"Lekuonaren memoria Busturiko egiaren parte da"
1945eko apirilaren 10ean Hirugarren Reicheko kontzentrazio esparru batean fusilatu zuten Anjel Lekuona busturiarraren omenezko totema inauguratu dute gaur, Altamirako plazan. Besteak beste, oinarrizko giza eskubideen urraketak jasan eta askatasuna, demokrazia eta justizia soziala defendatzeagatik hil zituztenak gogoan izan dituzte ekitaldian.

Anjel Lekuona busturiarra omentzen duen informazio-ohola inauguratu, eta memoriaren aldeko konpromisoa berretsi dute gaur [otsailak 5], Busturiko Altamira auzoko plazan. Nazismoaren biktima izan zen Lekuona; deportatu eta Hirugarren Reicheko kontzentrazio esparru batean preso zegoela 1945eko apirilaren 10ean fusilatu zuten, Hradistkongo nazien kontzentrazino-esparruan, hain zuzen ere.
Busturia eta Txekiako Errepublikako Hradistko udalerriek senidetze ituna sinatu berri dute, eta gaurko ekitaldiagaz herriko memoria historikoa ikertzeko eta berreskuratzeko lanean, udalak “beste pauso bat eman” duela azpimarratu dute. Jende asko batu da goizeko ekitaldian; Lekuona familiakoak, udaleko memoria historikoaren batzordeko kideak, senidetze batzordeko kideak, Busturiko Jose Maria Uzelai Eskolako ikasle, irakasle eta gurasoak, busturiarrak, eskualdeko hainbat herritako udal ordezkariak, Gernikazarra Memoria Taldeakoak, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea egon dira, besteak beste.

Aitor Aretxaga Busturiko alkatea eta Libor SeÄka Txekiar Errepublikak Espainian daukan enbaxadorea.
Anton Gandarias Lekuonaren lobak gogoratu duenez, bere osaba Apraiz baserrian jaio zen, Altamirako plazatik gertu. Senidetzearen garrantzia azpimarratu du: “Bi herriek pairatu zuten min hori faxismoaren eta intolerantziaren kontrako batasun bihur dadila gura dugu, eta Busturia eta Hradistko elkarrekin ibil daitezela bakean eta adeitasunean oinarritutako mundua lortzeko, munduko beste herrientzat eredu. Hradistko herriari eskerrak eman nahi dizkiot senidetze akordio hau lortzeko erakutsitako ahalegin eta ilusioagatik, harreman kultural adeitsuak sortuko direlako, Hradistkoko biztanleek nazien okupazioan jasan behar izan zuten oinazeak baita Busturiko biztanleek frankismo garaian jasan zuten min berak markatuta”.
Lekuonaren memoria gordetzeko borrokatu zutenen ausardia goraipatu du Unai Egia ikertzaileak: “Horien artean dago Gregorio Uranga, familiari jakinarazi zion Lekuona Hradistkon hil eta Pragan erraustu zutela”.
Aitor Aretxaga Busturiko alkatearen hitzetan, “egun historikoa” da Busturiarentzat: “Pertsonen memoria herri baten nortasunaren parte da, beharrezkoa da nortzuk garen jakiteko eta geure ibilbidea eta etorkizun pertsonala eta kolektiboa markatzen ditu”. Lekuonaren memoria Busturiko “egiaren parte” dela esan du. Ekitaldi horregaz memoriagaz, bakeagaz eta balio demokratikoakaz daukaten konpromisoa berretsi dute: “Gaur ere Lekuona bezala bide barik bizia galdu zutenen duintasuna aitortu, omendu eta berreskuratu gura dugu. Hala ere, Lekuonaren eta 36ko gerran Busturian fusilatutakoen memoriaren ezagutza eta aitortza publikoa ez lirateke posible izango tokiko memoriagaz konprometitutako herritarren inplikaziorik eta lanik barik”.
Egiaren eta Gandariasen ikerketa lanak goraipatu eta eskertu ditu alkateak, eurak baitira senidetze proiektuaren “bihotza eta motorra”. Gertatu zena ezagutarazteagaz harago, elkarlanerako etorkizunera begira jarri dituela adierazi du.
