"Busturiak ez du bere historia ahaztu"
Busturiko Udalak Anjel Lekuona omendu du gaur [apirilak 13], Hradištkoko kontzentrazio esparruan fusilatu zutenetik 81 urte bete direnean. Jose Maria Uzelai ikastetxeko ikasleek lora-eskaintza egin diote.
Anjel Lekuona busturiarra omendu dute gaur [apirilak 13] Altamirako plazan, bere omenezko totemaren ondoan. 1945eko apirilaren 9an fusilatu zuten Lekuona, Hradištkoko (Txekiar Errepublika) Hirugarren Reich-eko kontzentrazio esparruan preso zegoela, 36ko gerraren ondorioz Frantzian erbesteratuta egon, eta bertatik deportatu ondoren. Omenaldian Busturiko Udaleko ordezkariek, Anton Gandarias Lekuonaren ilobak eta Jose Maria Uzelai ikastetxeko ikasleek parte hartu dute. Ikasleek lora eskaintza egin dute totemaren aurrean.
Totemaren aurrean agurra dantzatuta hasi dute ekitaldia. Segituan Gandariasek hartu du hitza, herriko ikastetxeko ikasleei Lekuona nor izan zen eta Busturiko herriak busturiarra omentzeko egindakoak azaltzeko. “Bere historia gogoratzen ez duten herriak hura errepikatzera kondenatuta daude”. Auschwitz- Birkenau kontzentrazio esparruan irakurri daitekeen George Santayana filosofo madrildarraren esaldi ospetsuarekin hasi du bere berbaldia Lekuonaren ilobak: “Busturiak esaldi hori bete du; Busturiak ez du bere historia ahaztu“.
Apraiz baserrian jaio zen Lekuona, omenaldia jaso duen plazatik gertu. 1937ko apirilaren 26an Gernika bonbardatu zutela gogoratu du Gandariasek, Busturiako zeruan hegazkinen joan-etorria etenik gabekoa izan zela zehaztuta: “Egun gutxira faxistak Busturian sartu eta hainbat lagun atxilotu zituzten. Horietako sei Derioko hilerrian fusilatu zituzten, abuztuaren 5ean”. Lekuonak Frantziara ihes egin zuen eta bertatik Kataluniara sartu zen, “faxisten aurka borrokatzeko”. 1939an baina, Katalunia faxisten esku erortzeagaz batera, Frantziara ihes egin zuen berriz, 500.000 lagunekin batera. Frantzian egon zen lanean, 1943an, erresistentziarentzat lanean ari zela egotzita Gestapok Pirinioetan atxilotu zuen arte.

Buchennwaldeko (Alemania) kontzentrazio esparrura eraman zuten Lekuona lehenengo, eta, Flossenbürgera (Alemania), gero. Bigarren kontzentrazio esparruaren adarretako bat zen Hradistkoko esparruan eman zituen bere azken egunak busturiarrak, bertan erail baitzuten 1945eko apirilaren 9an. Hamar egun beranduago, Lekuonaren gorpua Pragako Erraustegi Zibilera eraman zuten, Frantisek Suchy erraustegiko arduradunari gorpuak erre eta errautsak konpostera botatzeko agindua emanez: “Suchy jaunak ez zuen nazien agindua bete. Errautsak kutxetan gordetzen zituen, eta horregatik dakigu 2.200 lagunen errautsak eskutatu zituela. Errauts batzuk gordetzen zituen bakoitzean bere bizitza eta bere familiarena arriskuan jartzen zituen”.
Busturiaren lana. Busturiak Lekuonaren omenez egindako lanik garrantzitsuan haren “historia berreskuratzea” izan da: “2022an, hemen ikusi ahal dugun harri txiki hau, Stolperstein izenekoa jarri genuen. Horrek Lekuonaren bizi kontatzen du; Busturian jaio zela eta Hradistkon hil zutela”.
“Guk bagenekien Lekuona Hradistkon fusilatu zutela, eta horregatik, Busturia eta Txekiar Errepublikan dagoen herri txiki eta politarekin senidetze akordioa egin genuen. Guk, busturiarrok, neba-arrebak ditugu Hradistkon”, azpimarratu du Gandariasek. Gerora dokumental bat egitea otu zitzaiela gogoratu du, Oier Plaza gernika-lumotarraren laguntzagaz egin dutena. Iaz Pragan estreinatu zuten Popel ikus-entzunezkoak Busturian amaituko du bere ibilbidea, apirilaren 23an [eguena]: “Anjel Lekuona Busturiatik Pragara eraman zuten, eta dokumentala Pragatik Busturiara dator, Anjelekin batera”.