5.000 bisitaritik gora hartu ditu Santa Katalinak
Musutruk Mundakak diru bilketa abiatu du, Santa Katalina ermitaren konponketa bultzatzeko.
Bermeoko Abesbatzaren emanaldia, Santa Katalinan.Musutruk Mundaka Musutruk Mundakak hainbat kultur egitasmo atondu ditu Santa Katalinan, baselizaren birgaitzea sustatzeko eta haren inguruko aisia zein interesa bultzatzeko. Antzerkitik zuzeneko musika saiora edota xake txapelketa herrikoira, denetarikoak antolatu dituzte. Azken bi ekimenak, hain zuzen, iragan asteburukoak izan dira: zapatuan [apirilak 11], 13:00etan hasita, Bermeoko Abesbatzak ermitan bertan kontzertua eman zuen. Emanaldi “zoragarria” izan zela nabarmendu dute antolatzaileek. Abesbatzaren saioa, gainera, ez da asteburuko hitzordu bakarra izan. Domekan [apirilak 12], baselizaren aldeko azoka herrikoia egin zuten, 12:15ean.
Hala herritarrek, nola bisitariek bikain erantzun diote antolakuntzaren deialdiari. Izan ere, Aste Santuko oporraldian, 5.000 lagunetik gora pasatu dira Santa Katalinatik; bisitaldi gidatuak nahiz eskualdeari buruzko informazio turistikoa eman dituzte, halaber. Bestalde, baselizaren konponketa bultzatu gura dute elkartekideek; 100.000 euro lortzea da Musutruk Mundakaren jomuga nagusia. Herritarrei “irtebidearen parte” izateko eskaria luzatu diete, eta, ekarpen ekonomikoak egiteko, ES90 2095 0130 24 9016854250 kontu korronte zenbakia plazaratu dute; ekarpena egiterakoan, Santa izena jartzeko eskatu dute. Ez hori bakarrik: maiatzeko bigarren asteburuan, Musutruk Mundakak bere ibilbideko lehen urtea beteko du, eta “ezustekoz beteriko jai handia” egingo dutela iragarri dute.