Gernikatik, elkartasunean oinarritzen den memoria eraikiz
Gernika Memoriaren Lekuko plataformak egitarau zabala antolatu du Gernika bonbardatu zuten 89. urteurrena gogoratzeko. Elkarlanean egingo duten memoria ariketa izango da, Gernikatik eraikitzen duten memoria elkartasunean oinarritzen delako. Hala, hilaren 17an (barikua) hasi eta bonbardaketaren urteurren egunean (domeka) amaituko den egitaraua prestatu dute.
Gernika Memoriaren Lekuko plataformak bonbardaketaren 89. urteurrenerako prestatutako egitarauaren aurkezpena Pasealekuan.Gernika Memoriaren Lekuk Apirilaren 26an 89 urte beteko dira Gernika-Lumo bonbardatu zutenetik, herria suntsitu zutenetik. Eta, ohi legez, Gernika Memoriaren Lekuko plataformak egitarau zabala antolatu du memoria egiteko, gertatutakoa gogoratzeko, Gernikatik eraikitzen duten memoria elkartasunean oinarritzen delako: “Memoria egunero egiten dugu, denok. Nondik gatozen adierazten ditu bai, baina zer garen ere esaten digu. Memoria mundua begiratzeko modu bat da. Eta, zalantzarik barik, guk Gernikatik eraikitzen dugun memoria elkartasunean oinarritzen da, justizian. Eta, aurten 89 urte betetzen dira nazismoak, faxismoak eta frankismoak Gernika bonbardatu eta suntsitu zutela”.
Beraz, ahotsa altxatzea “beharrezkoa” dela iritzita, urteurrenerako egitaraua prestatu dute hilaren 17an (barikua) hasi eta bonbardaketaren urteurren egunean (domeka) amaitu bitartean. Eta, tarte horretan, beste behin, Palestinako herria gogoan izango dute: “Gu beti egongo gara Palestinako herriarekin, eta bere aurkako genozidioa —gure aurka saiatu ziren bezala— beti gogoratuko dugu historiaren lekurik ilunenera eraman dezan Israelgo estatua”. Baina, Kurdistani ere begiratuko diote, baita Saharari ere, Gernikatik genozidioari ezezkoa adierazteko.
Aurtengo egitarauan, bi elementu azpimarratu dituzte plataformako kideek: urteurren egitarauan gero eta eragile gehiagok parte hartzen dutela eta Gernika Batzordearen 50. urteurrena. “Gernika Batzordeak 50 urte betetzen ditu. 1975ean Franco bizirik zegoela hasi zuen bere ibilbidea, baina modu ofizialean 1976ko apirilaren 26an jarri zuen bere abiapuntua”, gogoratu dute. Hortaz, aurten 50 urte beteko dira egia, aitortza, justizia, askatasuna, elkartasuna eta memoria eraikitzen lanean ari direla.
Bestalde, urteurren egitarau guztietan bezala, eragile gehiagok parte hartzen dute horren osaketan, izan ekimen propioak antolatuz —Zine Klubak eta Ernaik egin bezala—, izan senidetzeen bitartez elkarlanak aurrera eroanez; esaterako, Gernika Memoriaren Lekuko plataforma elkarlanean ari da Lleidako La Balarekin edo Eskuahaldunak eskultore elkartearekin.
Denetariko ekintzak.
Gernika Batzordea eta Gernika Garretan Kultur Elkartea apirilaren 26ko ekintza nagusiak koordinatzen aritu dira: sirena jotzea, antzezlana eta kandelen ibilbidea. Eta, esan dutenez, aurten hiru ekintzek Pasealakua izango dute iturburu. Izan ere, Gernika Batzordearen sirena bertatik piztuko dute Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiko ordezkariek, eta herri antzerkiak ere espazio hori izango du plaza nagusi. Bestalde, aurten, sirenen ibilbidea ere bertatik abiatuko dutela jakinarazi dute.
Baina, urteurren eguneko ekintza horiez gain, bestelakoak ere antolatu dituzte: dokumental eta film proiekzioak, mobilizazioak, liburu aurkezpenak eskulturen instalazioak edota solasaldiak. Denek ala denek helburu bera oinarri izanda, Gernikak “arduraz ea erantzukizunez jokatzeko betebeharra” duela uste baitute: “Gernikatik esatea dagokigu: Gernika gehiagorik ez, ez hemen ez inon!”
EGITARAUA.
Apirilak 17, barikua.
19:00. Hegazti erraldoia eskulturaren instalazioa, Eskuahaldunak Eskultoreen Elkartearen eta Gernika Palestina herri ekimenaren eskutik, Jose Labauria plazan. Hilaren 17tik 27ra ikusi ahalko da.
Apirilak 20, astelehena.
19:00. Urdaibai-Busturialdean garapen agentzia zergatik ez? Sakanako esperientzietatik ikas dezagun hitzaldia, Astran, Joseba Garmendia EHUko irakaslearen eskutik, Ipesek antolatuta.
Apirilak 21, martitzena.
19:00. All That’s Left of you (Izan ginen guzti) dokumentalaren proiekzioa, Zine Klubak antolatuta, Lizeo Antzokian.
Apirilak 23, eguena.
19:00. Urdaibaiko maleta liburu aurkezpena, Txema Garcia eta Iñaki Aurrekoetxearen eskutik, Ipesek antolatuta, Ajangizko kultur etxean.
Apirilak 24, barikua.
18:00. Mikel Begoñak Komikia eta Memoria Historiokoa hitzaldia eskainiko du Astran, Gernika Memoriaren Lekukok antolatuta.
20:00. Azken barikuko Etxera elkarreataratzea, Sare Gernika-Lumoren eskutik, Pasealekuko eskaileretan.
20:15. Gazte mobilizazioa, Ernaik antolatuta, Merkuriotik hasita.
Apirilak 25, zapatua.
12:00. Gernika eta Estatu frantziarra ibilbidea, Sare Gernika-Lumoren eskutik, Merkurion hasita.
17:00. Gernikaren herrritik: Genozidiorik ez! Gerrarik ez! mobilizazio nazionala Donostian, Gernika-Palestinak antolatuta.
Apirilak 26, domeka.
15:45. Sirena hotsa eta 4 minutu, Pasealekuan eta Astran, Gernika Batzordearen eta Loben eskutik.
21:00. Gernika Garretan kale antzerkia, Pasealekuan, Gernika Garretan Kultur Elkarteak antolatuta.
21:00. Manifestazioa kandelekin, Kandelen ibilbidea, Gernika Batzordearen eskutik, Pasealekuan hasita.