Halaber, Aretxagak aipatu legez, bi herriok gauza askok batzen ditu, memoria historikoak eta bakea eraikitzeko nahiak, besteak beste. Azpimarratu du Busturian bakearen kultura eraikitzeko lanean ari direla, eta hori egunerokotasuna bultzatzeko eta aberasteko eta belaunaldi berriak hezteko konpromisoagaz ari direla: “Balio baketsu eta demokratikoekin ari gara eta senidetze proiektuan partekatuko ditugu. Proiektua aberasgarria izango da bai arlo kulturalean bai arlo sozialean bai ekonomikoan. Kultura demokratikoan sakontzeko aukera, borondatea eta erantzukizuna daukagu. Bakean eta elkarrizketan oinarritutako bizikidetza funtsezkoa da gizarte justua eta berdinzalea eraikitzeko. Ekitaldi honegaz gerren basakeria sufritu duten eta egun jasaten duten pertsonen oroimena ere modu solidarioan omendu dugu. Busturiak mundura ere begiratzen du, eta, tamalez, historiaren eta hainbat gerren izugarrikerien ezagutza ez dira nahikoa izan gerra gehiago ekiditeko. Mundu osoak bakea gura du, gaur inoiz baino beharrezkoagoa. Horretarako ezinbestekoa da herrialdeen arteko harmonia. Parkamena, errekonozimendua, hausnarketa eta ezagutza funtsezkoak dira bakea babesteko”.
Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak nabarmendu du omenaldian nazismoaren biktima guztiak omendu gura izan dituztela: “Kontzentrazio esparruak eta nazien sarraskia hemen bertan izan ziren, Busturialdean; 1937ko apirilean Gernikako bonbardaketa odoltsuarekin hasi zen munduko gatazka baten zentzugabekeriaren amaiera”.
Memoriaren politika publikoen arduradun legez azaldu du Lekuonaren memoriak lekua daukala memoria kolektiboan: “36ko gerraren zein Bigarren Mundu Gerragatik bizia galdu zuten beste hainbat pertsona sinbolizatzen ditu. Oinarrizko giza eskubideen urraketak jasan zituzten pertsonak dira askatasuna, demokrazia eta justizia soziala defendatzeagatik hil zituzten”.
Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutuaren ikerketen datuen arabera, 253 euskal herritar nazi-eremuetara deportatu zituzten, eta horietatik ia %50 horietan hil ziren edo zituzten. Horien artean dago Lekuona: “Biziraun zuten gutxietako asko hilabete edo urte batzuen buruan hil ziren, eremu horietan muturreko egoeretan egotearen ondorioz. Gure ahalegina da pertsona horiek jasandako bidegabekeriak argitaratzea eta haien oroimena transmititzea, biktimen duintasunaren aldeko memoria, gizarte hobea, justuagoa eta demokratikoagoa eraikitzeko memoria. Hori da gure helburua. Desberdinen arteko bizikidetza baketsua posible izango den gizartea. Anjelentzat eta nazismoaren biktima guztientzat agur eta ohore”.
Libor SeÄka Txekiar Errepublikak Espainian daukan enbaxadoreak Busturia eta Hradistko udalerrieen senidetzeari babesa agertu, eta arrakasta opa diela esan du: “Plazerra eta ohorea da gaur hemen Lekuonaren oroitzapenezko ekitaldi honetan egotea. Iraganean batzen gintuzten lazoak sendoak eta irmoak direla erakusteko nago hemen, eta etorkizunerako lankidetzarako oinarria sortu dute. Busturiko heroia gogoratu dugu gaur, eta baita Pragako errausketa-labearen kudeatzailea ere, bertan hildako 2.000 pertsonen zerrenda osatu eta errautsak ezkutatu zituelako, eta, horrela, memoria kontserbatu zuelako. Nazien presiopean bere gizatasuna erakutsi zuen heroia izan zen. Biak izan ziren heroiak euren eremuetan, biek erasoen eta ezinegonen kontra borrokatu zuten, eta ausardia, solidaritatea eta gizatasuna erakutsi zituzten. Eta hori da txekiarrak eta euskaldunak batzen gaituena”.





















































































