeriarik gabeko gizarte batetan sinesten dute gazte abertzaleek, baina, era berean, ez dute ahazten gerrak bere horretan dirauela, “testuingurua aldatu arren”. Besteak beste, AEBen eta bertako presidente Donald Trumpen “gerra politika inperialista” salatu gura izan zuten atzokoan: “Botereari eusteko nahiz hobari ekonomikoak mantentzeko, beste herri zein nazioen burujabetzari eraso egiten dio; izan militarki, politikoki edota ekonomikoki, jazarpen horren ondorioak beti pairatzen dituzte langileek eta herritarrek“.
Horren aurrean, Europar Batasunaren “sinisgarritasun krisialdiari” ere keinu egin zioten abertzaleek: “Autonomiaz jokatu ordez, Trumpen zerbitzura dago, hura egiten ari den sarraskia zalantzan ipini barik”. NATOrentzako berbak ere aireratu zituzten, AEBen “interesei jarraiki” jokatzen duen aliantza militarra dela aldarrikatuta, “gerra hauspotu” besterik egiten ez duena. Duela 40 urte esan modura, Gernikatik eta Euskal Herritik mezu argi askoa errepikatu zuten: “NATOri ez!”.

“Ezin dugu onartu konplize diren enpresa nahiz entitateek palestinar lurren kolonizazioa onartzerik”
Palestinarrekin elkartasuna.
Halaber, palestinar herria jasaten ari den kolonizazioaz oroitu ziren, beren “elkartasun osoa” azalduz. Hain zuzen, Israelek bere azken erasoaldi militarra abian ipini zuenetik, 72.000 hildako —horietatik 21.000 haurrak— eragin dituela eta bi milioi herritarren desplazamendu behartua sustatu duela adierazi zuten, baita 10.000 preso politiko gatibu daudela ere. “Okupazio, genozidio eta apartheidari amaiera” emateko sasoia dela nabarmenduta, Euskal Herritik Israelegaz hartu-emana eteteko deia luzatu zuten: “Ezin dugu onartu konplize diren enpresa nahiz entitateek palestinar lurren kolonizazioa onartzerik”.
“Memoria dugulako, faxismoa eta gerraren aurpegirik latzena pairatu genuelako, inoiz baino garrantzizkoagoa da une honetan gertatzen ari denaren aurrean kaleak hartzea”
Faxismoaren hauspotzeagaz eta eskuin muturraren gorakadagaz, feminismoaren “aurkako erreakzioa” sortu dela azpimarratu zuten: “Hori migranteen aurkako jarreretan edota geure hizkuntzaren kontrako erasoetan igarri daiteke; ikusi besterik ez dago zelan jarri diren batzuk, Korrikak eginiko indar erakustaldiaren aurrean”. Horren aurrean, mezu gardena bidali gura izan zioten munduari: “Memoria dugulako, faxismoa eta gerraren aurpegirik latzena pairatu genuelako, inoiz baino garrantzizkoagoa da une honetan gertatzen ari denaren aurrean kaleak hartzea“. Gazteek argi dute: “Gernika gehiagorik ez! Gerra, genozidio eta faxismoari ez!”.