Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin du UEMAk
Apirilaren hasieraz geroztik, herritarrek errenta eta ondare aitorpena euskaraz egiteko aukera dute. Izan ere, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eta beste hainbat erakunde publikok, elkarlanean, herritarren eta administrazioaren arteko euskarazko hartu-emana bultzatzeko kanpaina abian ipini dute.
UEMAtik argitu dutenez, errenta euskaraz egiteko hautua hartzen duten herritarren kopurua “gorantz ari da” urtez urte, baina oraindik errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen “datuetatik oso urrun” dago; horrexetan eragin gura dute hala UEMAk, nola haren partaide diren tokian tokiko udalek, eta, horrenbestez, herritarrei administrazioarekin “euskaraz aritzeko deialdia” luzatu diete.
Bizkaian, gaur bertan [apirilak 15] hasi da errenta aitortzeko epea; Nafarroa Garaian, aldiz, hilaren 9an abiatu zen, eta Araban zein Gipuzkoan, berriz, 7an. Denetan ala denetan ekainaren amaierara arte egin ahal izango dituzte beren aitorpenak herritarrek. Errenta euskaraz egiteko kanpaina, azaldu dutenaren arabera, bere beharrizanen arabera moldatu ohi du fogu ogasun, eskualde edota udal elkarte bakoitzak, “dagozkion datuekin eta bilakaerarekin”.
Egoera soziolinguistikoari dagokionez, nabarmendu dute zenbait kasutan euskaldun indizearen eta errenta aitorpena euskarz egitea erabakitzen dutenen artean “alde handia” dagoela. Edozelan ere, udalerririk eskaldunenetan egin ohi dira aitorpen gehien euskaraz, lurralde batetik besterako zenbakiak nahiz ehunekoak “oso aldakorrak” diren arren.
Egoera soziolinguistikoa, ordea, ez da herritarren joera erakusten duen aldagai bakarra. Batzuetan alde handia dago euskaldun indizearen eta errenta euskaraz egiten dutenen artean. Dena dela, udalerririk euskaldunenetan egiten dira aitorpen gehien euskaraz, zenbakiak eta ehunekoak oso aldakorrak diren arren lurralde batetik bestera. Hori bai, Bizkaiko datuei erreparatuz gero, Lea-Artibaiko udalerriak ageri dira errenta aitorpenak euskaraz egitea erabakitzen dutenen zerrendaren buruan: Amoroto (%27,9), Mendexa (%23), Aulesti (%22), Ispaster (%18,7) eta Gizaburuaga (%16). Alde horretatik, UEMAren parte diren udalen ordezkariek herritarrei beren errenta aitorpenak euskaraz egitera animatzeko proposamena egin diete.
Prozedura.
Aitorpena egiteko proposamena telefonoz zein Internet bidez jaso ondoren, hura euskaraz egin gura dela adieraz dezakete herritarrek; modu horretara, aurrerantzean jasoko dituzten agiri guztiak euskarazkoak izango dira. Hitzordua modu mekanizatuan egin gura baldin badute, ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituztela adierazi beharko dute. Hala eskatuz gero, bai aurrez aurreko harremana, bai telefono dei bidezkoa, baita Internet bitartezkoa ere, euskarazkoak izango dira. Gainera, ogasunak sinatzeko ematen duen orria ere euskarazkoa izango da.
Internet bidezko kasuetan, errenta programaren euskarazko bertsioa instalatzea izango da lehendabiziko urratsa, eta hobetsitako hizkuntzaren atalean euskara hautatzea. Aholkularitzaren bat aukeratzen dutenek berariaz adierazi beharko dute aitorpena euskaraz egin nahi dutela. Beste moduren batean eginez gero (finantza erakunde batean, kasurako), hura euskaraz egiteko eskatzea ere posible da.