Errepublikarren memoria, gernikarren memoria "publiko eta kolektiboaren" baitan
Gaur (apirilak 14) 95 urte betetzen dira II. Errepublikaren aldarrikapenetik, eta hori gogoratzeko lore eskaintza egin dute Pipergorri Kultur Elkartekoek. Etzirako (apirilak 16) berbaldi edo solasaldia prestatu dute, bonbardaketen eraginean sakontzeko eta Durangoko bonbardaketari buruzko informazioa herritarren eskura jartzeko.
Memoriaren hilabetea da apirila Gernika-Lumon. Izan ere, apirilean bi urteurren esanguratsu gogoratzen dituzte udalerrian: Gernikako bonbardaketa eta II. Errepublikaren aldarrikapena. Hain zuzen ere, gaur (apirilak 14), II. Errepublikaren aldarrikapenaren 95. urteurrena betetzen da, eta hori gogoratzeko lore eskaintza egin dute Pipergorri Kultur Elkartekoek, 269 Memorialaren aurrean (Zalloko hilerrian) eta 269 Memoria Lekuaren (Gernika BHI aurrean, jatorriz gerra presoen ospitale militarra egon zen lekuan) aurrean.
Izan ere, gernikarren memoria “publiko eta kolektiboan” errepublikagaz konprometitutakoek jasan zituzten eta errepresio frankistagaz lotzen diren gertakariak gizarteratu gura izan dituzte Pipegorrikoek. “Gaur errepublika eguna da, apirilaren 14a. Orain dela 95 urte egin zen II. Errepublikaren aldarrikapena, eta kasualitatez, martitzena izan zen, gaurko legez. Gaurko ekitaldiak, beraz, urteurrena gogora ekartzeko, bi lore eskaintza egin ditugu. Zalloko 269 Memorialean agertzen dira Gernikako gerra presoen ospitalean hildako guztien izenak eta gogoan hartzeko jende pilo bat da hori. Beraz, guk lore eskaintza biekin gogora ekarri nahi izan dugu errepublikarrak hil zirela bertan, baita errepublikak berak eragina izan zuela udalerrian ere”, azaldu dute Pipergorriko kideek.
Horrez gain, eguna eta hitzordua aprobetxatu dituzte Gernika-Lumoko beste errepublikar batzuk gogoan hartzeko, eta horien artean bi nabarmendu dituzte: Juan Carlos Iturri Soroa eta Clemente Briñas Muga. Biak gernikarrak ziren, eta bonbardaketaren ostean preso hartu, Larrinagako kartzelara eroan eta Bilbon fusilatu zituzten. “Esanguratsua da errepublika denbora ezagutzea haren osteko errepresio frankista ulertzeko: Iturri eta Briñasen fusilamensuak, gernikar askoren kontrako sumarioak, depurazinoak, konfiskatzeak, eta errepresioko beste bitarteko batzuk”.

Hitzaldiak.
Errepublika egunaren bueltan, gaurko omenaldiez gain, etzirako (eguena) berbaldi edo solasaldia prestatu dute: El coste humano de los bombardeos. Durango 31M1937 hitzaldia eskainiko dute Jon Penche Gonzalez EHUko ikerlariak eta Jimi Jimenez Sanchez Gerediagako ikertzaileak kultur etxean, 18:30etik aurrera.
Penchek orokorrean Bizkai, Araba eta Gipuzkoako bonbardaketei buruz egingo du berba; zehatzago esanda, horiek ekarritako giza-kostuaren datuak azalduko ditu, bertan 36ko gerran hildako biktimen Gogoraren datu basea oinarri izanda. Jimenez durangarrak, aldiz, oraintsu argitaratu duen Memoria de la investigación sobre las víctimas mortales de los bombardeos del 31 de marzo de 1937 de Durango. Analizando fuentes y revisando datos (2025) ikerketaren emaitzak azalduko ditu. “Iaz amaitu zuen ikerketaren, analisiaren eta iturrien berrazterketa baten ondorioz egindako lan hori, eta horri buruz hitz egingo du, zenbat biktima, zenbat hildako izan ziren ere azalduz”, jakinarazi dute Pipergorriko kideek.
Beraientzako bonbardaketetan gertatutakoa “gogoan hartzeko elementua” da, bai Gernikan gertatutakoan sakontzeko, baina baita inguruko lekuetan zer gertatu zen jakiteko ere: “Durangoko bonbardaketak badauka bere eragina gure herrian; bere sasoian entzute handikoa izan zen, eta gernikarrentzako gerraren beste seinale bat izan zen, oso alboan gertatu zena”. Hala, Pipergorrik bonbardaketei buruzko informazioa gernika-lumotarren eskura jarri gura du.
