Ukrainako gerraren oihartzuna, argazkietan
Luis de Vega kazetariaren begiradak gidatuta, ukrainarrek gerra nola bizi duten ikus daiteke Gernika-Lumoko Kultur Etxean dagoen erakusketan: Ukraina, zibilen gerra. Bildumak ez du bakarrik suntsipena erakusten, gatazkaren erdian bizi diren zibilen bizitza baizik. Hala, argazkien aurrean jarri eta hausnartzera gonbidatzen ditu ikusleak.
Gerra baten oihartzunak gertutik entzun daitezke batzuetan. Hori da Gernika-Lumoko kultur etxean dagoen Ukraina, zibilen gerra erakusketak —maiatzaren 30era arte ikus daitekenak— proposatzen duena: Ukrainako gatazka irudi geldien bidez hurbiltzea bilatzen du, eta hori, gerraren erdian bizi diren pertsonen egunerokotasuna erakutsita egitea. Luis de Vega kazetari eta argazkilariak Ukrainako gerraren lehen urtean jasotako irudiek ez dute soilik suntsipena erakusten; ukrainarren bizitza ere erakusten dute. Gernikako bonbardaketaren oroimenak oraindik bizirik dirauen herrian, erakusketak iraganaren eta orainaren arteko zubi bat eraikitzen du, gogoraraziz gerrek aurpegi bera dutela beti: zibilena. Hori dela eta, egileak hiruzpalau segundoz irudien aurrean gelditzera gonbidatzen du ikuslea, irudi bakoitzaren atzean dagoen istorioari begiratzera.
Izan ere, Vega Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik egon da El Pais egunkariarentzako idazle eta argazkilari lana egiten. Kazetari eta argazkilari gisa lan egin du 30 herrialdetan baino gehiagotan. Madrilgo Prentsa Elkarteak Kazetari Onenaren 2022ko saria eman zion, eta korrespontsalen Cirilio Rodriguez saria jaso zuen 2024an. «Duela 89 urteko Gernikan bezala, zibilak dira gerrak lehen pertsonan bizi dituztenak. Gernikan duela 89 urte gertatu zen bezala, gaur egun Ukrainan gertatzen da. Izugarrikeria horrek guztiak, argazkietan ikusten den legez, eguneroko bizitzarekin bat egiten du», adierazi zuen Kristina Arana kultur etxeko zuzendariak.
Aurkezpenean Vegak onartu zuen erakusketan ikus daitezken argazkiak ez zituela egin areto batean erakusteko, Ukrainan gertatzen ari zenari buruzko bere erreportajeak ilustratzeko baizik. «Gaur egungo fastfood informatiboaren aurrean, gure helburua da herritarrak bizpahiru segundoz argazki aurrean gelditzea eta horiei buruz hausnartzera gonbidatzea, pentsarazteko argazkietan ageri diren horietako asko gu geu izan gintezkeela», esan zuen.

Egungo koiunturan, Ukrainako gerrari edota Ekialde Ertaineko gerrei buruzko informazioa egunkarietan lantzea «zaila» dela ere onartu zuen Vegak: «Duela 15 edo 16 egun irten nintzen Ukrainatik, eta aitortzen dut asko kostatu zaidala egunkariko orrialdeetan han gertatzen dena kontatzea. Baina, aldi berean, asteburu honetan saharar errefuxiatuen kanpalekuetan egon naiz, eta biktima gisa gauzak okerrera joan daitezkeela ikusi dut. Tindufeko kanpalekuetan egon eta gero, konturatu naiz Espainiako historiarekin lotura zuzena duten pertsona horiei gertatzen zaiena ez zaiela komunikabideei interesatzen». Eta, gatazkan dauden lurraldeek «ahanzturan geratzeko arrisku handia» dutela salatuta, kazetari modura leku horiek bisitatzen jarraitzeko «betebeharra» sentitzen duela aitortu zuen, «biktimak ahaztuta gera ez daitezen».
Trumpen jokabidea aipatuta, Moskuren eta Kieven artean irekitako elkarrizketek hile eta erdi daramatela izoztuta adierazi zuen, eta gehitu zuen hori dela, «ziurrenik», «gatazka modu faltsuan amaitzeko» ahalegina. «Azken tiro bat egon daiteke, azken hildako bat egon daiteke, baina ez dago bakerik justiziarik gabe. Gaur egun beste herrialde batek zurea inbaditzea edo deskolonizazio prozesu baten zain dagoen kolonia izatea ez da ezer NBEko Segurtasun Kontseiluarentzat. Alegia, ikusten ari gara palestinarrentzat, sahararrentzat eta ukrainarrentzat justizia bermatzaile izan behar duten instantzia altuek ere Putin, Netanyahu edo Trump bezalako autokraten boterearen menpean beste alde batera begiratzen dutela», azaldu zuen Vegak.
«Gerra berria»
Erakusketa honek ukrainarren bizimodua jasotzen du, gerra batean dagoen herrialdeko bateko bizilagunen nondik norakoa. Izan ere, gerra bateko hildako zein zaurituak ez dira lubakietatik gertu dauden hiri, herri edo herrixketan bakarrik gertatzen. Are gutxiago Ukrainako gerran. Izan ere, azken bi urteetan «gatazka irauli» egin dela esan zuen Vegak, eta droneek duten eragina azpimarratu zuen: «Gaur egun, Ukrainan hiltzen eta zauritzen diren pertsonen %90 droneen eraginagatik da. Ekoizpen masiboko armak dira, merkeak, eta ez da teknologia handirik behar horiek erabiltzeko. Gerra berria hau da. Dena pantailen bidez egiten dute, drone horiek hornitzen dituzten GoPro kameren bidez. Zulo batean sartuta dauden gamerrak dirudite soldaduek, kontsolekin jolasten ari direla dirudi, baina jendea hiltzen eta etsaiaren benetako erasoak jasotzen ari dira».
«Ukrainarrak fisikoki eta mentalki akituta daude, eta, aldi berean, ikusten dute ez dagoela gatazkaren amaierarik. Amaiera oro Trump bezalako pertsonaiek inposatu dezaketela diote, giza eskubideen aktibista baino gehiago enpresaburuak direlako. Ukrainar gehienek badakite oso zaila dela Krimea berreskuratzea, ekialdeko eta hegoaldeko probintziak berreskuratzea, eta, aldi berean, gerra hau amaitzeko premia larria dute. Horregatik, bakeaz eta justiziaz hitz egitea oso zaila da», adierazi zuen kazetari eta argazkilariak.

