Inma Ruiz: estreinaldia, min hartuta, eta domina bi
Inma Ruizek bere lehen Europako Txapelketan zilarrezko domina bi lortu ditu. Min hartuta lehiatu arren, txapelketa "bikaina" biribildu du 800 eta 1.500 metroko lasterketetan.
Argazkia: Inma Ruiz. Bere estreinako Pista Estaliko Europako Txapelketan, Inma Ruiz atleta gernika-lumotarrak uzta ederra bildu du, Torunen (Polonia): zilarrezko domina bana poltsikoratu du W65 kategoriako 800 eta 1.500 metroko lasterketetan. Min hartuta lehiatu du txapelketa, “zalantza askorekin”, baina lor zitekeen “emaitzarik onena” eskuratu du.
Izan ere, duela zenbait hilabetetatik, izter eta aldaka aldean kontraktura bati aurre egin guran dabil Ruiz eta, hori dela eta, txapelketarako prestakuntzan “hainbat geldialdi” egin behar izan zituen: “Ez zen prestaketarik eraginkorrena izan, baina dena emateko asmoz joan nintzen Poloniara; emaitzak ikusita eta nire egoera fisikoa zein den jakinda, irakurketa positiboak baino ezin egin ditzaket”.

Argazkia: Inma Ruiz.
Proba bietan ala bietan, Karin Wahlstedt suediarra izan zuen aurretik Ruizek. 800 metroko lehian, bere “ohiko estrategiari” jarraituz, gernika-lumotarrak berak aurrea hartu zuen, eta proba erdian hartu zion aurrea Wahlstedtek. 02.47,04ko denboran gelditu zuen erlojua suediarrak, eta Ruizek, ostera, 02.50,40an; podiuma Cath Wheeler britainiarrak osatu zuen, 02.56,99ko erregistroarekin.
1.500 metroko neurketan, dinamikak errotik aldatu ziren: Wahlstedt izan zen probaren ardura hartzen lehena, eta gernika-lumotarrak bere erritmoari eusteko saiakera egin zuen. “Ondo nekien indartsuenak gu biok ginela, baina azkenean ni baino apur bat bizkorragoa zela igarri nuen”, azaldu du. Wahlstedtek 05.29,12ko denbora ezarri zuen; Ruizek, 05.33,23koa; Aurora Perez espainiarrak, berriz, 06.42,98koa.

Argazkia: Inma Ruiz.
Helburuak zehaztuta.
Pista estaliko denboraldiak bereak eman ditu. Hortaz, aurrerantzean, Ruizek aire zabaleko probak izango ditu begiz jota: “Egun batzuetan atseden hartu dut, eta orain apurka-apurka prestakuntzarako lasterketak lehiatzen ariko naiz. Helburua Aire Zabaleko Espainiako Txapelketetara sasoiko eta osasuntsu iristea izango da; kluben artekoa zein bakarkakoa lehiatuko ditut, ekainean eta uztailean”.