Armagabetze nuklearrerako mezua
Bizkai, Araba eta Gipuzkoan Arma Nuklearrak Debekatzeko Itunean (TPNA) atxikitu den lehenengo udala izan da Gernika-Lumokoa. Hori dela eta, herritarrak gai horri buruz interpelatzeko elementua kokatu dute Foruen plazan.
Armagabetze nuklear baterako bidean aurrera egin gura du Gernika-Lumok. Eta, Gernika Gogoratuzek otsailaren 25ean aurkeztutako mozio baten ondorioz, tokiko mailan, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan, Gernika-Lumoko Udala izan da Arma Nuklearrak Debekatzeko Itunean (TPNA) atxikitu den lehenengo udala. Itunak legezko arauak ezartzeaz gain, “duintasunean, justizian eta itxaropenean” oinarritutako armagabetze nuklear baterako bidea irudikatzen du. Hori dela eta, atxikimendua adierazteaz gain, Foruen plazan totem bat jarri dute, 1937ko bonbardaketaren memoria eta gaur egungo indarkeriaren eta arma nuklearren arbuioa lotzen dituena. Keinu instituzional horrek herriak memoriaren inguruan duen nortasun politikoa indartzen duela adierazi dute udal ordezkariek.
Herritarrak interpelatzeko elementua dela argi diote, totem hori ez dela dekorazio elementua esanda, ez eta erakusketa baliabide soila ere: “Interpelatzeko pentsatutako pieza bat da. Data, gainera, ez da neutroa. Ekimena 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketaren 89. urteurrenaren aurreko ekitaldietan kokatzen da. Izan ere, horrek foru-herriaren izena suntsipenaren eta, denborarekin, bakearen sinonimo global bihurtu du”.
Panelak mezu argia zabaltzen du, hiru hizkuntzatan (eusakraz, gaztelaniaz eta ingelesez): arma nuklearrak mehatxu estrategikoa izateaz gain, “arrisku sistematikoa” ere badirela gizartearentzat. “Arma nuklearrek gizateria osoari eragiten diote, eta pertsona guztien erantzukizuna da mehatxuen eta segurtasun motaren bat ematearen ideia zentzugabearen aurka egitea”, dio. Beraz, erantzukizun kolektiboa eskatzen du disuasioan oinarritutako segurtasun logikari aurka egiteko.
Instalazio horrek “diskurtso zabala” zabaltzen du, eta udaletxeko kanpoaldean jarritako Gerrarik ez dioten kartelekin batera. Udal ordezkariek diotenez, mezu horiek mezu bakezaleek espazio publikoan duten presentzia indartzen dute: “Kokapena ez da kasualitatea. Denek ala denek ardatz sinbolikoa ezartzen dute herriaren bihotzean. Memoria orainaldira begira dagoen argudio gisa proiektatzen da”. Izan ere, uste dute gogoratu egin ebhar dela, baina “ez oroitzapenezko ariketa gisa” bakarrik, baita eztabaida garaikidean esku hartzeko modu gisa ere.