Erakusketak ez du orden kronologikorik ezta tematikorik ere, eta denetariko argazkiak ikus daitezke. Irudiak bata bestearen atzetik ageri dira, gerra baten kaosaren isla balira bezala. Buchan, esaterako, Larisaren istorioa jaso zuen Vegak. «Inbasioaren lehen asteburuan, Kieven, Bielorrusiatik jaitsi ziren tanke errusiarrak droneen bidez suntsitu zituzten, eta Larisak kontatu zidan nola bere etxera soldadu errusiarren gorputz zatiak erori ziren. Asteak eman zituen horrekin bizitzen, Kieveko okupazioa amaitu arte. Han 500 zibil inguru hil zituzten», dio.
Beste irudi batzuek lurpeko bizitza erakusten dute: babesleku bihurtutako sotoak, non herritarrek hilabeteak eman zituzten bonbardaketetatik ihesi. Badira, halaber, Bigarren Mundu Gerra bizi izan zuten adinekoak, berriro antzeko egoera batera kondenatuak. «Ukrainaren historia hurbila tragedien kate bat dela dirudi, eta irudiok hori berresten dute», gehitu zuen Vegak aurkezpenean.
Gerra eremuaren erdian, hala ere, bada lekurik keinu txikietarako, eta hori ere ageri da bilduman. Izan ziren itxaropenaren eta ziurgabetasunaren artean kokatzen zoren istorioak ere: «Olexi eta Cristina dira horren adibide, bata Krimeakoa, bestea Donbassekoa. Gerraren testuinguruan, ezkontzea erabaki zuten». Vegak kontatu zuenez, eta bere argazkietan ikus daitekeenez, inbasioaren lehen egunetan milaka pertsona harrapatuta geratu ziren Kiev inguruan. «Ebakuazioa zaila izan zen, Ukrainako armadak zubiak leherrarazi baitzituen tanke errusiarren aurrerapena geldiarazteko. Erabaki horren garrantzia agerian geratu da».
Erakusketako irudi batzuek, ordea, galdera deserosoak pizten dituzte. Bonbardaketa batean hildako zibilen gorpuak erakusten dituzten argazkiek, adibidez, kazetaritzaren mugak eta erantzukizunak azaleratzen dituzte: «Beharrezkoa al den halako errealitatea erakustea galdetu diot behin baino gehiagotan nire buruari. Dilema horiei aurre egin behar izaten diet».

Beste argazki batzuetan, erresistentziaren lekukotasunak ere ageri dira: Chernobylen hilabetez bakarrik geratu zen ingeniari batena, Kievera informazioa helarazten aritu zenarena; edo Kieveko ospitale pediatrikoko langileena, haur gaixoak lurpean babestu zituztenena.
Gerraren ondorioek, ordea, ez dute amaierarik irudietan. Parkeetan lurperatutako gorpuak ageri dira: «Argazki batean Izyum herria ageri da, sei hilez errusiarrek okupatuta egon zena, eta talde forentseak ikus daitezke hobi komunak irekitzen, aldi horretan lurperatutako 400-500 pertsonak identifikatzeko. Batzuk eskuak lotuta agertu ziren, beste batzuk garondoan tiroekin».
Beraz, Vegak gordetako irudi horiek ez dute soilik gertatutakoa dokumentatzen. Ikuslea gelditzera behartzen dute.